Lohizune Amatria
Iritsi da udazkena. Benito Lertxundi jarri dute irratian; eguraldiari tarte luze xamarra eskaini diote telebistan, eta sare sozialetan Iratiko oihana bisitatzeko gonbita egin dute. “Irati, Pirinioetako oihan magikoa. Udazkeneko plazera. #Bidaiatu. #Ezagutu“. Arrazoirik ez zaio falta tituluari: ederra jartzen da Iratiko oihana hori, gorri, laranja eta marroi kolorez tindatzen denean. Eta, bisita egitea erabaki duzun egun horretan eguraldi ona egiten badu, gainera, mirari bilakatzen da bidaia.
“Irati, argazkigintzaren paradisua. #Izugarria. #Bilatu. #Aurkitu“. Ez da zaila, ez, Twitterretik hartutako beste mezu horrek dioena egitea. Irati bilatu eta aurkitzea erraza da; Iruñetik ordubetera baino ez dago. Errepidea oso ona ez dela esango dizuete zenbaitek; baina lasai, Iratiko oihanak merezi du, “#izugarria” baita.
Mendietako zuhaitzen eraldaketari erreferentzia eginez, “udazkeneko sorginkeria Nafarroako Irati oihanean”, zioen beste mezu batek. Sorginkeria zeinek eragin ote duen galdegin diot neure buruari hura irakurtzean. Aldaketa ez baita soilik zentzu horretan izaten. Iratin ez da dena hori, gorri, laranja eta marroi kolorekoa. Oraindik ere sare sozialetan batera eta bestera dabiltzan artikuluak auto ilara luze bihurtu dira azken asteotan. “#Turismoa“.
Bai bertakoentzat eta bai bisitarientzat ere eremu deseroso bilakatu da parajea. Orduak eman behar izan dituzte gidari askok zain; zenbait, gainera, Iratira sartzeko aukerarik gabe geratu dira, eta autoarekin buelta emateko egin dute ilara. Argazki idilikorik gabe itzuli dira etxera. Iratik bi sarrera ditu, Otsagabikoa eta Orbaizetakoa. Bigarren horretan egon nintzen ni udazkeneko lehenengo zubian, eta lehenengo pertsonan bizi izan nuen sortu zen auto-ilaretako bat.
Arratsaldeko zazpi eta erdiak ziren. Nahita, berandu xamar igo ginen portura, bordara jaitsi behar genituen ardi batzuen bila. Baina autokarabanekin eta furgonetekin lo egiteko prestatuta dagoen Arrazolatik pasatzean zanpatu behar izan genuen frenoa. Hirietan ohikoagoa izaten den irudia genuen aurrean: aparkatzeko tokirik ez, eta gidari zenbait haserre aurpegiarekin. Guri ere aldatu zitzaigun aurpegia egoera horren aurrean. Tarte batez zain egon ondoren, baina, jarrera hori lagungarria ez dela konturatu nintzen.
Gero eta ohikoagoa den eszena da kolapsatutako Irati oihanarena. Gaur egun, eremu honek ez du hainbeste turista hartzeko azpiegiturarik. Baina, eskualdearen gainbehera kontuan izanda, besteen artean, beharrezkoa du turismoa. Hortxe arazoa: bertakoek eta turistek lilura galdu dute egoeraren aurrean. Denen arteko elkarbizitza eta oreka bilatu beharko da, beraz.
Zaraitzuk aurreratu du jada aparkaleku handiago bat egiteko nahia. Iruditzen zait, baina, izozmendiaren puntan dagoen arazoa konpontzeko neurrietako bat izango dela planteatu duten hori. Muinera jo beharko da irtenbidearen bila, eta, lan horretan, bertako bizilagunak, instituzioak eta Nafarroako Gobernua eta Landa Garapenerako departamentua beharko ditugu.