Edurne Elizondo
E z dute hutsik egin. Emausko Trapuketariek Eguberrietako azoka berezia antolatu dute, bosgarrenez, Iruñeko Arga karrikan duten Triki Traku dendan. Gaur irekiko dituzte ateak, datorren urtarrilaren 5era bitarte. Urte osoan jaso eta biziberritutako jostailuekin osatu dute azoka, helburu bikoitzarekin: batetik, jostailu horiek merke salduta, umerik ez gelditzea oparirik gabe; eta, bertzetik, kontsumoaren inguruko gogoeta piztea gurasoen artean.
Izan ere, Emausko Trapuketarien egoitzara urte osoan ailegatzen dira jostailuak. Egoera onean dira haietako anitz, “armairuak hustu egiten dituztelako etxe anitzetan, jostailu berrientzako toki bila”. Horixe azaldu dute Emausko Trapuketariek. Eta, horregatik hain zuzen ere, beharrezkotzat jo dute kontsumo ereduari buruzko gogoeta.
Emausko Trapuketariek “milaka kilo jostailu” jasotzen dute urtean. Jostailu horien %75 garai honetan erosten dira. “Hau da, preziorik garestiena dutenean”. Egoera horri buelta eman nahi diote Emausko Trapuketariek, bigarren eskuko jostailuen aldeko apustua eginez.
Eguberrietako azokarako jasotzen dituzten jostailuen artean “onenak eta deigarrienak” aukeratzen dituzte trapuketariek. Sailkatu, garbitu, eta, beharrezkoa bada, konpondu egiten dituzte, Triki Traku dendako apalategietan salgai jarri ahal izateko. “Jabeek jostailuok botatzeak ez du erran nahi ez dutela balio”, nabarmendu dute azokako arduradunek.
Jostailuak eta ingurumena
Panpinak, puzzleak, ibilgailuak, peluxeak, haurrentzako liburuak, mozorroak, Lego-ak eta abar; askotarikoak dira trapuketarien eskuetara urte osoan ailegatzen diren jostailuak. Askotarikoak dira, halaber, jostailuok ingurumenean eragin ditzaketen ondorioak. Izan ere, jostailuak egiteko baliabide natural anitz behar da, tartean metala, ura, zura eta petrolioa. Jostailu horiek zabortegira botatzen edo erretzen badira, kalteak eragin ditzakete: kadmioa, merkurioa edota beruna duten jostailuek, adibidez, lurra eta ura kutsatzen ahal dituzte.
Gisa horretako auzien inguruko gogoeta piztu nahi du gaur zabalduko duten azokak. Emausko Trapuketariak elkarteko Amaia Olaberrik parte hartzera deitu ditu herritarrak. “Giro berezia sortzen da beti lehen egunean”. Berriz erabiliko dituzten umeen zain dira jostailuak.