Edurne Elizondo
Etorkizunari so egin nahi dio Sofia Alvarez de Eulatek (Getxo, 1966). Psikiatra da Basurtuko Ospitalean, eta Hego Euskal Herriko psikiatren presidente, joan den astetik. Ontzat jo du elkarteak orain arte egindako lana, baina aurrera begira jorratu nahi duen hainbat arlo nabarmendu ditu.
Zein da Hego Euskal Herriko Psikiatria Elkartearen lana?
Badira hainbat elkarte nazional, bai eta nazioartekoak ere, baina hau sortu zen talde hurbilago bat izateko asmoz, kontuan izanen zituena gure ezaugarriak, gure berezitasunak eta gure kezkak. Kontua zen, halaber, elkar ezagutzea. Ez gara gutxi, ezta hainbertze ere. Esparru publikoan ari dira batzuk, pribatuan bertze hainbat, eta badira bietan lan egiten dutenak ere. Elkartean errealitate horiek guztiak jaso nahi genituen.
Presidente kargua eskuratu berri duzu. Zer lan ildo jorratu nahi dituzu?
Ni kontent nago aurretik egon direnek egin duten lanarekin, eta, ondorioz, ez dut asmorik haustura ekarriko duen bide berririk jorratzeko. Nork bere egiteko moduak erakusteko gogoa izaten ohi du, halere, eta nik ere hiru arlo nagusi nabarmendu nahi ditut orain hasiko dudan bidean.
Zeintzuk dira arlo horiek?
Batetik, gazteengana hurbildu nahi dut. Elkarteak aurrera jarraituko duela eta belaunaldi berriek proiektuarekin bat eginen dutela bermatu nahi dut. Bigarrenik, sarea osatu nahi dut, eta bat egin Espainiako Neuropsikiatria Elkarteko hemengo taldearekin. Uste dut baditugula interes komunak eta sor daitezkeela espazioak partekatzeko. Hirugarrenik, interes handia dut gizarte eragileekin, elkarri laguntzeko taldeekin eta psikiatriaren arloko bertzelako baliabideetan ari direnekin bat egiteko. Elkarren osagarri izan gaitezke, eta aukera izan dezakegu estrategia komunak zehazteko. Uste dut gizarteak zer erran baduela osasunaren arloak hobera egin dezan.
Nafarroan Mejorana elkartea osatu dute buruko osasuneko zerbitzuetako erabiltzaileek. Ahaldundu nahi dute, eta kritiko dira egungo psikiatria ereduarekin. Zer deritzozu?
Argi dago mundua aldatzen ari dela, eta aldaketa horiek ekartzen ari dira erabiltzailea protagonista bilakatzea, gero eta gehiago. Nik argi dut hagitz garrantzitsua dela jakitea eta ezagutzea erabiltzaileek psikiatron lanari buruz zer iritzi duten, zer-nolako pertzepzioa. Funtsezkoa da hori aurrera egin ahal izateko. Nik uste dut gaur egungo gazteek, adibidez, erantzun azkarragoak eta malguagoak espero dituztela gure aldetik. Ez dela nahikoa beren beharrei erantzuteko ez dakit zein egun eta ordutarako hitzordua zehaztea. Eta sentsazioa dut profesionalok atzetik goazela, kostatzen ari zaigula erritmo berri horietara egokitzea. Uste dut sentsibilitate kontuetan badugula ahalegin bat egiteko, eta saiatu behar dugula horretan.
Erabiltzaileek, anitzetan, salatzen dute gehiegizko paternalismoa dagoela eta profesionalen eta erabiltzaileen harremanetan orekarik ez dagoela. Eredua aldatzeko ordua da?
