Iker Tubia
Mañueta plazan sortua da Odei Ruiz, Iruñeko Alde Zaharreko bizilaguna. Gogoan du txikia zenean jende asko joaten zela merkatura. Bestetan eta larunbatetan jende gehiago ibiltzen zen auzoan, baina normalean “lasaiagoa” zen Alde Zaharra. “Auzo bat zen, besteak bezala”. Parkerik edo futbol zelairik ez zutenez, Burguen plazan aritzen ziren jolasean, lau jertserekin ateak sortuta. Frontoian ere aritzen ziren ijitoekin. Orain, 26 urte ditu. Merkatuaren goiko partean supermerkatua eta kafe antzokia daude lehen postuak ziren tokian, futbol zelai inprobisatua ostatu baten terraza bihurtu da, eta baliteke hari begira hostel erraldoi bat izatea hemendik gutxira.
Kezka piztu da Alde Zaharrean. Kezka bazen, masifikazioak eta onddoak bezala ugaritu diren tabernek sortu duten egoerarengatik, baita betiko dendak irentsi dituzten saltoki handiengatik ere. Orain, beste proiektu handi baten itzalaren beldur dira, eta kalera atera dira Unzuren eraikinean sortu nahi duten aterpetxe erraldoiaren aurka. Ostegunero, elkarretaratzea egiten ari dira Udaletxe plazan, eta bertan agertzen dituzten karteletan irakur liteke arazoaren muina: “Alde Zaharra ez dago salgai”.
Dirudienez, 275 ohatze eskainiko ditu Unzun egin nahi duten aterpetxeak. Hasiera batean multinazional baten esku zen proiektua, baina, zarata hastearekin batera, Espainiako enpresa baten esku geratu da. Ereduarekin ere zalantza handiak daude. Hasieran, erromesentzat zen, eta, orain, familientzat omen da. Alde Zaharrean Bizi elkartea berehalaxe atera da kalera, sinadurak biltzen ari da, eta hasi zaizkie elkarte gehiago batzen. Bide beretik, Iruñerrian aterpea eskaintzen duten 58 negoziok proiektuaren aurkako idatzi bat sinatu dute.
AZ Ekimena taldeak auzo ereduari buruzko jardunaldiak egin berri ditu. Bertan, Unzuko aterpetxearen kezka agertu da. Auzoan diren arazoen zerrenda egin zuten, eta lehentasunen arabera sailkatu. Jardunaldietan parte hartu zuten ehun bizilagunen aburuz, Unzurena lehentasunezko afera da. Hala, ostalaritza, masifikazioa eta turismoa landuko dituen talde bat martxan jartzea erabaki dute. “Auzokideen plataforma bat osatzea erabaki dugu, ez dadin soilik Alde Zaharrean Biziren kontua izan. Kezka handia dago, eta, proiektua gelditzen saiatzeko, modu kolektiboan aritu behar gara”, azaldu du Tomi Iragi AZ Ekimeneko kideak. Orain, indarrak biltzeko lanean ari dira. “Hostel-a lehentasunezko eta urgentziazko afera da, eta aktibatu beharra dugu”.
Alde Zaharrean Bizi elkarteak agudo erreakzionatu du. Hiru urte daramatzate auzoan dauden arazoen aurka borrokan. Bertako kidea da Ana Diez de Ure, eta, hark dioenez, egindako lanari esker auzokideen artean kontzientzia piztu da, eta horrek ahalbidetu du protestetan jende gehiago biltzea. Dioenez, azken 30 urteetan eraiki den aterpe negoziorik handiena litzateke. Iruña Park izan zen azkena. Izan ere, 275 lagun sartuko lirateke, Alde Zaharrean dauden aterpetxeetan sartzen direnenak, udalaren aterpetxeak aintzat hartuz. “Erabateko masifikazioa dago. Tabernekin erabat apurtu da oreka, eta honekin are gehiago apurtuko da. Hau erokeria da”, kexu da Diez de Ure.
Haren aburuz, auzoko egoera makurtu baizik ez luke eginen horrelako proiektu handi batek. Gainera, proiektuari atea irekita proiektu erraldoi gehiagori atea irekitzen ahal zaiolakoan dago. Horrelako proiektuak hartzen dituen auzo ereduaren aurka agertu da, ez dutelako urte osoko sanferminik nahi: “Turismoa ongi dago, baina neurrian eta auzoa errespetatuta. Honekin, behar ez dugun turismo mota bat etor liteke. Ikusten dugu sanferminak zer diren, zer den beste hirietan dagoen turismoa, eta hori ez dugu nahi”.
