Saioa Alkaiza
Elkarrizketa bat egiten ari naiz, mikrofonoa eskuetan, eta elkarrizketatua lekuz kanpo dauden iruzkinak egiten hasi zait, sexuari buruzko bromak-edo, baina ez zuzenean; era jasoan izan da, ez zakar eta argi, ez nabarmen, baizik eta tolesturaz betetako hizkuntza erabiliz, txantxa tonuan, eruditutasunaren talaiatik. Gero, nire janzkerari buruzko komentario bat edo beste egin dit, ez gordinak bereziki, ez lizunak bere horretan, baina asmo ezkuturen bat dutenak. Oso gaizki sentiarazi nau. Agurtzerakoan, bi muxu luzeegi eman dizkit, eta ipurditik gertuegi jarri du bere eskua. Ez dut erantzun. Lanarekiko ustezko profesionaltasunari segika, eta, gero, damutu egin naiz. Damutu, profesionaltasunaren performancean sartu naizelako.
Gazte Topagunean gaude. 20 bat urte dauzkat. Kontzertuen zalaparta atzean utzita, eskutik heldu diot gau horretako ligeari. Bi pertsona atzetik segika dauzkagula iruditzen zaigu, baina ez diogu garrantzi handirik ematen. Ordu txikiak dira, eta ilun daude herriko kaleak. Kilometro bat egin eta bai, jarraika dauzkagu bi pertsona, bi mutil. Larritzen hasi gara. Azkenean, adorea batu, eta buelta eman dugu: “Zer nahi duzue?”, galdetu diegu. “Ikusten, bi neska dira!”, esan dio batak besteari. Egiaztatu egin nahi zuten, hori besterik ez. Zur eta lur geratu gara: “Serio atzetik daramazuela ordu laurden ikusteko ea bi neska garen?”. Ezin dugu sinetsi, jarraika aritu zaizkigu arautik ateratzen ari ote ginen jakiteko. “Barkatu, neskak”. Eta joan dira. Ez dut erantzun. Ustezko giro berdinzale batean espero ez dudalako, ez dut jakin izan zer esan.
Billabesan nago, heldulekuari eutsita, mahuka motzeko kamiseta batekin. Lasai joan naiz bidaia guztian. Jaisterakoan, “Depilatu zaitez, nazkagarri hori!”, oihu egin dit gizon iletsu batek barrutik, “Guarra!” esaten entzun dut, eta barruko guztiak niri begira nola geratu diren ikusi dut. Ez dut erantzun. Hor geratu naiz. Isilik. Ipurdia ukitu didate parrandan, kalean oihu egin didate, trioak eskaini dizkidate beste neska batekin muxuka ikusita, txorakeria gehiegi entzun behar izan ditut bulegoan, broma maskara duten gizonkeriak irentsi ditut, asko itxoin dut asanbladan hitz egiteko eta, behin solas eginda, maskulinitatearen madelmanari jarri diote arreta handiagoa. Askotan ez dut erantzun, baina beste batzuetan bai.
Horregatik, sinesten dizut. Sinesten dut esaten didazunean arraro begiratzen zaituela nagusiak. Sinesten dizut esaten didazunean beldur handia pasatzen duzula etxerako bueltan gauez. Sinesten dizut kontatzen didazunean armairua askea ez, baina erosoa dela. Sinesten dizut esplikatzen duzunean familia bazkarietan epaitua sentitzen zarela. Sinesten dizut zure mutilak bortxatu zintuela salatzeko indarra batzen duzunean. Sinesten dizut justizian ez, baina autodefentsan sinesten duzula esaten didazunean. Sinesten dut elkartasunean eta zaintzan. Eta sinesten dut erantzunean, eta sinesten dut erantzun ezin izan duten horiengan, sinesten dut gure indarrean eta zaurgarritasunean. Sinesten dut gugan eta kolektiboan.