Argi dut erabiltzaileen iritziak kontuan hartu behar ditugula, eta haiek egiten dituzten kritiketako zenbaitek badutela benetako oinarria. Ona da gure lanarekin erabat kontent ez egotea, hobetzeko prest egotea beti. Interesgarria iruditzen zait sor daitekeen eztabaida, beraz. Gainera, inportantea da eztabaida horiek erabiltzaileen artean gertatzea, orain arteko elkarte gehienak erabiltzaileen senideek osatutakoak baitziren. Ez dut erran nahi beharrezkoak ez direnik. Baina erabiltzaileek ere badute zer erran, noski. Mahai bereko hankak dira denak. Denak hartu behar ditugu kontuan hobera egiteko.
Psikiatrok autokritika egiteko prest zarete?
Nik uste dut baietz. Nik uste dut gure ezaugarrietako bat dela badakigula bertzeek errateko dutena entzuten. Ez dut erranen beti dagokigun maila ematen dugunik, baina interesa badugu, eta gogoetarako gaitasuna ere bai.
Mahai gainean da buruko osasuneko gaixoak ohera lotzeko sistemen erabilerari buruzko eztabaida. Erabiltzaileak erabat kontra dira. Zu?
Uste dut erabiltzaileek mahai gainean jarri duten eztabaidak eta kezkak erabat justifikatuta daudela. Ohera lotzeak, argi eta garbi, pertsonaren askatasuna mugatzen du, eta muga fisiko bat ezartzen dio. Beraz, serio hartzeko moduko kezkak dira. Zoritxarrez, hainbat kasutan, ohera lotzea izan daiteke dauden aukera txar guztien artean kalte gutxien eragiten duena. Baina ezin gara horrekin konformatu. Alternatibak ongi aztertu behar ditugu, eta, erabiltzen badugu, berme guztiekin erabili. Ez naiz legeaz ari bakarrik. Zaintzaz ere bai. Erabiltzaileentzat esperientzia erabat traumatikoa izan daitekeelako. Gaia mahai gainean jartzea ona dela uste dut.
Psikiatren artean ere bada gai horri buruzko eztabaida?
Uste dut sentsibilitate ezberdinak daudela, eta iritzi ezberdinak. Baina erabiltzaileek jasotzen duten arreta ezin da batzuen edo bertzeen iritziaren menpe egon. Protokoloak prestatu behar dira halako sistemen erabilerari buruz, eta ongi zehaztu nola egin. Edonola ere, ezin ditugu halakoak ohiko bilakatu.
Oraindik ere, estigmak indar handia du buruko osasun arazoak dituztenen kasuan. Psikiatriak zer egin dezake horri buelta emateko?
Denok egin dezakegu hobera gure arloetan, baina nik uste dut estigmaren auzian gizartearena dela erruaren zatirik handiena; gizarte gisa huts egin dugula. Gure gizarteak, oraindik ere, baztertu egiten ditu buruko gaitzak dituztenak eta bertze edozer gauzagatik ezberdin diren bertze anitz. Horrek kezkatzen nau. Ezberdintasunak aberasten gaituelako, eta karrika, finean, denona delako.
Hil honen 10ekoa izan zen adimen osasunaren eguna. Erakundeetatik etengabekoak dira osasun fisikoa hobetzeko mezuak; adimen osasunarekin bada kezka?
Ez hainbertze. Hori egia da. Denok dakigu eskuak garbitu behar ditugula, gutxieneko ordu kopuru bat egin behar dugula lo, baina buru adimenaren osasuna zaintzeko gutxieneko neurriak ez ditugu ezagutzen. Ez dakigu bakardadeak, ez badugu guk erabaki, min egiten ahal digula; ez dakigu zerbaiten parte sentitzeko beharra dugula; proiektuak eta konpromisoak behar ditugula osasuntsu egoteko.
Eta baditugu beharrezko baliabideak?
Nik uste dut ez gaudela gaizki. Zer hobetu bada, noski. Batez ere, zenbaitetan malgutasuna faltan dugula iruditzen zait; eta huts egiten dugula, gainera, hainbat eragileren parte hartzea behar denean; hau da, hezkuntzaren, enpleguaren edo arlo sozialaren bertzelako baliabideekin aritu behar dugunean, adibidez. Lanean jarraitu behar dugu.