Barneraino sartu dira
Ruiz ere kezkaturik agertu da egoerarekin, eta horrek eraman du protestetan parte hartzera. “Beharrik ez badago, negozioa egiteko nahia dago atzean. Aterpetxea izanda, kontsumo handia eginen duen jendea erakarri nahiko dute. Alde Zaharra festa egiteko tokia bihurtu baita”, esan du. Hori, auzokideen lepotik, edo haiek kontuan hartu gabe. Haren aburuz, auzoa interes pribatuen arabera antolatzeko plana 1990eko hamarkadan hasi zuen UPNk. Antolaketa “serioa” eta “orokorra” egin zutela dio. “Pixkanaka sartu dira inbertsore pribatuak, eta barruraino sartu dira. Antolaketa horren zatirik handiena egina dago”.
Atzera egiteko ezintasunaren aurrean helburua aurrera egiten ez uztea izan beharko lukeela uste du. Horretarako, mobilizazioa da tresnarik eraginkorrena haren ustez. “Instituzioak mugitzeko beharra dago, eta, mobilizazioaren bultzadarekin, errazago jar daitezke mugak”. Baina mobilizazioa ez dago Euskal Jai gaztetxearen aldeko edo Gaztelu plazako aparkalekuaren kontrako garaietan bezain sasoiko. Diaz de Urek uste du batzuk lokarturik daudela, baina, era beran, ohartarazi du 2006tik tabernak ugaritzen hasi ziren urtetik bizilagunen %13 galdu dituela Alde Zaharrak. Jendea galtzen ari dira.
Ez dira bizilagunak proiektuarekin kezkaturik dauden bakarrak. Aterpetxe txikiei zuzenean eragin diezaieke; beraz, Jimmi Errea Katedral Enparantza aterpetxeko jabea buru-belarri ari da proiektu erraldoiaren aurka lanean. Azaldu duenez, sanferminei esker jarraitzen dute aurrera. “Orain, bost hilabetez, ia ez da erromesik pasatzen hiritik. Ez dago horrelako munstro bat eraikitzeko eskaririk. Iruñearentzat neurriz gabekoa da”, dio. “Familiei dagokienez, urritik Aste Santura bitartean ez dago turismo askorik; aste tartean askok ixten dugu”. Horregatik, eta diseinatu duten moduagatik, Erreak argi du aterpetxe erraldoiak kostu txikiko turismoa bultzatu nahi duela. “Prezioak jaitsita, gainerakoak txikitu nahi gaituzte. Behin sartuta, gainera, ezinezkoa izanen da kanporatzea”.
Egoera horretan, Iruñeko Udalak ez du erabat argitu bere jarrera zein izanen den. Joxe Abaurrea Iruñeko Hirigintza zinegotzi eta alkateordeak dioenez, egoera “konplexua” da. “Udalak lizentziak ematerakoan ez du iritzirik. Lizentziak ekintza arautuak dira; ez dago ezetz esateko biderik, soilik legezko kontrola egin daiteke”, esan du. Hala ere, aurretik turismo plan estrategikoa prestatzen ari direla gogorarazi du, turismo iraunkor bat lortzeko bidean.
Ostalaritzako desorekei aurre egiteko lizentziak eten zituztela gogora ekarri du. “Egoera berean gaude ostatuei dagokienez?”. Oraindik ez dute erabaki, baina hausnarketa egiten ari dira. Tabernena oso agerikoa zela dio; beraz, kasu honetan ere “oso justifikaturik” egon behar du antzeko neurririk hartzeko. “Eztabaida irekia behar da. Gure konpromisoa da gogoeta egitea”. Horrekin batera, azaldu du auzokideen kezkak aintzat hartzen dituztela, gaiarekin “sentibera” direla, eta auzokideen eskakizun gehienekin bat egiten dutela auzo ereduari dagokionez: “Guk beti lehenetsiko dugu Alde Zaharra auzoa izatea, eta bizitzeko aukerak izatea”.
Diez de Urek onartu du udalarentzat ez dela erraza, baina, era berean, auzo eredua argi ez izatea leporatu die zinegotziei. Ezkerreko alderdi gisa, aterpetxearen aurkako jarrera publikoa agertzea nahi du. “Hori minimo bat da”. Salestarretako dorreekin izan duten jarrera bera izateko eskatu die. Orain, mozioa aurkeztuko dute udalean. Erronka handia du Iruñeko Udalak Alde Zaharrean. Oreka berreskuratzea ez da erraza izanen, baina aterabideren bat bilatu behar da. Bien bitartean, bizilagunak “azken kolpea” saihesteko prestatzen hasi dira.