Lehen bozak, NUPen

Edurne Elizondo / BERRIA

Nafarroan, boza emateko hainbat aukera izanen dira hilabete honetan. Hilaren 24ko foru eta udal hauteskundeen aurretik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginen dituzte lehendabiziko hauteskundeak, gaur. Errektorea aukeratuko dute NUPeko kideek.

Julio Lafuente egon da kargu horretan azken zortzi urteotan. Gaurko bozetan, Alfonso Karlosena fisikaria eta Jorge Nieto ekonomialaria izanen dira lehian. Lafuenteren taldeko kide izan da Karlosena orain arteko errektorea karguan izan den denboran. Nietok ere badaki ardura hori zer den, Antonio Perez Prados errektore ohiaren taldeko kide izan baitzen.

Ia 9.800 pertsonak izanen dute gaurko hauteskundeetan botoa emateko eskubidea. Ikasleak dira haietako gehienak: 8.200 baino gehiago, hain zuzen ere. 1.000 baino gehiago dira botoa eman ahal izanen duten irakasleak eta ikertzaileak, eta ia 500, azkenik, administrazio eta zerbitzuetako langileak.

Ikasleek osatzen dute NUPeko sektorerik zabalena. Ez da haien botoa, ordea, pisu gehien izanen duena, NUPeko errektorea hautatzeko hauteskundeetan botoa neurtua baita. Hauek dira bakoitzari dagozkion ehunekoak: %59 unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreentzat; %11 gainerako irakasle eta ikertzaileentzat; %20 ikasleentzat; eta %10, azkenik, administrazio eta zerbitzuetako langileentzat.

11:00etatik 18:00etara eman ahal izanen dute botoa NUPeko Arrosadiako campuseko kideek. Ikasgelategiko hiru gelatan jarriko dituzte hautetsontziak. Iruñeko Osasun Zientzien Fakultatean eta NUPek Tuteran duen campusean, berriz, 12:00etan hasi eta 17:00etan amaituko da botoa eman ahal izateko epea. 20:00ak aldera jakinen da hauteskundeen emaitza, NUPeko arduradunek azaldu dutenez.

Fisikaria ala ekonomialaria

Alfonso Karlosena izan zen errektore izateko hautagaitza aurkezten lehendabizikoa. Ikerketarako errektoreorde izan da azken zortzi urteotan, Julio Lafuenteren garaian. Zaragozako Unibertsitatean egin zituen Fisika ikasketak; ondoren, lizentzia lortu, eta doktore titulua eskuratu zuen.

Errektorea hautatzeko prozesua martxan jarri zenean, ematen zuen Karlosenaren hautagaitza bakarra izanen zela eta lehiakiderik ez zuela izanen. Izan ere, azken egunean aurkeztu zuen Jorge Nietok errektore izateko hautagaitza.

Nietok ere badaki zer den errektorearen taldean aritzea, Antonio Perez Prados NUPeko buru izan zeneko garaian Kudeaketa Akademikoko errektoreorde izan baitzen, 1996tik 1999ra. Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Ekonomia zientzietan doktorea da.

«Bikaintasunaren» mezua egin du Nietok bere kanpainaren ikur. Lehiakidearen programa «errealistagoa» dela onartu du, baina «bikain izateko helburuari» eutsi dio hautagaiak, eta, hori lortzeko, unibertsitateari buruzko lege propioa egitea da gako nagusietako bat, haren hitzetan.

Karlosenak ere unibertsitate hobea du xede. Erabat garatu nahi ditu NUPek dituen gaitasunak; bertzeak bertze, ikasketen zerrenda handituz. Nafarroako osasun sistema publikoak medikuntza fakultatea behar duela erran du, adibidez. Hurrengo errektorea nor izanen den gaur erabakiko du NUPek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.