CCOO eta UGT sindikatuek Iruñean duten egoitzaren parean egin nahi izan du Jose Luis Diaz Monrealek (Iruñea, 1943) elkarrizketarako argazkia. Harridura aurpegien aurrean, azalpena eman du: “Sindikatu bertikalaren egoitza zen hau, gure etsaiarena. Hemen egiten genituen protestak”. Badu zentzua, erretiratu zenetik langile borroken memoriaren aldeko lanean ibili dela kontuan hartuta. Borroka horietako bat izan zen Potasasekoa: 48 langilek itxialdia egin zuten meatzean hamabost egunez, eta inguruko langileen elkartasuna piztu. Aurten bete dira berrogei urte.
Nola gogoratzen duzu Potasaseko hura?
1974ko azaroan hasi zen dena. CCOOk lan baldintzen inguruko aldarrikapen sorta bat kaleratu zuen, eta data bat jarri zuen, azaroaren 20a, Nafarroako enpresa handienek erantzun zezaten, bestela grebara deituko zutela ohartaraziz. Abendu hasierarako, milaka langile ziren greban. Data horietan, gainera, CCOOk (ez zuen gaur egungo sindikatuarekin zerikusirik) Espainiako Estatu osoan deitutako greba orokorra zegoen. Azkenean, deialdia bertan behera utzi zuen sindikatuak estatuan, baina Nafarroa, Bizkai eta Gipuzkoan mantendu zen. Istilu handiko protestak izan ziren greba hartan, eta, hortik aurrera, katean etorri zen dena. Potasaseko meatzean itxialdia egitea erabaki zen. Aurretik beste itxialdi bat egona zen, baina jende askorekin, eta gutxi iraun zuena. Horregatik erabaki zen jende gutxiago sartzea meatzean, baina denbora luzeagoz egoteko, eta neurri batean, komatxo artean, hiltzeko prest egongo zena.
Eta, hala, lurpean sartu ziren dozenaka langile.
1975eko urtarrilaren 7an izan zen. 47 pertsona sartu ziren hasiera batean, Undioko putzutik (meatzera sartzeko bideetako bat zen; Espartzakoa bestea). Barruan sartu eta gutxira, Guardia Zibilak meategia inguratu zuen. Baina, gau batean, kanpoan ziren langile batzuek guardia zibilak distraitzeko mugimendua egin zuten. Haien kontra harriak bota zituzten, eta horiek erantzun zutenean, langile batek putzuan sartzea lortu zuen, barruan zeuden kideei walkie-talkie batzuk eramateko. Ezinbestekoa zen hura, barruko eta kanpoko langileen artean komunikazioa egon zedin.
Protestak elkartasun olatua ekarri zuen.
Bai, ikaragarria. Itxialdia egin bitartean, mobilizazio asko egin genituen kanpoan. Gogoan dut behin martxa bat antolatu zuela CCOOk, Zizur Nagusitik Espartzaraino joateko, zelaitik. Jendetza zegoen, 5.000-6.000 orduko iturrien arabera, eta adin guztietakoak. Hara iristean, grisak oldartzen hasi ziren. Ikaragarria izan zen.
Etsipena sentitzen dut, iruditzen zaidalako, neurri handi batean, sindikalista asko funtzionario bihurtu direla.
Eskubideen alorrean, asko zor zaio garai hartako borrokari…
Urte horietan, dena irabaziko genuela uste genuen. Baina, gutxira, niretzako inflexio puntua izan zena gertatu zen. Franco hil ostean, sindikatu berriak azaleratu ziren: UGTren hazkundea —Nafarroan ordura arte indar gutxi zuen—, LABen sorrera, ELAren berragertzea, ORTren eta LKIren gisakoak… Legezkotasuna bermatua zutela, horietako asko erosotasuna bilatzen hasi ziren. Nafarroan, CCOOk eta UGTk sindikatu borrokalariak izaten segitu zuten, Espainian gertatzen zenaren kontrara. Baina, orduan, Moncloako akordioak sinatu zituzten Madrilen, eta CCOO, UGT, PSOE eta PCEk eskuinarekin egin zuten ituna. Orduan, CCOOk Nafarroako zuzendaritza osoa kanporatu zuen, eta Madrildik gidatutako kudeaketa batzorde bat jarri. UGTn gauza bera gertatu zen: Nafarroako militante borrokalari guztiak bota zituzten. Eta hala, urte bakarrean, Nafarroako langile gatazka hamarren bat jaitsi zen.
Gaur arte.
1980ko panorama sindikala gaur egungo bera da. Salbuespen batzuk badira, ESK agertu zen —hain zuzen, CCOOtik eta UGTtik botatakoen parte hartzearekin—. Baina, oro har, egoera ez da askorik aldatu. Etsipena sentitzen dut, iruditzen zaidalako, neurri handi batean, sindikalista asko funtzionario bihurtu direla.
Sindikatuak aipatu dituzu, baina langileria zertan aldatu da?
Orduko langileriak hiru ezaugarri nagusi zituen, formazio teorikoaz gain, oraingoa baino zabalagoa zena. Batetik, elkartasuna, sakratua zena. Batasuna zen beste bat: talka politiko asko zeuden, baina helburu komun bat zegoen, diktadura garaitzea. Hirugarrenik, duintasuna ere bazuen. Gogoan dut Potasaseko langile baten pasadizoa. Ikasketarik gabekoa zen, baina borroka guztietan ibiltzen zen. Behin, Iruñeko Sarasate pasealekutik zihoala, eskale bat ikusi zuen San Nikolasen elizaren atarian. Lepotik hartu, eta zera esan zion: “Zer egiten duzu hemen eskean? Nahi baduzu, har nazazu besotik, eta elkarrekin joango gara banku bat lapurtzera. Kalean eskean ibiltzea baino askoz duinagoa da hori”.
Hasierako maiatzaren 1ak klandestinoak eta antolatzen zailak ziren, arrisku handikoak. Orain, CCOO eta UGT bigantxak eta bazkariak antolatzen ikusten ditudanean…
Orduko klase kontzientzia desagertu da?
Gure artean klase borrokaren kontzeptua oso presente zegoen. Gaur ez dut inondik ikusten. Lehen, ohorea zen langile klasekoa izatea. Orain, ia disimulatu egiten da, desohorea balitz bezala.
Maiatzaren Lehena da gaur. Egun hau aldarrikatzeko modua ere aldatuko zen, ziurrenik.
Hasierako maiatzaren 1ak klandestinoak eta antolatzen zailak ziren, arrisku handikoak. Orain, CCOO eta UGT bigantxak eta bazkariak antolatzen ikusten ditudanean… Egia da LAB eta ELA borrokalariagoak direla, eta gaur egun besteengan ez dudan konfiantza dut haiengan. Baina, hala ere, gustatuko litzaidake diru laguntzen hain menpe ez egotea.
Urte horietan, dena irabaziko genuela uste genuen. Baina, gutxira, niretzako inflexio puntua izan zena gertatu zen. Franco hil ostean, sindikatu berriak legeztatu zituzten, horietako asko erosotasuna bilatzen hasi ziren.
Ezkor ikusten zaitut.
Bai, zaharra naiz, 71 urte ditut, eta ezin dut saihestu. Beltza da panorama.
Alde horretatik, zer garrantzi du lehengo borroken memoriak?
Erabatekoa. Badakit hauek aitona zaharraren kontuak diruditela, baina uste dut gure langile historiaren gaineko ezjakintasun handia dagoela. Gure guraso eta aitona-amonak mundu hobe baten alde borrokatu ziren, eta hori gogoratu beharrekoa da.