Kattalin Barber
Bertako basoetan galdu eta toki miresgarriak aurkitzeko parada eskaintzen du Irati Aritzak. Orotz-Beteluk, Garraldak, Garaioak eta Aribek beren basoen eta ibaien berri zabaltzeko prestatu duten ibilbide sarea da. Elkarlanean aritu dira herrien arteko antzinako bideak lehengoratzen, eta herriak lotzen dituzten bost ibilbide osatu dituzte. “Ibilbide horiekin Betelu hariztia, Irati ibaia eta hamaika txoko ezagutzeko aukera dago, gure antzinakoek erabiltzen zituzten bideak baliatuz”, esan du Javier Larreak, Orotz-Beteluko alkateak.
Lau herri horietan baso bizi-bizia dago, landaredi eta fauna askotariko batek osatzen duena. Horien artean, halere, haritz kandugabea nabarmentzen da. Iberiar penintsulako harizti onenetarikoa da: “Gure eremuan hiru klimak bat egiten dute; oso gutxitan gertatzen da hori, eta horregatik dugu bioaniztasun handia”, azaldu du Larreak. Hain zuzen ere, klima atlantikoa, mediterraneoa eta alpinoa lotzen dira bertan.
Betelu hariztian barna bost ibilbide prestatu dituzte Aribe, Garralda, Garaioa eta Orotz-Beteluko udalek. Herri bakoitzean ibilbide bat dago, Ariben izan ezik, bi baitaude, motza eta luzea. Herriko zubi erromanikoan dute hasiera biek. Lehena ordu erdi baten bueltan egiten da, eta Irati ibaiaren ondoan doa, antzinako bainu etxeak eta zubi esekia igarotzen. Luzea, berriz, Garaioa herriko milurteko haritzeraino eta burdin meategi zaharreraino doa. Horrakoan, ibilbidea pagoz, haritzez, lizarrez, ezpelez eta abarrez inguraturik dago.
Garralda, Garaioa eta Orotz-Betelutik ateratzen dira beste hiru ibilbideak. Dena den, Irati Aritza ibilbide sarea “irekia” da, eta bakoitzak “bere nahietara” molda dezake. Hala azaldu du Larreak: “Ibilbide laburrena 20 minutu ingurukoa da, baina hamaika aukera daude, bai eta zazpi orduko ibilbidea egitekoa ere”, nabarmendu du.
Bakoitzaren mailaren arabera eta bakoitzaren beharretara egokitutako bideak dira. Bakoitzak nahi bezala basoaz eta ibaiaz disfrutatzeko. “Ibilbideak mantentzea, urtez urte hobetzea, inguruko baliabideei balioa ematea eta ezagutzera ematea dira gure egitekoak”.
Bertakoentzat
“Mota honetako ibilbideak egiten direnean askotan turistarengan pentsatzen dugu; kasu honetan, ez da horrela izan”. Hala esan du Larreak. Hasieratik ibilbideen helburua eta lehentasuna izan da bertako herritarrek erabiltzea eta bertakoek inguruko bazterrak deskubritzea. “Hemengoek hemen duguna ezagutzea da xedea, txoko ikaragarriak ditugulako”.
Larreak jakinarazi du maiz egiten duela Orotz-Betelu eta Olaldearen arteko ibilbidea, eta urtaro bakoitzean kolore berriak deskubritzen dituela. Ibilbide sareak “harrera ona” izan duela adierazi du. “Jenderik gabe ibil zintezke, handia da, eta edozein bidezidorretan galtzeko aukera eskaintzen du”.
Hain justu, Aste Santuaren atarian estreinatu dituzte ibilbideak. Joan den igandean, Ariben bat egin zuten herri bakoitzetik ateratako lagunek. 40 pertsona inguru bildu ziren ibilbideak egiteko. “Iratiko oihanarekin batera, turistentzat beste alternatiba bat da”.
Pirinioetako herrien arazoak ere izan ditu mintzagai Larreak. Agerikoa da herrien despopulazioa: “Horregatik, herritarrek asko baloratzen dituzte Irati Aritza bezalako ekinaldiak, bizia ematen diotelako herriari eta inguruari”. Horrekin batera, turismoak ere pisu nabarmena du eskualdean, eta landetxea, jatetxea edota taberna dutenentzat “oso positiboa” da baliabide turistikoak sortzea. “Estimatu behar dugu hemen duguna; urrunera goaz herriak eta hiriak bisitatzera, baina hemen ondoan txoko ezin politagoak ditugu”.
Jakin badaki Larreak Pirinioetako egoera ez dela onena, eta turismoaren gaian “hobetu beharra” dutela aitortu du. “Historikoki ez diogu baliorik eman hemengo inguruneari, eskualdearen historiari, mendiari, egurrari, Irati ibaiari… baina aipatutako guztiak oso aberasgarriak dira”.
Ongi daki Larreak Iratiko oihana edo Orreaga bezalako gune turistikoak onuragarriak direla herritarrentzat. Hala ere, batzuetan izaten diren jende pilaketak izan ditu hizpide, eta, hein horretan, argi du estreinatutako ibilbideek turistak eskualdean banatzeko balioko dutela. “Eskatzen digute mota honetako baliabide gehiago egotea, horrela, turismoa dibertsifikatzeaz gain, bisitariak egun gehiago egonen dira gurean, erakargarri turistiko gehiago daudelako”.
Dena den, adierazi du Irati Aritzak ez duela izan nahi Irati oihanaren “alternatiba”, ibilbideek, berez, badutelako “interes eta balio handia”. Biziki maite ditu inguru horiek: “Harro esan dezakegu Iberiar penintsulako harizti onenetarikoa dugula”. Hariztia ez ezik, Irati ibaia aintzat hartzea da ibilbideen asmoa. Guztiak igarotzen dira, behintzat tarte batean, ibaiaren ondoan. “Ibilbideek Irati ibaira hurbiltzen gaituzte”. Hamaika bidetan galtzeko parada ematen du Irati Aritzak.