Edurne Elizondo
Injustiziarik latzenak eragindako amorruarekin mintzatu da. Bere egin duelako Libian gertatzen ari dena. Bere egin du esklabo gisa salerosi dituzten afrikarren mina. Bere egin du bortxatu dituzten emakumeen sufrimendua. Bere egin ditu giza eskubideen urraketa guztiak. Denonak direla argi duelako. Arazoa denona dela zalantzarik ez duelako. “Mundu osoarena”. Ozen erran du, tristuraz eta amorruz: “Aski da! Gure herrietan esplotatzen gaituzte; handik atera, eta esklabo bilakatzen gaituzte. Non bizi gaitezke afrikarrok bakean? Non?”, galdetu du Afrikako Lorea elkarteko kide Fatima Djarrak.
Galdera hori idatzita zuen pankartaren atzean egin zuten bat dozenaka pertsonak, larunbatean, Iruñeko Udaletxeko plazan. Afrikako Lorea eta Africa United elkarteek antolatu zuten protesta, Libian gertatzen ari dena salatzeko. “Isilarazi dituzten horiei eman nahi diegu gure ahotsa, pairatzen ari direna agerian uzteko”. Nazioarteko erakundeek, behingoz, urratsen bat egin dezaten eskatzeko.
AEBetako CNN telebista kateak migratzaileak kateatuta erakusten dituen bideo bat zabaldu zuen azaroaren amaieran. Enkantean saltzeko prest ziren migratzaileak, Libiako eremu identifikatu gabeko batean. Orain zabaldu diren irudiok “aspaldiko” errealitate bat islatzen dutela nabarmendu du Fatima Djarrak. “1990eko hamarkadatik gertatzen ari da orain ikusi duguna; orain, gainezka egin du egoerak, eta munduak jaso du esklabo bilakatzen dituzten migratzaileen egunerokoaren berri”.
Migratzaile afrikarren egoerari buruzkoak iksugarri bilakatu izana baliatu nahi du Afrikako Lorea elkarteak, eta mundua Libiara begira jarri. Mundu osoak presioa egin dezan. “Gure ardura da; altxatu behar dugu zapaltzen ari diren afrikarren alde”. Herritar guztiak lotu nahi dituzte helburu horretara. Horregatik antolatu zuten elkarretaratzea larunbatean. “Nafarroako gizarte osoaren babesa nahi eta behar dugu Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko gainerako erakundeek sendo erantzun dezaten”, azaldu du Djarrak.
Europak duen ardura mahai gainean jarri du Afrikako Lorea elkarteko kideak. “Europak ordaintzen du Libian gertatzen ari dena”, salatu du, gogor. SOS Arrazakeria erakundeko kide Beatriz Villahizanek bat egin du Djarraren salaketarekin. “Turkia eta Maroko bezala, Europak kanpora eramandako muga bat bertzerik ez da Libia; Europak badu ardura, eta handia da, gainera. Ez du pertsona guztiok nahi dugun tokira mugitzeko dugun eskubidea errespetatzen; ez ditu giza eskubideak errespetatzen. Ez die babesik ematen migratzaileei, eta biderik arriskutsuenetatik joatera behartzen ditu. Libian gertatzen dena da horren adibide”.
SOS Arrazakeria taldeak bat egin zuen afrikarren elkarteek antolatutako larunbateko protestarekin; Udaletxeko plazan izan ziren, halaber, Paperak Denontzat eta Munduko Medikuak erakundeetako kideak.
Bazterketa bikoitza
Duela zazpi urte sortu zuten Afrikako Lorea elkartea, Nafarroan. Afrikako hamahiru herritako 60 emakumek osatzen dute. “Munduko Medikuak erakundearekin hasitako lanaren ondorio da elkartearen sorrera. Emakumeon genitalen mutilazioari aurrea hartzeko egiten genuen lan, eta beharrezkoa iruditu zitzaigun emakume afrikarron errealitatearen berri ematea”.
Xede horrekin sortu zuten Afrikako Lorea. Emakume afrikarren bazterketa bikoitza salatu nahi dute kideek. “Emakume eta beltz izateagatik zapaltzen gaituzte”, nabarmendu du Djarrak. Libian ere, emakume afrikar migratzaileek bazterketa bikoitza pairatzen dutela salatu du. “Ari gara jasotzen hango testigantzak; emakumeak bortxatzen ari dira; egoera izugarri latza ari dira pairatzen. Emakume afrikarrak gara gu, eta ezin dugu isilik gelditu”.
Afrikako Batasuneko agintarien isiltasuna salatu du Djarrak, hain zuzen ere. “Ez dira deus egiten ari”. Afrikako Batasuneko batzordeko buru Moussa Faki Mahamatek onartu du 400.000 eta 700.000 migratzail afrikar artean daudela Libian “egoera irregularrean”. Onartu du, halaber, azkenean, auzian “esku hartzeko” beharra.
Horren zain dira Africa United eta Afrikako Lorea elkarteetako kideak. Ez dira isiltzeko prest, eta karrikara ateratzen jarraituko dutela argi utzi dute. Ez dute bakarrik egon nahi. Herritarren babesa eskatu dute; gobernuz kanpoko erakundeena, bai eta Nafarroako Gobernuarena ere. “Giza eskubideak daude jokoan, eta giza eskubideak denon arazoa dira”, berretsi du Fatima Djarrak. “Non bizi gaitezke afrikarrok bakean? Non?”, galdetu du, berriz ere.