Lohizune Amatria
Oraindik ere, askotan irakurri eta entzuten dugu terrorismoari gorazarre adiera komunikabideetan; eta, oraindik ere, askotan erabiltzen dute gure herria eta herritarrak kondenatzeko. Asteotan jaso dugu azken adibideetako bat. Eta honek guztiak gogoeta bat eragin dit: zeinek erabakitzen du terrorismoa zer den eta zer ez den? Zer da terrorismoa?
Urteak daramatzagu preso dauden pertsonen siluetak soilik ikusten; txosna edo tabernetan haien irudiak egotea terrorismoari gorazarre egitea omen da eta. Dirudienez, ETAko kide ohi bat agurtzea terrorismoa da; eta, azkenaldian, baita Twitterren mezuak birtxiokatzea ere. Hori ere terrorismoa omen da.
Ideia politikoren bat defendatzea terrorismoa omen den bezala, presoen eskubideak defendatzea ere terrorismoa ei da. Eta, nola ez, guardia zibil batekin taberna batean eztabaida bat izatea ere terrorismotzat hartzen da garai hauetan. Adierazpen askatasuna bera terrorismoa dela ematen du.
Indarkeria bitarteko politiko moduan sistematikoki erabiltzea da terrorismoa. Entziklopediaren arabera, helburu politikoak lortu nahi dituzten taldeen jarduerari esaten zaio terrorismoa. Beraz, hori kontuan hartuta, egia esan, ez dakit orain arte esandako denak onartzen dituen kontzeptuak; baina bururatzen zaizkit adierarekin bat egiten duten kasu zenbait.
Ez al da indarkeria bitarteko politiko moduan sistematikoki erabiltzea atxilotutakoak kartzelan epaiketaren zain urtebete baino gehiago mantentzea? Ez al da sistematikoa izan gazteak “prebentzio gisa” atxilo izatea? 40ak, 28ak, Altsasukoak… adibideak baino ez dira.
Ez al da indarkeria haurdun zaudela medikuarengana zoazela atxilotzea? Eremu pribatuan ere jarraitua izaten ari zarela nabaritzea? Ez al da indarkeria inkomunikazio egunetan parte hartu zuten polizien deklarazioak entzun behar izatea? Ez al dira terrorismoaren isla Euskal Autonomia Erkidegoan dokumentatu dituzten 4.113 tortura kasuak? Gertatu, ezagutuko baina oraindik dokumentatu ez diren gainontzeko guztiak?
Ez al da bitarteko politikoa presoak beraien familiengandik milaka kilometrora bidaltzea? Ez al du helburu politikorik biktima batzuk soilik aintzat hartzeak? Ez al da indarkeria zure senitartekoa non dagoen ez jakitea? Ez al da terrorismoa zer gertatu zen oraindik ez jakitea? Ez al du helburu politikorik zigorgabetasunak?
Garaiak aldatu direla entzuten dugun arren, elkarbizitza, egia, justizia eta erreparazioa politikoen ahoetan behin baino gehiagotan dagoen arren, oraindik ere terrorismo bat eta bakarra egon dela sinetsarazi nahi digute. Kontakizunaren bertsio bakar bat inposatu nahi du sistemak: berea, alegia. Hala, “ofizialki” estatu terrorismoaz ez da hitz egiten, ez da onartu ere egiten. Eta sistematikoa da hori, helburu politiko batzuekin hartutako erabakia, hain zuzen.
Gauzak horrela, agian, estatu terrorismoaz hitz egitea terrorismoari gorazarre egitea izango da aurki. Batek daki.