Edurne Elizondo
Uztailean hil zen Jose Mari Goikoetxea, 1924. urtean Beran jaiotako musikagilea. Iruñeko Ganbera Abesbatzako zuzendari David Galvezek (Valentzia, 1974) osatu eta berregin du konpositoreak 1958an idatzitako meza. Goikoetxeak “lengoaia propioa” zuela nabarmendu du.
Nolako lana da Goikoetxearena?
Hagitz lan pertsonala egiten zuen. Berezko lengoaia zuen, berezko mundua. Sortzaile handia izan zen, eta nortasun musikal nabarmena zuen. Miresteko moduko pertsona iruditzen zait, argi baitzuen sortzaile eta musikagile izan nahi zuela, eta abangoardian egon nahi zuela, apaiza izan arren. Ordenak ez zizkion gauzak erraztu, baina ausart jokatu zuen Goikoetxeak, eta Darmstadt hirira joan zen, Alemaniara, hura baitzen Europan musikagile izan nahi zuten guztien helmuga. Argi zuen zer nahi zuen, eta buru-belarri saiatu zen. Musikan igartzen da jarrera hori; hagitz lan pertsonalak dira Goikoetxearenak.
Zailak abesteko?
Hagitz zailak. Finean, Goikoetxearen pentsamendua dago haren musikan. Ez zen batere gizon laua, eta hori egin zuen musikan islatzen da. Labirinto baten modukoa da, Goikoetxea bera halakoa zelako: kontraesanez betetako mundu batean bizi zen; Elizarekin lotutakoak zituen, batetik, eta musikaren abangoardiaren esparrua, bertzetik.
Jaso du merezi duen aitortza?
Uste dut anitzek ezagutzen dutela Goikoetxea, baina gutxik ezagutzen dutela ongi egin zuen lana. Batetik, musika zaila da Goikoetxearena. Bertzetik, egia da ez zituela bere lanen edizioak ongi zaintzen. Partitura anitz ditu bukatu gabe, edo oharrez beteta. Horrek guztiak zaildu egiten du lan horien zabaltzea. Beraz, uste dut ez duela erabateko aitortza jaso. Jendeak miresten du Goikoetxea, baina benetan ez dugu ongi ezagutzen haren musika. Argi dut ahalegina egin beharko genukeela Goikoetxearen lanetan sakontzeko eta ikertzeko. Sortzaile baten pentsamendua gordetzen dute Goikoetxearen obrek. Lan teknikoaz harago, sortzailearen pentsamendu estetikoa jorratzea hagitz interesgarria litzateke.
Zu aritu zara Goikoetxearen lanak jorratzen. Nolakoa izan da esperientzia?
Nekagarria, egia erran, hagitz musika zaila delako Goikoetxearena. Aldi berean, esperientzia zoragarria izan da, lan horietan murgiltzea Goikoetxearen burmuinean murgiltzea baita; burmuin konplexua da, zalantzarik gabe. Abentura bat da.
Goikoetxearen meza osatu eta berregin duzu, zehazki. Nolako lana da?
Bertze lanek baino lengoaia atseginagoa du. Goikoetxeak 1958an egin zuen lan hori, meza baterako; zehazki, anaia apaiz bilakatzeko elizkizunerako. Idatzita dago abesbatzak eta kongregazioak organoarekin abesteko. Entzuteko musika atsegina da, baina zaila abesteko. Lan hori Alemaniara joan aurretik egin zuen, abangoardiarekin bat egin aurretik, baina, hala eta guztiz ere, badu Goikoetxearen berezko kutsu hori. Obra ederra da, eta jendeari gustatu zaiola uste dut. Halere, partitura hartu nuenean lanean hasteko, desordena nagusi zela konturatu nintzen. Harilkatu gabeko lana aurkitu nuen; zenbait zati falta zituen lan bat. Ondorioz, ezin izan dut osorik berregin, materiala falta nuelako. Maiatzean, bertzalde, Goikoetxearen bertze bi lan estreinatuko ditugu.
Anitz zor dio Nafarroako musika koralak Goikoetxeri?
Ordaindu diona baino anitzez ere gehiago zor dio Nafarroak Goikoetxeari. Lan handia egin zuen, adibidez, haurren abesbatzak sortzeko. Guk gurean sortu dugu haurren talde bat; 70 haur ari dira lanean; haiek dira etorkizuna. Haiek dira abesbatzen etorkizuna, eta haiek dira, halaber, etorkizuneko publikoa. Goikoetxeak ezin ordain dezakegun lana egin zuen haurrengan zaletasuna bultzatzeko, baina, zoritxarrez, bide hori bertan behera gelditu zen. Apaiz lanak zaildu zion esparru horretan sakontzea. Gure abesbatzan, adibidez, izan ditugu Goikoetxearen ikasle izandako anitz: Raquel Andueza, Javier Ekai edo Carlos Gorritxo. Haur abeslariak izan dira horiek denak, eta haiei esker aurrera egin du abesbatzen tradizioak.
Ia bost urte egin dituzu hemen. Nola ikusten duzu musika koralaren oraina Nafarroan?
Batetik, hemen gauza hagitz on bat dago, nire ustez: tradizioa. Jendeak abestea maite du hemen. Anitz abesten du. Abesbatza onak badira. Bertzetik, iruditzen zait elkarlana falta dela egun martxan diren taldeen artean. Badira elkarrekin aritzeko ahaleginak, baina zaila da ahalegin horiek ekintza zehatzetan gauzatzea. Horrek ekartzen du abesbatzen esparrua nahi bezainbertze ezin garatzea. Nork bere lana egiten du pentsatuz berea dela onena. Nafarroa herrialde txikia da, eta elkarrekin aritzeak on eginen liguke denoi. Pena da batasun gehiago ez izatea. Aurrera egiteko beharrezkoa dela argi dut nik.
Kantatzeko ez ezik, musika entzuteko ohitura ere badela uste duzu, badela abesbatzek behar duten publikoa?
Bai. Abesbatzen lanak badu funtzio sozial bat, gainera. Jende anitz mugitzen da abesbatzen inguruan. Noski, nor bere esparruan ari da. Guk gure publikoa dugu, eta Leitzako abesbatzak, adibidez, berea.