Edurne Elizondo
Zientzia, teknologia eta gizartea. Harreman estua dago hiru esparruon artean, eta agerian gelditzen da, nabarmen, uraren inguruko gatazketan. Nafarroan, hainbat daude mahai gainean: adibidez, Itoizko urtegia eta azpiegitura horri lotutako ubidea, Esako urtegia handitzeko proiektua, eta Lokiz mendilerroko akuiferoak ustiatzen jarraitzeko asmoa. Gatazka horiek jorratu ditu Julia Ibarrak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak, Lizarran, Urbizik antolatutako jardunaldian. Urbizik Montejurrako Mankomunitatearekin eta Lizarraldea DBHko institutuarekin batera egin du ekinaldia, Uraren kultura berria hezkuntza sisteman izenburupean.
Uraren inguruko gatazkek hezkuntzaren esparruan ematen dituzten aukerak nabarmendu nahi izan ditu Ibarrak, batez ere. Doktorea da Hezkuntza Zientzietan. Urtegien gisako azpiegiturak aipatu ditu, bai eta ia urtero errepikatzen diren uholdeak eta eragiten dituzten ondorioak ere, bertzeak bertze. “Gaur egun, hezkuntzaren esparruan, gaitasunena da ideia nagusia. Zientziaren arloan zera gertatzen da: gaitasuna kontzeptu zientifikoak barneratzea baino gehiago dela; halaber, arlo horretako gaitasunak ekartzen du arazo konplexuei erantzuna ematea”, azaldu du NUPeko irakasleak. Eta horretarako, ezagutza zientifikoarekin batera “zientziaren arloan alfabetatzeko”, testuinguru bat behar dugu, arlo sozialaren ezagutza behar dugu: “Jakin behar dugu nork eta nola erabakitzen duen”, erantsi du. Gazteen iritzi kritikoa bultzatzea jo du xede.
Ustez zientziaren eta teknologiaren izenean hartzen diren erabakiek gizartean duten eragina ederki islatzen dute Itoizkoaren edo Esakoaren gisako uraren inguruko gatazkek. “Presa bat egiten denean, ingurumenarekin lotutako gatazka bat dago sakonean. Zerbait suntsitzen da. Ustez, horrek onura ekarriko duelako suntsitzen da. Hor sortzen da gatazka. Batzuk esaten dute presa hori egitea ez dela beharrezkoa; beste batzuek, berriz, esaten dute beharrezkoa dela. Itoitzen, lehendabizi presa egin, eta gero erabaki zuten zertarako erabili”, erran du Ibarrak.
Batetik, zientziaren eta teknologiaren arloa dago, eta, bestetik, soziala. “Kontua da, askotan, ikuspuntu politiko batetik, administrazioak erakutsi nahi digula objektiboak direla gisako proiektutan hartzen diren erabakiak; esaten digute erabaki horiek ekartzen dituztela ingurumenaren aldeko neurriak. Baina ez da egia. Askotan, zera gertatzen da: ingurumenak duen balioa ez da kontuan hartzen”.
Ibarrak gisako dinamikak antzeman ditu Esako urtegia handitzeko proiektuari buruzko erabakien atzean ere. “Herritarren segurtasuna dago zalantzan. Administrazioak konponbide teknologiko gehiagorekin erantzun dio kezka horri; diru gehiago gastatuz, alegia. Kontua da ez diola erantzun segurtasuna zalantzan jarri duen benetako arrazoiari, presa handitzeko erabakiak jarri baitu segurtasuna kolokan”.
Trebatu eta garatu
Uraren inguruko gatazkak eskoletara eta institutuetara eramatea urrats garrantzitsua izan daiteke, Ibarraren hitzetan, gazteok trebatzeko eta haien iritzi kritikoa garatzeko. “Kontua ez da haiek gatazka horientzako konponbide bat bilatzea, baizik eta gatazka horien bidez formakuntza sendotzea; erabil ditzatela argudioak eta datuak erabakiak testuinguruan kokatzeko, eta agerian uzteko zer eragin daukaten gizartean zientziaren eta teknologiaren arloko erabaki horiek”, azaldu du.
Finean, zientzian alfabetatzea jo du NUPeko irakasleak helburu, eta xede hori betetzeko uraren inguruko gatazkek irakasteko dutena azaldu du: “Ikasleek ikasten dute zientziaz, teknologiaz, bai eta gizartearen barne harremanez ere”.
Zientzian alfabetatzeko helburu horrekin ari direnen arloan, Ibarrak Derek Hodson ekarri du gogora. “Harago jo du bere proposamenetan; argi utzi du ez dagoela objektibo izaterik zientziaren eta teknologiaren erabileran, atzean interesak daudelako beti. Hodsonek esaten du hori nabarmendu beharra dagoela, ikasleei interes horien berri eman behar zaiela, ekintzaileak lortzeko helburuarekin. Gizartean eraginkor izanen diren pertsonak trebatu nahi ditu”.