Emakumeak, maldan gora

Emakumeak, maldan gora

Kattalin Barber

Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun sozioekonomikoak egiturazkoak eta oso nabarmenak dira”. Horixe da Iruñeko Udalak egindako Iruñeko emakume eta gizonen arteko desberdintasunak. 2007-2017ko analisi sozioekonomikoa izenburuko ikerketa lanaren ondorio nagusia. Ezberdintasunek, noski, emakumeei egiten diete kalte. Demografia, formakuntza, lan merkatua, zerbitzu sozialak, pobrezia eta bazterketa kontuan hartu dituzte txostenean, hirian emakumeen eta gizonen artean dauden desorekak ikertzeko asmoz. Paola Damonti ikertzaileak egin du lana; esku hartze sozialaren eta ongizate estatuaren alorreko doktore da, bai eta genero aditua ere.

Datu andana eman daiteke emakumeen eta gizonen diru sarreren arteko arrakala azaltzeko. 2016ko datuak kontuan hartuta, adibidez, emakumeen eta gizonen arteko aldea, soldatan, urtean 8.164 eurokoa da. Iruñeko emakumeen jarduera tasa %53,8 da; gizonezkoena, berriz, %63,8. Okupazio tasan alde nabarmena dago, halaber: emakumeena %46,1 da, eta gizonena, %56,5. Datuek ez dute batere harritu Damonti. “Pentsatzen duguna baieztatzen digute datuok”. Izan ere, ez da berria emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala; eta ez da datu berria, halaber, emakume gutxi iristen direla ardura postuetara. “Eta emakumeentzat jo ohi diren lanpostuetan soldatak kaskarragoak dira”, erantsi du ikertzaileak. Segregazio horizontal deritzo horri Damontik; segregazio bertikala, berriz, soldatarik handieneko lanpostuetan emakumeek duten parte hartze eskasa izanen litzateke, kristalezko sabaitzat jotzen den hori, alegia.

Pobrezia

Intersekzionalitatea aipatu du Damontik. Emakumeen okupazio motaren araberako desberdintasunak ere agerikoak baitira. “Kalte handiagoa izaten dute soldata apala duten emakumeek. Hortaz, gizartea sexista da, bai eta klasista ere, pobreei gertatzen zaienak interes txikiagoa baitu”. Horiek horrela, etxegabeen egoera aztertu du, eta, jasotako datuen arabera, Iruñean bizi diren etxegabeen %11 emakumeak dira. “Gutxi dira, eta argi dago kalean bizitzea oso gogorra dela emakume edo gizona izanda. Emakumeek, baina, arazo gehiago dituzte: genero indarkeria, esaterako. Kutxa automatiko batean lo egitea ez da gauza bera gizona edo emakumea baldin bazara. Arrisku gehiago dituzte”.

Azken hamar urteak ikertu ditu Damontik, eta hamarkada horretan krisiak gogor jo ditu emakume eta gizonen bizitzak. Langabeziari dagokionez, orain dela hamar urte desberdintasunak oso handiak ziren gizonen eta emakumeen artean Iruñean. Urtez urte gutxitu egin dira, eta egin diren ikerketa gehienek hala baieztatu dute. Analisiei genero ikuspegia falta izan zaiela dio Damontik, halere: “Krisiaren eragina emakume eta gizonengan aztertu denean, ardatza beti izan dira gizonezkoak. Hamar urtean, baina, gizonezkoen langabezia tasak inoiz ez du emakumeena gainditu, inoiz ez. Krisi garaietan eta krisi garaiak ez zirenetan, emakumeek beti izan dute gizonezkoek baino langabezia tasa altuagoa, eta inoiz ez da errealitatea modu horretan begiratu”. Halaber, gizonen kasuan, langabeziari buruzkoak egoeraren araberakoak dira; emakumeen kasuan, berriz, desberdintasuna egiturazkoa da. “Krisiarekin eta gabe, emakumeak dira”.

Langabezia saria jasotzen dute gizon gehiagok emakumeek baino. Baina urte hauetan guztietan emakume gehiago egon dira lan gabe. “Zergatik? Emakumeen ibilbidea lan merkatuan zatituagoa izan ohi da, eta askok ez dute langabezia saria jasotzeko eskubiderik. Bestalde, iraupen luzeko langabe gehienak emakumeak direnez, gehiago kostatzen zaie lan merkatuan berriro sartzea, eta laguntzak agortzen dituzte”. Izan ere, egoera iraultzen da langabeziaren subsidioari erreparatuz gero. Emakumeen ehunekoa handiagoa da: “Horrek erakusten du haien egoera okerragoa dela, lan gabe daudelako eta denbora luzez”.

Iruñeko Udalaren laguntzak jasotzen dituzten guraso bakarreko familietan %95 emakumeak dira. Pertsona bakarreko familietan, berriz, gizonak dira gehien jasotzen dituztenak. Horrez gain, zahar etxeak eta eguneko zentroak hizpide izan ditu Damontik. Erabiltzaileen %70 emakumeak dira. Arrazoi logikoa aurkitu du ikertzaileak, baina baita galdera bota ere: “Emakumeek bizi itxaropena handiago dute, eta datuak espero zirenak dira. Hala ere, aldatuko litzateke zahar etxeen esku hartzea gizonezkoak gehiengoa izanda?”. Kasu horretan ere, genero ikuspegia txertatzea ezinbestekotzat jo du Damontik, adinean aurrera egin ahala emakumeek bestelako arazoak dituztelako.

Lana eta laguntzak ez ezik, hezkuntza ere ikertu du genero adituak. “Lanbide Heziketako 17 familia profesional daude Nafarroan, baina haietako lautan bakarrik dago orekatua gizonen eta emakumeen parte hartzea; hau da, emakume eta gizonen ikasle kopurua %40-%60 bitartekoa da”. Feminizatutako eta maskulinizatutako ikasketak daudela erakusten du horrek, Damontiren aburuz.

Datuak faltan

Bada zerbait ikertzailearen arreta “bereziki” piztu duena. Ez du eskuratu denboraren erabilerari buruzko daturik, ez Iruñean ez eta Nafarroan ere. Eta uste du “ezinbestekoak” direla datu horiek, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen analisi sakona egin ahal izateko. “Zaintza lanak gehienbat emakumeei egokitzen zaizkie, eta, haurrak izanez gero, haien lan aukerak murriztu egiten dira. Emaitzak ondorioztatzen ahal ditugu, baina beharrezkoa dugu datu horiek biltzea, beti badagoelako norbait errealitate hori ezkutuan utzi nahian”, adierazi du txostenaren egileak. Datuak biltzeko orduan genero ikuspegia txertatzea beharrezkoa dela berretsi du ikertzaileak. Ez du inolako zalantzarik emaitzak “argigarriak” izanen liratekeela.