Edurne Elizondo
Otsailaren 1etik 7ra eginen dute matrikulazio kanpaina Nafarroan, 3 urteko haurrek Haur Hezkuntzan izena eman dezaten. Hezkuntza Departamentuak sare publikoaren aldeko mezua zabaldu du; Euskarabideak eta 24 toki entitatek, berriz, D ereduaren aldekoa. “Eleaniztasunaren balioa” nabarmendu du Agoizko alkate Unai Lakok (Agoitz, 1984), toki erakunde horien izenean. Hizkuntzaren aurkako kritikak “hauteskunde kanpainaren” arloan kokatu ditu.
24 toki entitatek bat egin duzue, Euskarabidearekin, D ereduaren alde. Indarrak batzeko?
Bai. Euskarabidearen bidez, Nafarroa osora ailegatzen da gure mezua. 24 toki entitate horien artean gaude hemeretzi udal, hiru mankomunitate eta bi batzar nagusi. Iruñerriko ia denak daude sartuta, eta eremu mistoko eta eremu euskalduneko batzuk. Beste hainbat toki entitatek ere egiten dituzte beren kanpainak, Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan, esate baterako.
Zein da egoera Agoitzen?
Nahiko ona. D ereduak du gehiengoa; aurten, adibidez, Haur Hezkuntzan hasi diren ikasleen ia %66 ari dira D ereduan.
D ereduaren aldekoa da zuen apustua. Zergatik?
Batetik, pentsatzen dugulako orain, oraingo mundu globalizatuan, hizkuntzak jakiteak beti egiten digula mesede, beti dela positiboa. Berrogei urteotan D ereduak erakutsi du euskara, gaztelania eta ingeles maila polit bat izateko berme bat dela. Bestetik, Nafarroan gaude, eta gure hizkuntzak babestu behar ditugu; haien alde egin. Horregatik, beti izan dugu argi D eredua dela osoena. D ereduko ikasle izan direnak dira horren berme. Ausartak izan behar dugu, eta D eredua bultzatu, kritikatzera ateratzen diren ahots horiek entzun gabe.
Euskararen inguruko edozein urrats egiten duenean entzun behar izaten ditu gobernuak kritika horiek. Zer deritzozu?
Uste dut topatu dutela hizkuntzaren arloan elementu inportante bat gobernuari eta zenbait udali kritika egiteko. Tematu egin dira. Nik argi utzi nahiko nuke kanpaina hau, adibidez, ez zela atzo hasi; aurreko legegintzaldi eta urteetan ere egin izan dira gisako kanpainak. Akaso indar edo gogo gutxiagoz eginen zuten, baina egia da egiten zirela. Orain kanpaina kritikatzen duten hainbat politikarik, kanpaina bera babesten eta sustatzen zuten alkate zirenean. Ez dut horrekin esanen sekulako euskaltzaleak zirela, baina egiten zuten. Besteak beste, gure alkate ohi Jose Javier Esparzak. Agoizko Udalak ere babesten zuen kanpaina, behintzat, Esparza alkate zenean. Aldatu da gogoa; guk babesten dugun horretan sinisten dugu.
Kritika kanpainaz haragokoa da, beraz?
Uste dut euskararen inguruan entzuten ari garen kritika horiek oso faltsuak direla, eta eztabaida politiko orokor batean kokatzen direla. Testuinguru zehatz batean, gainera: hasi da kanpaina. Gobernuaren eta aldaketaren aurka egin nahi dute gogor, eta aurkitu dute oinarrizko bilakatu duten hizkuntzaren gaia.
Herrietan, sortzen al du zalapartarik udalen kanpainak?
Herrietan erabat normalizatuta daude D ereduaren aldeko kanpainak. Ez dago zalantzarik. Jendea ez da sutzen, ez zaio eskandaluzko gaia iruditzen, inondik inora. Ez dago kritikarik. Urtero egiten dugu kanpaina, eta kontu erabat normalizatua da.
Oposizioaren kritikak aipatu dituzu, baina laukoan ere badira. UPNk kanpainaren aurka aurkeztutako mozioarekin bat egin du Ezkerrak parlamentuan. Ulertzen duzu?
Ezkerraren jarrerak mindu egiten nau harritu bainoago. Ausartak izan behar dugula erran dut, eta Ezkerrako kideen artean, hain zuzen ere, ausardiarik eza sumatzen dut. Soziolinguistikaren alorrean zer iritzi duten, eta niri, behintzat, ez zait batere gustatzen. Gainera, argi utzi behar da ez dela Hezkuntza Departamentua D ereduaren aldeko kanpaina egiten duena.
Hori egozten diote, ordea.
Bai, baina Hezkuntza Departamentuak eskola publikoaren aldeko kanpaina egiten du. Maria Solana kontseilariak aurkeztu du kanpaina hori. D ereduaren aldekoa, berriz, Euskarabideak egiten du, euskara zerbitzua duten toki entitateekin batera. Eta hori erabat logikoa da.
Euskarabidearen eta euskara zerbitzuen lana ez al da hori?
Hori da. Euskarabideak ez badu sustatzen horrelako kanpaina bat, nork eginen du? Euskarabideak ez badu lan hori egiten, zertarako behar dugu erakunde hori? Hori da haren zeregina, bai eta euskara zerbitzuena ere.
Kanpainaren aurkezpenean eleaniztasunaren balioa nabarmendu zenuen. Euskarari gehitzeko balio hori ukatzen diote, ordea, kritikatzen dutenek.
Euskaraz jakiteak beti eman beharko luke puntu gehiago. Hizkuntza bat jakitea beti da onerako. Eta hemen, euskararen herrian, are gehiago. Nafarroan euskara ikasteak eta euskaraz jakiteak normala izan beharko luke. Eta D ereduak aukera hori ematen du, hain zuzen ere. Nafarroako bi hizkuntzak eta ingelesa ikasteko eta jakiteko aukera ematen du. Beste ereduek ez, ordea. Horregatik egiten dugu D eredua babesteko kanpaina.
Nekagarria da, oraindik ere, eleaniztasunaren balioa azaltzen aritu behar izatea?
Tristea da euskararen inguruko eztabaida, oraindik ere, parametro horietan garatzea. Energia asko eta asko gastatzen dugu gisa horretako eztabaidetan. Hainbat eskubide oso argi ditugu, baina hizkuntza eskubideetan inork ez du erreparatzen. Nik uste dut Nafarroan euskaraz arta ditzaten nahi duten guztiek izan beharko luketela horretarako aukera. Hori lortzeko egin den urratsik txikienak ere sute handiak piztu ditu, sekulako eztabaidak. Tristea da egoera hori, are gehiago kontuan hartuta pausoak oso pixkanaka ematen ari direla.