Begirada aldatzeko beharra

Begirada aldatzeko beharra

Edurne Elizondo

Hitz egin behar da. Auzia gizartera zabaldu. Ikusgarri bilakatu”. Horixe nabarmendu du Dau Garcia Dauderrek, intersexualitateari buruz. Ekintzaile feminista, psikologo eta irakaslea da Dauder. Intersexualitatea errealitate ezezaguna dela erran du; ezkutuan gelditzen dela, neurri handi batean; ezkutuan, egungo gizarteak arau dituen sexuaren eta generoaren dualismoek bazter uzten dutelako erdibide batean ikusten duten hori. Zapaldu egiten dute ezarritako mugen artean ez dagoena; beren arau horien arabera ezin izenda dezaketena. “Dualismoen begiradak indarkeria eragiten du. Alda dezagun, beraz, begirada hori”.

Mezu hori jarri du Dauderrek mahai gainean. Begirada aldatzeko beharrarena, alegia. Lehen urratsa, haren ustez, intersexualitatea zer den argi azaltzea da. Izan ere, anitzetan nahasten da intersexualitatea genero identitateekin. “Intersexualitateaz hitz egiten dugunean, ordea, gorputzen aniztasunari buruz ari gara”, zehaztu du. “Gauza bat da norbait ez gizon ez emakume sentitzea; eta bertze gauza bat da intersexuala izatea”.

Gaian sakondu nahi izan du Dauderrek, eta teoria feministen ibilbide luzean sexuaren eta generoaren artean egindako bereizketa ekarri du gogora: “Sexua biologiarekin lotu izan da; generoa, berriz, eraikuntza sozial bat litzateke”. Egungo testuinguruan, Dauderrek beharrezkotzat jo du emakume subjektua aldarrikatzen jarraitzea, “berdintasunaren bidean urratsak egiteko subjektu politiko eta kolektibo gisa”. Emakumeaz ari garenean ere oinarrian dualismoaren ideia hori dagoela ohartu behar dugula erantsi du, ordea, eta lan egin behar dugula dualismo hori deseraikitzeko.

Errealitateak berak egiten dio kontra gizarte arauak egiazkotzat jo duen irudi horri. Horixe argi eta garbi utzi nahi izan du Dauderrek. Sexuaren gaia jarri du adibide. “Berez bi sexu bertzerik ez dagoela sinetsarazi digute; emakume edo gizon izan gaitezkeela, berez. Sexu deitzen dugun horrek, ordea, hamaika elementu ditu, eta elementu horiek, anitzetan, ez dute dualismo horrekin bat egiten”. Natura, finean, gizarteak oinarri duen dualismo hori baino pluralagoa da. Sexuaren inguruko hainbat elementu aipatu ditu Dauderrek aniztasun horren adibide: kromosomak, hormonak, morfologia…

“Kromosomen esparruan, erran izan digute XX kromosomak direla emakumeei dagozkienak; XY, berriz, gizonezkoei dagozkienak. Naturan, bertze hainbat espezietan gertatzen da emakumeek duten bikote simetriko hori arrek izatea; oilarra, adibidez, ZZ da”, azaldu du psikologoak. Gizakien esparrutik atera gabe ere, badira XX edo XY ez diren pertsonak: “XXY edo XYY izan daitezke, adibidez. Badira, halaber, XY diren emakumeak”. XY diren emakumeek, adibidez, barne barrabilak dituzte. “Anitzetan, emakume horiek nerabezaroan ohartzen dira beren egoeraz, hilekoa jaisten ez zaielako”.

Gisako zerbait gertatzen da hormonen auzian, Dauderren hitzetan. “Hormona femeninoak eta maskulinoak daudela erran izan digute; testosterona dela maskulinoa, eta estrogenoak, berriz, femeninoak. Izendapen horren atzean, halere, ideologia dago. Gizonek ere badituzte estrogenoak, eta emakumeek ere badute testosterona. Hormona batzuen eta bertzeen maila aldatzen da pertsona batetik bertzera; ezartzen ahal dugu muga bat errateko hormonen arabera nor den emakume eta nor den gizon?”, galdetu du Dauderrek. Adituak argi du gisa horretako planteamenduek inolako zentzurik ez dutela.

Ebakuntzak eta hormonak

Intersexualitateari buruzko teoriaz harago, gorputz intersexuala dutenen errealitatea gertutik ezagutzen du Garcia Dauderrek, urte luzez aritu baita haur intersexualak dituzten gurasoak laguntzen. Dualismoaren indarra umea jaio haurretik ezagutzen du edozein gurasok, hain zuzen ere: “Neska edo mutila izanen duen galdetzen diote denek haurdun dagoenari. Umea jaio eta gero, gerta daiteke, adibidez, XX kromosomak izatea, eta testosterona maila altua. Horrek eragiten du klitori ohi baino luzeago bat izatea, eta guztiz garatu gabeko bagina bat”.

Gisa horretako egoerek gurasoengan eragiten duten beldurra eta estresa nabarmendu du Dauderrek, eta, egun, guraso horiek dituzten galderei medikuntzatik baino ez dietela erantzuten. Medikuntzarena, ordea, dualismoaren begirada ere bada. Eta horrek ekartzen du medikuek ebakuntzen eta hormonen bidezko tratamenduen aldeko apustua egitea. “Hori da, gaur egun, protokolo batean jasota dagoen irtenbidea”, azaldu du psikologoak.

Ez du batere egokitzat jo, ordea, ebakuntza horiek ezin konpon daitezkeen ondorioak eragiten ahal dituztelako. “Egokiena litzateke haurra jaio berri denean egiten diren ebakuntza horiek bazter uztea, eta umeak erabaki dezala, handitzen denean. Malgutasunez jokatu beharko genuke haurrak hazterakoan, eta haiek erabaki dezatela beren gorputzei buruz”.

Gakoa, berriz ere, egungo gizartearen begirada aldatzea dela nabarmendu du Dauderrek. “Begirada hori delako, finean, egiten diren ebakuntza horien guztien eragile. Gorputzak umeak jaiotzen direnetik ukitu beharrean, anitzez ere egokiagoa litzateke begirada hori aldatzea, gorputz eta identitate guztiek beren tokia izan dezaten”. Hori lortzeko, hitz egitea da lehen pausoa. Zabaltzea. Ikusgarri bilakatzea.

Irudia: Iñigo Uriz / Argazki Press