Sara Muerza
Amiantoz betetako kutxa batzuk iristen dira Ameriketako Estatu Batuetatik. Bakoitzean, garezur forma duen eranskailu bat Arriskua hitzarekin. Langileek ez dute ikusiko: pegatina lantegira sartu aurretik kentzen da. Barruan, amiantoa babesik gabe maneiatuko dute, eskularrurik gabe, maskararik gabe, buzorik gabe. Mineral toxiko horren aurrean ez dute inolako segurtasunik. Aireztapenik gabeko gela txiki batean norbaitek amiantoa moztuko du, eta, geroago, hainbat emakumek kardatuko dute, orraztu, xehatu, eta, azkenik, batu egingo dute plakak egiteko. Hamaiketakoa haren gainean jango dute; lo kuluxka ere gainean eginen dute. Eta eszena guztietan, amiantoa arnastu izanen dute. Egoera urtez urte errepikatzen da, langileek asbestoaren aurrean duten arriskua jakin gabe.
Mehatxu ikusezina da amiantoarena. Eta oraindik ez da desagertu. Horregatik, arrisku horri aurre egin eta bazter utzi ahal izateko plana eskatu du, berriki, Ahal Dugu-k, Nafarroan, eta parlamentuak onartu du. Gauzatzea falta da oraindik.
Amiantoa, asbestoa edo uralita erruz erabili zen XX. mendeko industrian, garraioan eta etxebizitzetan. Mineral horrek toxikotasun handia du. Bere arroka naturaletatik erauzten denean, zuntz mikroskopikoetan desegiteko joera du, eta arnastu edo irensten badira, birika albeoloetan edo beste erraietan iltzatu daitezke, eta eritasun ezberdinak eragin: minbizia, asbestosia, perikardioa, mesotelioma pleurala…
Aspaldiko mehatxua
1980ko hamarkadaren erdialdean, material horren zuntzek minbizia eragiten ahal zutela baieztatu zenean, erabilera gutxituz joan zen, baina Espainiako Gobernuak ez zuen 2002. urtera arte debekatu. “1940an, Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen amiantoarekin lan egiteak arnaste arazo nahiko garrantzitsuak sortzen dituela, bai eta heriotza ere”, nabarmendu du Maria Asun Fernandezek, Ananar Nafarroako Amianto Elkartearen presidenteak.
Osasunean dituen ondorio larriak aurretik ere ezagutzen zituzten. 1889an, mineralaren hautsak kaltegarriak zirela ondorioztatu zen Erresuma Batuan; 1925an, asbestosia gaixotasunarekin lotu zen, eta 1955ean, harekiko esposizioak biriketako minbizia eragiten zuela egiaztatu zen.
Hala ere, aurkikuntzak isilean gorde, eta negozioak hainbat hamarkadaz jarraitu zuen, errentagarria baitzen. “Oso material ona eta merkea zen, eta leku guztietan jartzen zen. Tren bagoiak, adibidez, amiantoz beteta zeuden”, esan du Joseba Aspirozek. Asbestoak gaixotu zuen, 30 urtez Sunsundegi enpresan lan egin eta gero. Hark ere ez zuen babesik izan mineralaren aurrean; hamar urtez aritu zen zuzenean maneiatzen.
Amiantoaren industriak presentzia nabarmena izan zuen Nafarroan: Altsasun, Lizarran eta Iruñean, batez ere. Mineralarekin lan egiteak zituen arriskuen jakitun, enpresa gutxi batzuk haien langileei segimendua egiten zieten. “Urtero mediku azterketa egiten zidaten. 2014. urtean, orban bat aurkitu zidaten pleuran, eta lau hilabetera likido proba bat egin eta gero, kaltegarria zela esan zidaten”, azaldu du Aspirozek.
Ekaineko azken datuen arabera, amiantoaren eraginpean egondako 2.858 pertsona kontrolatzen ditu Nafarroako Osasunbideak; haietatik %78 erretiroa hartuta dira; %11 lanean dago minerala erabiltzen ez den beste jardueraren batean; eta beste %11 amiantoarekin lanean ibilitakoak dira. Fernandezek nabarmendu du mineralak kalte egindako pertsona gehiago egon daitezkeela: “Asbestoarekin lan egin duten pertsona guztiak ez daude zerrendan; ez dituzte artatu”.
