Tania Arriaga Azkarate
Etxera ailegatzeko parke berri batetik pasatzen gara, Bilbon. Txakurtxoak eta haien jabeak izaten dira goizetik eta gauera arte eta, haiei esker ere, inguru hori emakumeentzat segurua dela esan daiteke. Larunbatean, bazkarirako erosketak egin ondoren, parkeko plazaren banku batean 18 urte izanen ez zituen neska afrikarra negarrez ikusi genuen, bakarrik eta etsita. Ea lagun genezakeen galdetuta, entzungor egin zuenez, aurrera segitu genuen. Negarrak eta aieneak hogei metrora aditzen zirenez, buelta eman eta berriz berarengana hurbildu ginen. Gabriela, hori da bere izena, behin eta berriro, “qué vergüenza, qué vergüenza”, “miedo, miedo” eta horrelakoak errepikatzen ari zen. Gizon ezagun bat ere inguratu zitzaigun, hamar minutu lehenago parkean neska gerritik gora biluzik ikusi zuela esanez.
Pixkatxo bat lasaitzean Nigeriatik bera bakarrik etorri, emakume batekin bizi eta orain jarraika zuen izpiritu gizon batek bera hilko zuela esan zigun. Egoerak ez zuen irtenbiderik haren ustez. Ertzaintzari deitzea onartu eta hogei minutura bi gizon euskaldun eta sentsible etorri ziren laguntzera. Anbulantziari hots egin zioten eta ordu erdira bi erizain emakumerekin ailegatu zen. Gabriela goxoki hartu eta anbulantziara sartu zutenean, etxera joan ginen. Parkeko lagun batek esan zigun neskatoak anbulantzian hamabost minutu besterik ez zituela eman eta, bere sandaliatxoekin, hoztuta, aldapan gora joaten ikusi zuela. Mundu erdia zeharkatu, gure auzora iritsi soilik mina topatzeko. Lotsa gurea.
Urtarrilean, Bilbora Nigeriako emakume gazteak ekartzen zituen prostituzio sarea desegin zuen poliziak; bederatzi pertsona atxilotuak izan ziren, gehienak nigeriarrak ere. Poliziaren iturrien arabera, atxilotuek budua erabiltzen zuten gazteak beldurtu eta xantaia egiteko. Ekainean, zortzi lagun harrapatu zituzten Iruñean. Antza, negozio ziurra eta errentagarria da nigeriar gazteak gurera ekarri, lotu eta prostituitzea. Emakume gazte hauek kapitalismo basatiaren eta patriarkatuaren preso politikoak dira. Kontua da haien espetxea gure eraikin berean egon daitekeela. Bahituak, erotu arte esplotatuak, estorsionatuak, gaizki tratatuak, bortxatuak, hormigoiaren beste aldean hamaika emakume gazte preso ditugu. Puteroak kartzelazain torturatzaileak dira, egitura ustelaz baliatzen dira botere grina asetzeko. Munstro zikinek urrutiko andre gazte langileak esklabo erabiltzen dituzte; ez da aitzakiarik.
Inolako kontzientzia sozialik ez duenak horrelakoak egitea ez nau harritzen. Gizon ezkertiarrak direla esan eta kartzelero matxistak izateko dirua ordaintzen duten horiek ezin ditut irentsi. Egoera honek baldintza politiko eta ekonomikoei erantzuten dienez, Gabriela laguntzeko eta mendekatu nahian, giza eskubideetan sinistu eta haien alde lan egiten duten Euskal Herriko erakunde ezkertiarrei dei egin nahi diet. Entzun: zuen kideen artean puteroak baldin badituzue, lehenbailehen kaleratzeko eskatu nahi dizuet. Gisa horretako inkoherentziak jasan ezina beharko luke izan gizarte justu baten alde lan egiten duen ororentzat.