Edurne Elizondo
Sexu indarkeriak jorratzeko jardunaldia hirugarrenez antolatu du Sarek, NUPen laguntzarekin. Iazko sanferminetako eraso matxistaren inguruko epaiketa aipatu dute hainbat parte hartzailek. Epaiketak “sistemak funtzionatzen” duela erakutsi duela uste du Montse Pineda Creacion Positiva taldeko kide eta indarkeria matxistan adituak (Bartzelona, 1970).
Sistema patriarkalari aurre egiteko moduez gogoeta egiteko beharra dago?
Uste dut badela ordua agerian uzteko asmo eraldatzailea ez dela oinarri talde feministetatik ere anitzetan zabaltzen diren diskurtsoetan. Oinarria edo ardatza izaten da egoera zehatzei erantzutea, edo horien aurrean nola jokatu erabakitzea. Alerta egoeran gaude gertatzen ari diren gauzak anitz eta larriak direlako, eta haiei erantzuten saiatzen ari gara. Baina bada ordua gogoeta egiteko, agerian uzteko eta jorratzeko zeintzuk diren landu behar ditugun ardatzak benetako aldaketa lortzeko. Atzean gelditzen ari garela uste dut. Ez dugu ahaztu behar politika patriarkalak duen eragina; argi izan behar dugu gurekin baduela horrek lotura, eta politika patriarkal horrek indarkeriak ulertzeko gure moduan ere baduela eragina.
Indarkeria horien naturalizazioaz ari zara?
Anitzetan aipatzen dugu naturalizazio hori tresna bat balitz bezala. Baina, berez, ideologia da. Izan ere, maskulinitate eta feminitate hegemonikoez ari garenean, horretaz ari gara, ari gara azaltzen naturaltzat jo eta onartu ditugula patriarkatuaren aginduak gizon edo emakumetzat hartzen ditugun horien eraikuntzan.
Hori da deseraiki behar ditugun kontuetako bat, hain zuzen. Ideologia patriarkal horren naturalizazio horrek erasoak ekartzen ditu, eta ekartzen du, halaber, ezerosotasuna. Finean, konturatzen gara gizon edo emakume izatea zer den finkatzen duen egitura horrek zer ikusteko gutxi duela gurekin. Kanpoko elementuekin du lotura. Hori agerian utzi behar dugu; gure autonomia mugatzen digutelako, eta gure autonomia gaitasuna mugatua delako, aldi berean, mundua ikusteko modu horren barruan dagoelako.
Ustez emakumeen eskubideak bermatu behar dituen sistema da patriarkatuari eusten diona. Nola egiten ahal zaio aurre egoera horri?
Legeek zigor kodeek diotena jasotzen dute, eta zigor kode horiek estatuen tresna bat dira ordena ezartzeko, azaltzeko zer dagoen ongi eta zer ez. Azaltzen dute, batez ere, gizarteak zer jasan dezakeen eta zer ez. Gizarte gisa jasan dezakeguna zehazten dute; ez, ordea, gizartean zer den onargarria benetan askatasuna eta autonomia garatzeko.
Nafarroako legeak izaera sexuala duen delitutzat jotzen du sexu indarkeria. Ez da hori bidea?
Erabat barneratua dugu hori, eta sexu indarkeriak ikuspuntu horretatik azaltzen ditugu. Ez gara gai dinamika hori hausteko, eta agerian uzteko autonomiarekin dutela lotura handia.
Uste dut botere egiturak jarri behar ditugula mahai gainean, batez ere. Hori da sistema patriarkalaren ardatza, boterea eta mendean hartzea.
Garrantzitsua da zapalkuntza ezberdinen arteko harremanak duen eraginari so egitea?
Bai. Eta ez hori bakarrik. Kontuan hartu behar dugu zer-nolako babesa dugun, zer-nolako baliabideak egoera zehatz bati aurre egiteko. Ez duzu bakarrik erasotzailea aurrean; aurrean duzu, halaber, babesten zaituela erran baina kontrakoa egiten duen sistema oso bat.
Sistemak bere horretan jarraitu nahi duelako?
Hori da. Indarkeriek oinarri dituzte naturalizazioa eta inpunitatea. Sexu indarkeriez hitz egiteak badu zentzua inpunitateaz hitz egiten ari garelako. Izan ere, gehienetan emakumeak babesteko eredu batez aritzen gara, ez, ordea, eraldaketarako eredu batez.
Iazko sanferminetako eraso matxistaren inguruko epaiketa da sistemaren funtzionatzeko moduaren adibide?
Epaileen eta hedabideen erantzuna behar zuena izaten ari da: sistema patriarkalari eusten ari dira. Beren funtzioa betetzen ari dira. Sistemak sekulako gaitasuna erakutsi du bere burua kontrolatzeko; aldi berean, hagitz garrantzitsua iruditzen zait mugimendu feministak eman duen erantzuna. Argi utzi du kontua ez dela bakarrik Iruñean egin duten epaiketa; auziak denoi eragiten digula erakutsi du. Egoera, nolabait, birpolitizatzen ari gara, eta hori positiboa da.
Ardura kazetariena ere bada, zure ustez?
Bai, neurri batean bai. Finean, kontua da zapalkuntzaren zein aldetan kokatu: zapaltzailearen edo zapalduaren alde.
GIBa duten emakumeekin ere egiten duzue lan. Nolako lana da?
Duela hamalau urte hasi ginen. Orduan, maitasun erromantikoa eta bortxa jotzen genituen indarkeria matxistaren oinarri. Elementu horiek dira indarkeria sufritzeko arriskua ekartzen digutenak, eta elementu horiek dira, halaber, GIBarekin kutsatzeko arriskua ekartzen digutenak.