Nolanahi ere, zerrendan egondako pertsonei ere ez diete jarraipen iraunkor bat egin, askotan. Maria Angela Martinez Superser enpresanorain BSH- egon zen hogei urtez. Hasieran, eskaner bat egiten zioten urtean behin Gizarte Segurantzan. 2001ean egin zioten bat, eta hurrengoa, berriz, 2015ean. “14 urte egon ziren eskaner bakar bat ere egin gabe, amiantoak ukitutako pertsona izan arren, arrisku handia izan arren”. Hala azaldu du haren alaba Nerea Azkonak. 2016ko abenduan egin zioten eskanerra Martinezi, azkenean; otsailean, pneumologoak esan zion orban batzuk zituela biriketan, eta sei hilabete pasata eginen ziotela beste eskaner bat. Ekainean hasi zen mina sentitzen eskuineko saihetsean, eta, uztailean, biriketako kartzinoma eta gibeleko metastasia antzeman zizkioten. Urrian hil zen.
Gizarte Segurantza, motz
Amiantoak kalte egindakoak kexu dira Gizarte Segurantzan dagoen egoeraz; batetik, behar bezala kontuan hartzen ez dituztelako, eta, bestetik, baliabiderik eta ezagutzarik eza dagoelako. Iazko maiatzean antzeman zioten minbizia Txema Esteban Marcosi. “Abuzturako hilko zela esan zioten, baina ez kezkatzeko, lan gaixotasun bat zela, eta kalte ordaina zeukala. Txemak erantzun zien ez zuela kobratu nahi, bizi baizik”, esan du Fernandezek, haren alargunak. “Pneumologoak mediku onak izango dira, baina psikologo gisa lotsatzeko modukoak”.
Joan den azaroaren 19an hil zen. Egun batzuk lehenago, mediku azterketa egiteko gutuna jaso zuen. Superser enpresan hamalau urtez lanean ibili eta gero jasotzen zuen lehen eskutitza zen hura. Hitzordua, urtarrilaren 25ean. Gutuna berandu iritsi zen: pleurako minbizia orain dela hemezortzi hilabete diagnostikatu zioten.
Aspirozek ikuspegi bera dauka, bere kasuan ere medikuek oso sentiberatasun gutxi erakutsi baitzuten: “Daukadan esperientzia oso tristea da, gauzak arintasun handiarekin esaten dizkizute”. Kimioterapia hirutan eman diote, aldiro ezberdina: lehenengoak ez zuen funtzionatu eta “lur jota” utzi zuen; bigarrenarekin, ordea, asmatu zuten. “Urte batez egon nintzen ezer jaso gabe, baina, aurreko urtean nire emaztea hil, eta gorputz osoa nahastu zitzaidan. Berriro esnatu zitzaidan gaixotasuna”, azaldu du. Hirugarrenez ari da kimioterapia jasotzen, baina uste du ez direla asmatzen ari.
“Ebakuntza egin arren, gaixotasuna ez da desagertzen. Medikuek ez dakite nola tratatu amiantoak biriketan uzten dituen zuntzak”, esan du Aspirozek. “Kimioterapiak laguntzen du tumorearen haztea gelditzen, baina ez du sendatzen”, gaineratu du Fernandezek. Amiantoak eragiten dituen gaitzak ez dira ikertu, eta, ondorioz, ez dago ez sendabiderik, ez horren kontrako txertorik ere. Abian dagoen ikerketa bakarra Pasteur laborategietan ari dira egiten, Frantzian, pleurako minbiziari aurre egiteko.
Horrez gain, ez dago asbestoaren berariazko kalte ordainketarik Gizarte Segurantzan; ondorioz, nahiz eta lan gaixotasun gisa aitortu, auto istripuen kalte ordainarekin parekatzen dute. Aspirozek onartu du “babesgabe” daudela zentzu horretan, baina, sendabide bat ez egoteak sortzen diela guztiei kezka gehien: “Ikerketa eta txertoa, hori da egin behar dutena. Dirua ondo dago, baina guk bizi nahi dugu”.
Sendabidea urrun ikusten dute oraingoz, baina, ez eritasuna gelditzeko aukera. Horretarako, eskatu dute martxan dagoen ikerketara “behar den dirua” zuzentzea. Erakundeek emanen luketen dirua etorkizunean berreskuratuko luketela pentsatzen du Carlos Fernandinok, Marcosen gaixotasuna hurbiletik bizi izan duen lagunak, kalte ordain gutxiago banatuko lituzketelako. “Amiantoarengatik kaltetutako pertsona kopurua handitzen bada, bonba bat izan daiteke Gizarte Segurantzarentzat”, hausnartu du Aspirozek. Eta litekeena da etorkizunean gaixotutako pertsona kopurua handiagoa izatea, hamarkadak igarotzen baitira amiantoaren hautsa arnasteak eragin ahal dituen eritasunak agertu arte: mineralarekin kontaktuan egon, eta 30 urtera azaldu daitezke gaitzak. Gehienetan, eriak erretiroa hartzen duenean.
