Kattalin Barber
Norbanakoaren jarrera kritikoa da matxismoari eta indarkeria guztiei aurre egiteko erremintarik onena”. Equilatera elkarteko kideenak dira hitzak. Sexu aniztasunarekin, berdintasunarekin eta generoarekin lotura duten biolentzia guztiak lantzen dituzte ikastetxeetan. Ikasleen jarrera eta gaitasun kritikoa garatzea hartu dute helburu, hain zuzen ere. Zangozako Sierra de Leyre eta Iruñeko Eunate institutuetako DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ia 500 gazte ari dira jasotzen berdintasunaren eta aniztasun afektibo-sexualaren inguruan Equilaterak prestatutako programa, euskaraz eta gaztelaniaz.
Luna Martinikorena eta Alicia Pano genero adituek ematen dute zortzi orduko ikastaroa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zati bat diruz lagunduta. Generoa, genero estereotipoak, edertasun kanonak, heteronormatibitatea eta arauz besteko gorputzak, indarkeria eta mikromatxismoak dituzte hizpide.
“Hiru oinarri ditu gure programak: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzea, ikasgeletan aniztasun afektibo-sexuala lantzea, eta eskola jazarpenarekin eta generoarekin lotura duten biolentzia guztien prebentzioa lantzea”, azaldu du Martinikorenak. Dinamika gehienak parte hartzaileak dira, eta ikasgeletan gogoeta eta eztabaida interesgarriak sortzen direla adierazi dute Martinikorenak eta Panok. “Adibidez, dinamika batean ikasleei eskatzen diegu haien ametsezko gizona edo emakumea margotzea. Bertan ateratzen dira barneratuak ditugun estereotipo guztiak eta edertasun kanon nagusiak. Bitxia da, gela guztietan margotzen dutena oso antzekoa baita; estereotipoak indarrean dira. Matxismoa eta sexismoa errotuak ditugu, eta zaila da sustraietara joatea”.
Identitatearen ikuspuntutik lantzen dituzte kontzeptuak Martinikorenak eta Panok. “Giza sexualitateari buruz ari garenean, mutur batetik bestera dauden kolore guztiak lantzen ditugu, hau da, dagoen aniztasun osoa: queer identitateak, genero ez-bitarrak eta intersexualitatea barne”, azaldu du Panok. Modu horretan, sexualitatearen mapa erraldoia osatzea lortzen dute, eta aukera guztiak mahai gainean direla ikusten dute ikasleek. “Mapa infinitua da, amaigabea. Ikasleak asko harritzen dira dinamika horrekin”, argitu dute hezitzaileek.
Ikasleen interesa
Ikasleen artean, oro har, programak harrera ona duela jakinarazi du Martinikorenak. Irailaren amaieran hasi ziren saioekin, eta hil honen bukaeran amaituko dituzte saio guztiak. “Oro har, ikasleek interesa agertu dute, baina konturatu gara nolabaiteko erresistentzia erakusten dutela hainbat kontzeptu lantzerakoan, halere”. Hiri eta landa eremuen artean aldea badagoela ere konturatu dira hezitzaileak, baina gehienetan kontzeptuak ezagutzen dituztela dio Martinikorenak. “Mugimendu feministak eta LGTBIQ+ mugimenduak mahai gainean jarri dituzten kontzeptuak ez dira arrotzak ikasleentzat. Transexualitatea badakite zer den, baina neska zakildunak edo mutil aludunak izatea normaltzat hartzen duten edo ez… Hori beste kontu bat da”.
Ordubeteko zortzi saioren bidez, ikasgeletan “konfiantzazko giroa” sortzen da ikasle eta hezitzaileen artean. Horrek ekarri du hainbat ikasle Martinikorena eta Panorengana hurbiltzea laguntza eske. “Eskola jazarpena eta bazterketa kasuak, biolentzia, identitatearekin arazoak… Aniztasun sexuala badago ikasgeletan, eta landu beharreko gaia da”, esan du Panok. Irakasleek formakuntza behar dutela uste dute Equilaterako kideek, gaia behar bezala jorratzeko ikasgelan. “Guk, ahal dugun neurrian, erremintak ematen dizkiegu ikasleei estrategiak garatzeko”. Eskolak eta familiek duten ardura ere mahai gainean jarri dute Equilaterako kideek.
Zaila da, hala ere, egun batetik bestera erroa aldatzea; ikasleek lantzen duten guztiaren inguruan “oinarria” hartzea dute xede. “Oso zaila da neurtzea zenbateraino barneratzen dituzten lantzen ditugun ideiak, baina garrantzitsuena da hazi moduko bat landatu dugula; gero norberari dagokio garatzea”.
Hil honen amaieran amaituko dituzte Martinikorenak eta Panok aniztasun afektibo-sexualaren, berdintasunaren eta generoaren inguruko tailerrak. Pozik jarraituko lukete. Badakitelako ezinbestekoa dela oinarri duten ikuspegia eskoletan lantzea, eta planteamendu integrala egitea.