Iruñea zer den ez dakite Pamplonan

Saioa Alkaiza

Zein da Pamplona-ren beste izen ofiziala?” Hori da Espainiako telebista kate bateko lehiaketa ezagun batean parte hartzaileetako bati egindako galdera. Laguntzeko, bi hizki eman zizkioten, r eta ñ, eta 30 segundo. Aipatu beharrekoa da Nafarroari buruzko saio berezia zela eta lehiaketa herrialdearen bueltan antolatu zutela: Nafarroari buruzko galderak ziren. Ez hori bakarrik: lehiakide guztiak nafarrak ziren. Bai, Nafarrak. Are zehatzago, Pamplona Iruñea dela ez dakien mutila Noaingoa da. 30 segundoen amaieran, Tafalla esan zuen, erdi ahopeka, asmatu nahian-edo. Tafalla.

Sare sozialetan bolo-bolo dabil gaia. Propio egindako akatsa dela diote askok: hark okerra eginda, beste lehiakide batek eraman zuen botea, eta, txiolari batzuen aburuz, baliteke bien artean egindako tratu baten ondorio izatea, botea eraman eta dirua banatzeko. Trukatuta zegoela, alegia, adostua. Batek daki. Esanak esan, entzun eta senaren parte batek altu eta ozen honako hau esaten badizu ere: “Bai, zera, ezinezkoa da hori ez jakitea; non bizi da, Marten?”; badago beste arantzatxoren bat, kontzientziaren ernamuinen bat, harrotzen dena, eta berriz ere zalantza sortzen dizuna. Ez zait ezinezkoa iruditzen Pamplona-n bizi den norbaitek Iruñea zer den ez jakitea.

“Bi komunitateen arteko harremana irudi batean laburbilduta”, idatzi zuen Twitterren Santi Leonek. Une horrek Nafarroako munduen arteko amildegia islatzen zuela zioen. Arrazoia dauka, programa bera egia zein gezurra izan, sintomatikoa da errealista iruditzea gutako askori.

Orduan, neure buruari begira jarri naiz. Lehengusina bat daukat oraindik Erribera ez den baina oso gertu dagoen herri batean bizi dena. Gaztelaniazko eredua baino ez daukate eskolan. Euskara ez da existitzen ia. ETB ez da iristen, bai ordea Tele Rioja. Memoriak atzera egin du: nik 9 urte dauzkat, eta 7 berak. Lurrean etzanda zer edo zer marrazten ari gara, udako bero sargoriak kalea sutan ipini bitartean, haren etxean. Futbol irudiak dira izkiriatzen ari garenak, ateak eta zelaiak, eta talde bakoitzari haren herrialdeko ikurra ipini diogu. Ikurrina marraztu dut nik, berde-zuri-gorri. Albotik esan dit: “Ez da horrela. Gaizki egin duzu. Ingelesena urdin-gorri-zuria da!”. Britania Handikoa marraztu nahi nuela pentsatu zuen. Nik ez nion erantzun.

Beste oroitzapen bat: herrian gaude. Goxokiak saltzen dituen gizona ez da hemengoa. Hemen Erriberatik gertu da. Aitatxi-amatxi hizketan ari dira, eta abuztuaren hondarretan egonen gara, ni ere bertan nago-eta. 10 bat urte izanen ditut. Aski jatorra iruditzen zait goxokiak plazako etxola txiki batean saltzen dituen gizona. Nik “eskerrik asko” eta “agur” esaten diot, berak “tori beste txikle bat” xuxurlatzen dit tarteka-tarteka, eta irribarre egiten dit. “Es un buen tipo, el vasco“, esan du aitatxik, eta amatxik esan dio baietz, eta ez dakiela seguru nongoa den, “de las montañas” ingurukoa dela uste duela.

Esne-hortz guztiak erori gabe eta belaun buruak oraindik urratuta neuzkala, bi munduen arteko zubi sentitu nintzen.