Amiantoaren ondorioekin bizitzeak ekartzen duen sufrimenduaz gain, kalte egindakoek eta biktimek beste zailtasun eta irregulartasun anitzei ere aurre egin behar diete: gaitza lan gaixotasun gisa ez aitortzea; erabateko erretiroa ukatzea; aseguru polizak kobratzeko oztopoak; informazioa eta lege aholkularitza falta; espezializatutako mediku estaldurarik ez izatea…
Laneko bi minbizi kasutatik bat asbestoak eragindakoa izan arren, biriketako mesotelioma eta kartzinomen %1 baino gutxiago aitortzen dira laneko gaixotasun gisa. Gizarte Segurantzak lau kasu bakarrik onartzen dituela kontatu du Fernandezek, “askoz gehiago egon arren”: eztarriko, biriketako, urdaileko eta pleurako minbizia. “Txemak eta Maria Angelak lankide bat dute hiru minbizi motarekin; ez diote bakar bat ere aitortzen. Zergatik? Gizarte Segurantzak ordaindu behar duelako”, azaldu du.
Enpresek ere saihesten dute erantzukizuna. “Tranpak dituzte. Auziak luzatzen dituzte helegiteekin. Dirua ematen dizutenerako, hilik zara. Enpresarekin kalte ordainak negoziatzen dituzunean, zu egoera okerragoan zaude, esaten dizutenari ezetz esaten badiozu, auzia luza dezaketelako”, salatu du Aspirozek.
Enpresen “trikimailuak”
Enpresek bestelako “trikumailuak” dituzte. Batzuk ukatu egin izan dute haien langileek asbestoarekin kontaktuan egon izana. Martinezek eta Marcosek egoera hori ezagutu dute. “Txemari esan zioten amiantoa kaletik ibiltzen hartu zuela. Gure abokatuak esan zien lan bizitzan jartzen zuela beren enpresan lan egin zuela. Epaiketara joan ginen azkenean”, kontatu du Fernandezek. Nerea eta Eider Azkonak esperientzia bera izan zuten amaren kasuarekin: “BSHko giza baliabideetako zuzendariak esan zigun ez zegoela jasota gure amak asbestoarekin lan egin zuela. Epaitegietara jo genuen”, adierazi dute.
Hego Euskal Herrian ez dago amiantoa duten egituren erroldarik —Frantzian, Erresuma Batuan eta Alemanian bai—, eta, beraz, ez dago jakiterik zein etxebizitzatan, eraikinetan eta bulegotan dagoen. Mineralak kutsatzen jarrai ez dezan, hura desagerrarazteko bideari ekin dio Nafarroako Parlamentuak: plan zuzendari bat aurkezteko ebazpena onetsi zuen aho batez, irailean, Ahal Dugu-k bultzatuta. Planak minerala izan dezaketen azpiegiturak eta eraikinak kontrolatzeko protokolo bat sortzea du helburu; bai eta hura biltegiratzeko hondakindegiak egokitu edota eraikitzea, diru saila bideratzea eta sentsibilizazio kanpainak sortzea ere.
“Hitzak bai, ekintzarik ez. Elkartearekin ez da inor harremanetan jarri, ez gobernua, ez Iruñeko Udala ere”, kexu da Fernandez. Ekimen hau “gutxienekoa” egiteko modu bat dela uste du. “Parlamentura joanen ginela hitz eman ziguten. Ez dute bete”.
Amiantoa saltzen lehenak izan ziren AEBetako enpresak. Garai hartako gobernuak konpentsazio funts bat sortzea eskatu zien; hemen, ordea, ez zen halakorik egin. Ananar elkartea AEBtako abokatu bulego batekin dabil elkarlanean funts horiek eskatzeko. Nafarroako enpresek behin, behintzat, minerala han erosi zutela frogatzen badute, epaiketara joan daitezke. Galduz gero, elkarteak ez luke ordainduko.
Ez ditu diruak kezkatzen, halere, amiantoaren inguruan dagoen isiltasunak ekartzen duenak baizik. Abian den ikerketa diruz laguntzeko eskatu dute. “Amiantoa duzunean, ez duzu zuk bakarrik, albo ondorioak familia osoarentzat dira”, esan du Aspirozek. Fernandezek senarraren eta Aspirozen hitzak gogoratu ditu: “Jendeak jakingo balu zer gertatzen den, zer beldur dituzun eta zer sentitzen duzun, orduan norbaitek zerbait egingo luke”.