Kattalin Barber
Ia bi hilabeteko ibilbidearen ostean, bihar amaituko da Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. 17:30ean eginen dute finala, Lekunberriko Toki Alai sagardotegian. Leitzako Aldatzea Komeni, Baztan-Malerrekako Addams Familia eta Lesakako Unibertsolariak taldeek lortu dute bihar azken saioan aritzeko aukera. Azken urteotan bezalaxe, finala lehiaz haragoko bertsolaritzaren festa handia izatea nahi dute. Orotara, 113 pertsonak parte hartu dute Bardoak ekinaldian, eta haietako 74 aritu dira bertsolari. Gontzal Agote Bertsozale Elkarteko kideak nabarmendu du laugarren aldia izaki Nafarroan “errotuta” dagoela egitasmoa, eta bertsolaritza “beste modu batean” erakusten duela.
Aipaturiko hiru talde horietatik aterako da Bardoen laugarren aldiko irabazlea. Arratsaldeko saioa izanen da, baina egun osoko festa egun bihurtuko da Lekunberrin. Agotek jakinarazi duenez, sarrera guztiak salduta daude dagoeneko. Bardoen laugarren txapelketa honek hamasei talde eta 23 saio izan ditu Nafarroa osoan. “Osasuntsu dago Nafarroako bertsolaritza, eta hori ikus dezakegu Nafarroa osoan antolatu direlako saioak, talde askotarikoak eta adin desberdinetakoak direlako. Denetariko bertsolariak daude, eta 74 bertsolari taula gainean kantatzen kopuru ona da”, esan du Agotek. Kontuan hartzeko datua da, halaber, helduen bertso eskolak dauden Nafarroako eremu guztiek hartu dutela parte. Bertsolarien kopurua ere “inoizko handiena” izan dela jakinarazi du elkarteak.
Agotek, bertsolariez gain, taldekako txapelketan aritzen diren pertsona guztien lana nabarmendu du. Gaiak prestatzen, saioak aurkezten eta besteen saioak epaitzen hamaika lagun aritu dira hilabete hauetan Bardoak egitasmoan. “Bertsolaritzaren ekosistemaren ispilu da Bardoak txapelketa; ertz guztiak kontuan hartzen ditu, eta, kantatzeaz harago, beste funtzioen erakusgarri ere bada”.
Agotek erantsi duenez, saioak elkarte edo taberna girokoak izan dira, “hurbilak, gozoak eta berritzaileak”. Gehienetan, gainera, saio horiek otorduekin osatu dira. Horregatik guztiagatik, argi du Agotek: “Bere xumean, handia da Bardoak txapelketa”.
2012an aurrenekoz
Nafarroako Bardoak 2012an jarri ziren martxan, Bertsozale Elkartearen ekimenez, herrialdeko bertso eskolen sarea indartzeko asmoz. Bi urtean behin antolatzen dute, auzolana eta talde lana oinarri hartuta. “Modu horretan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz eta gune berriak barneratuz”.
Laugarrenez egin dute aurten taldekako txapelketa, eta bihar amaituko da, Lekunberriko Toki Alai Sagardotegian egingo den finalarekin. “Baikor” dago Agote taldekako txapelketaren inguruan, eta argi du finala, lehiaz harago, bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izanen dela.
Ekitaldi berezia da Bardoak. “Saio asko daude, deszentralizatuta dago, eta nahiko autonomoa da. Taldekako txapelketa egiten ditugun beste egitasmo batzuekin osatzea da helburua; batik bat, bakarkako txapelketarekin”, azaldu du Agotek. Nafarroako bertsolaritzaren isla izateaz gain, bertsolaritzaz gozatzeko beste modu bat da Bardoak. “Bertsozale elkarteak egitasmoa koordinatzen du, baina talde bakoitzak antolatzen ditu saioak; tokiko izaera dute, eta finala azkeneko bi hilabeteotan egin den horri amaiera emateko modua da”.
Baditu berezitasun gehiago. Saioz saio, beteranoak gazteekin nahasi dira, eta ibilbide luzekoak hasi berriekin atera dira plazara. “Hasiberri diren bertsolariei plazara ateratzeko aukera eskaini nahi diegu, eta, horretarako, uste dugu errazagoa dela Bardoak bezalako ekinaldiarekin lehen aldiz jendaurrean kantatzea, bestelako sariketa batean edo bakarkako txapelketan kantatzea baino”.
Saio gehientsuenetan, gainera, 50 ikusle inguru egon dira. Halere, kopuruak baino gehiago, beste zerbait nabarmendu nahi izan du Agotek. “Argi dago ezin dugula banakako txapelketarekin alderatu, baina oso adierazgarria da bi hilabetean Nafarroa osoan 23 saio egitea”. Bide horretatik, erantsi du gertutasuna helburuetako bat dela. “Entzuleek eskertu egiten dute gisa honetako bertsolaritza eskaintza”.
Bertsolaritzaren transmisioan jarritako arretaren eta indarraren fruitu da Bardoak, eta, bihar, horren lekuko izanen da Lekunberri; beste behin ere, bertsoez gozatzeko parada izanen baita, jai giroan.
Irudia: Nafarroako Bertsozale Elkartea