Saioa Alkaiza
Tentsioarekin hilerokoa jaitsi zitzaidan, eta ez zidaten aldatzen utzi. Galtzak odoletan nituen. Biluztera behartu ninduten, eta, zutik, tanpaxa kendu eta ahoan jartzera behartu ninduten”. 1983an torturatua izan zen Mertxe Gonzalezek egin zituen hitzok Nafarroako Parlamentuaren egoitzan, iazko apirilean, Foro Sozialak bost emakume torturaturen testigantzak entzuteko antolatutako hitzorduan. Adibide bat baino ez da.
Beste bat Guardia Zibilaren eskuetan bost egun eman zituen Ainara Gorostiagaren kasua da; poltsa buruan ito zuten, eta hori eta beste hamaika krudelkeria salatu zituen Nafarroako Parlamentuan egindako saioan: “Barkamenak ez dit balio. Mina eginda dago jada. Beharrezko ikusten dut gizarteak begiak irekitzea eta torturaren mozorroa kentzea. Tortura ez da bakarrik Guantanamon gertatzen. Estatuaren babesarekin, Euskal Herriko eta Espainiako espetxeetan ere torturatu da”.
Torturak azalean pairatu dituzten bi pertsonaren samina. Latzak izan ziren Gloria Bosque, Mertxe Gonzalez, Marilo Gorostiaga, Ainara Gorostiaga eta Izaskun Goñi torturatuek hitzordu horretan kontatutakoak: kolpeak, bortxaketa mehatxuak, indarra akitzerainoko ariketa fisikoak, tortura psikologikoa… Haien gisan sufrituta, zenbat ote dira torturatutako nafarrak? Zenbatek idatziko zuketen aztnugal inkomunikazioan, horretarako aukera izan balute? Zenbatek ezagutu zuten infernua ziegara heldu aurretik? Ez dakigu. Ez dago dokumentatuta. Ez dugu daturik; eta izenik ez duen hori ez bada, izanik ere ez du jaso gabeko horrek.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, jakina zena agerira ekarri du Francisco Etxeberriak, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, torturari buruz egindako txostenak: egindako lan horretan 4.113 tortura kasu dokumentatu ditu Francisco Etxeberriak, 1960. urtetik 2014. urtera —eta jaso ahal izan dituenak dira horiek; egileak berak aitortu du “askoz gehiago” direla, alegia, “halako bost” izan daitezkeela—. 4.113. 4.113. 4.113. Bai. 4.113, dokumentatuta daude, eta izan daitezke “halako bost”.
Falta diren datuetako batzuk Nafarroakoak dira, memoriaren arloan UPNk zokoratutako herria izan baita gurea, sasiak beteta, kontakizun aniztunak ezeztatuta eta bestearen ukazioan oinarrituta. Memoria ezabatu nahi izan digute. Egia bakarra dagoela sinetsarazi.
Orain, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuko kideek Nafarroako tortura kasuak ere ikertuko dituzte: dokumentuak bildu eta analizatu, torturatuen zerrenda osatu, eta Istanbulgo Protokoloa ere aplika dezakete, zenbait kasutan, sinesgarritasuna frogatzeko.
Lazgarria da 4.113 tortura kasu egon izana Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina zenbateraino puztu daiteke zenbaki hori orain? Zenbat ote dira hemengo, Nafarroako, tortura kasuak? Euskal Herriaren zer-nolako erradiografia geratuko zaigu torturaren ikerketa osatzen dutenean? Imajinatze hutsak beldurra ematen du.