Lur Albizu Etxetxipia
Planto eginen genuela esan, eta egin dugu. Ez dugu inoren leziorik behar, badakigu zertan ari garen. Emakumeek*, feminismoek, kaleak hartu ditugu. Geratzeko etorri gara. Kontuan hartuko gaituzue? Kontuan hartuko dituzue militatzeko beste erak? Kontuan hartuko dituzue gauzak egiteko moduak? Kontuan hartuko duzue beste inon baino askoz emakume* gazte gehiago bildu dela prozesu honetan? Aintzat hartuko duzue emakumeon* hitza, edo erabakiak zuen kabuz eta zuen “kudeaketetan” hartzen jarraituko duzue?
Hitz hauek greban parte hartu zenuten emakume* guztiei. Azken aste eta hilabeteetan gelditu gabe lanean ibili zareten guztiei. Egunero greban pentsatu duzuenei, ekitaldiak prestatzen egon zaretenei. Batzarrak antolatu dituzuenei, batzuk eta besteak prestatzeko erotu zaretenei. Hasieratik honekin aurrera egin behar zela zenekitenei. Konbentzituta zeundetenei eta apustu erraldoia egin duzuenei. Txandak egin dituzuenei; ahal zenutena egiteko prest agertu zaretenei.
Gertukoen eta ez hain gertukoen zalantzak (pazientzia handiz) argitu dituzuenei. Herriz herri batzarrak, egitasmoak eta ekintzak loratu dituzuenei. Lehen haziak jarri zenituztenei. Amantalak zintzilikatu dituzuenei. Bideoak egin dituzuenei. Batzarretan aspertu zaretenei, haserretu zaretenei, barre egin duzuenei. Urduri jarri zaretenei. Lan-kargak itoko zintuztetela uste zenutenei. Señorei. Egunak telefonora itsatsita egon zaretenei. Institutuetan greba onartzeko izateko arazoak izan dituzuenei, beste hezkuntza baten alde jo eta ke ibili zaretenei. Mila diseinu egin, eta Whatsapp taldeetan desesperatu zaretenei. Pankartak nola egiten diren irakatsi nahi izan diguzuenei.
Aliantzak josi eta saretu dituzuenei. Hasieran beste batzuekiko mesfidantzak zenituztenei; ostegunean mesfidantzak besarkada bihurtu ziren. Gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakutsi duzuenoi. Antolatzeko beste era bat dagoela demostratu duzuenei. Beste dimentsio batzuk ikusarazi dizkiguzuenei. Ematen duena baino errazagoa zela esaten zenutenei.
Greba feministak eztanda egin zuenean, gauez, egunak izanen zuen tamainaz ohartu zinetenei. Ur kuboa gainera bota zizuetenei. Piketeak egin zenituztenei; auzoa, herria, hiria pankartaz josi zenutenei. Ekintzak egin nahi izan eta lortu ez zenutenei. Errepideak moztu eta paretetan oihuak margotu zenituztenei. Dantzatu, txalo egin zenutenei. Aski dela esateko elkartu zinetenei. Bideak moztu, Corte Inglés inguratu, Inditex itxi zenutenei.
Posible izanen zela sinetsi zenutenei. Aurreikuspenak gainditu eta plaza guztiak bete zenituztenei. (Jo)ahaldundu zinetenei. Pankarta eraman, eta zoriontsu izan zinetenei. Jendaurrean hitz egin zenutenei. Elkar besarkatu zenutenei. Egunaren amaieran negar egiteari eutsi ezin izan zeniotenei eta eutsi zeniotenei. Gorputzak eztanda eginen zuela pentsatu zenutenei. Lagunak egin dituzuenei. Bideko lagunei.
(Donibanekoei, irribarre egiten jarraitzeagatik; keinu bakoitzarengatik. Oso harro egoteko moduko auzoa eta kideak dituzu, Antxo. Jtk!).