Kattalin Barber
Transgenikoen “itzalak” jaso ditu Jose Ramon Olarietak (Barakaldo, Bizkaia, 1963) Transgénicos: ¿De verdad son seguros y necesarios? Evidencias científicas que llaman al principio de precaución izenburuko bere liburuan. Nekazaritza Ingeniaritzan doktorea eta Edafologiako irakaslea da Lleidako Unibertsitatean.
Zer arrazoi dago transgenikoei ezetz esateko?
Lehenengo arrazoia eta oinarrizkoena da ez ditugula ezertarako behar. Esan ohi da transgenikoak teknologia bat direla, eta arazo bati irtenbidea ematen diotela, goseari, hain zuzen ere. Baina gosea ez da arazoa, arazo baten sintoma baizik. Eta munduko gosea ez da ekoizpen arazo bat, banaketa arazo bat baizik. 1939. urtean John Steinbeck idazleak The grapes of wrath eleberria argitaratu zuen. Besteak beste, lan horretan esaten da gizakiok elikatzeko fruituak sortu ditugula, baina ez garela gai izan fruitu horiek jateko sistema sortzeko. Hortaz, fruituak lurrean usteltzen ari dira prezioari eusteko. Berdin jarraitzen dugu, Lleidan udaro gertatzen da. Ez dakit zenbat tona fruta botatzen dute, prezioari eusteko.
Transgenikoek ekoizpena handitzen dutela diote. Ados zara?
Ez da egia. Kataluniako Generalitateak urtero kaleratzen dituen txostenak aztertzen ditut, eta urtez urte, labore transgenikoen errendimendua ez da handiagoa. Gainera, landareak hobetzeko ohiko teknikek hobeki funtzionatzen dute. Afrikan pare bat proiektu daude, eta lehorteak eta zoru pobreak jasaten dituzten barietateak sortu dituzte, hain zuzen ere. Hobetu dituzte haziak eta horien artean ez dago hazi transgenikorik.
Orduan, arrazoirik dago transgenikoei baietz esateko?
Haziak patentatu nahi badituzu beharrezkoak dira transgenikoak. Azken finean, hori da helburua: hazien merkatua kontrolatzea. Transgenikoak existitzeko arrazoia hazien jabetza intelektuala existitzea da. Patentea dute transgenikoek, ohiko barietateek ez bezala. Hazi ez-transgenikoak gorde ditzakete nekazariek urtez urte; hazi transgenikoak, aldiz, ez. Epaiketak egon dira nekazariekin gai horren harira. Horregatik esaten dut azken xedea milioika euro mugitzen duen merkatu bat kontrolatzea dela. Oso esku gutxitan dagoen teknologia baita, eta teknologia horren gainean hazi enpresen kontrola dago.
Liburuan zalantzan jartzen duzu transgenikoen segurtasuna. Zer dela eta?
Transgenikoek osasunean eraginik ez dutela esan ohi da. Esaldia erdi-egia da. Hasteko eta behin, transgenikoak merkatuan jarri baino lehen ez da inolako ikerketarik egin. Merkaturatu dituzten enpresek ez dituzte beren eraginak ikertu, eta hori kontsumitu baino lehenago egin behar da. Inoiz ez gero. Bigarrenik, merkaturatzen hasi zirenetik ez dute begiratu gizakiengan zer nolako eraginik duten. Ez da alderatu transgenikoak kontsumitzen dituen norbait kontsumitzen ez dituen norbaitekin. Kontua da ezinezkoa dela, ezin dugula jakin. Ameriketako Estatu Batuetan ez da etiketan azaltzen. Europan, berriz, bakarrik azaltzen da 0,9 baino gehiago dituzten produktuetan. Hortaz, ezin da ziurtatu.
Transgenikoak benetan arriskutsuak al dira?
Pertsonekin egindako hiru ikerketa daude, eta hirurek arazoak dituzte. Lehenengoan ikusi zuten elikagai transgenikoetan sartutako geneak gizakion hesteko mikroflorara igarotzen zirela. Inork ez zuen jarraitu ikerketarekin. Kanadan emakumeekin egindako ikerketa batean ondorioztatu zen emakumeen ehuneko altu batek eta haien fetuek Bt toxina zutela odolean. Toxikoa da. Azkenik, Korean egindako ikerketa batean diote soja transgenikoak immunologia-erreakzio desberdin bat eragiten duela. OMEk ere ohartarazia du minbizia sor dezakeela glisofatoak. Munduan gehien saltzen den pestizida da. Inoiz ez dute esanen artoa herbizida dela, baina hori da duena. Arto hori jaten baduzu herbizida jaten ari zara.
Nafarroan 7.200 arto transgeniko hektarea daude. Zer gertatzen da arto ekologikoa erein nahi dutenekin?
Ezin dute. Lleidan berdina gertatu da. Arto ekologikoa ereiten zuten nekazariak desagertu dira, kutsadura arazoak daudelako. Elkarbizitza ezinezkoa da, ezin zaie murrurik jarri soroei. Dena galdu dute, eta orain arto ekologikoa ekartzen da Italiatik. Azken finean, eredua da. Elikagai merkea sortzea nahi dute, biztanleria kontent egoteko, eta KPI kontsumo prezioen indizea ez igotzeko. Baina ohiko nekazariak ezin du ezer egin, merke ekoizteko hektarea asko behar dituelako.
Gizartean zer iritzi dago, zure ustez, elikagai transgenikoen inguruan?
Egin diren inkestek diote herritarren gehiengoak ez duela transgenikorik nahi. Suitzan erreferenduma egin zen, eta ezezkoak irabazi zuen. Italian, Frantzian eta Grezian ez dute transgenikorik erabiltzen. Kontua da desinformazioa eta interes falta ere dagoela, eta askotan gai hauen inguruan informatzea kostatzen zaigu. Gainera, zientziaren arloko gai gisa aurkezten digute, baina gai politikoa da. Hartzen ditugun erabakiak politikoak dira, ez zientifikoak.
Iruñea Transgenikorik Gabeko Gune izendatu dute. Nafarroako beste 22 udalerrik bat egin dute adierazpenarekin. Zer-nolako ondorioak ditu?
Adierazpen hutsa da, baina beharrezkoa da, aldi berean. Presioa egitea da kontua, eta gaia mahai gainean jartzea da helburua; horrelako urratsak egin behar ditugu borroka irabazteko. Azken finean, bi ereduren arteko borroka da hemen gertatzen ari dena. Zer nahi dugu? Hori da gakoa. Transgenikoek bide batetik eramaten gaituzte eta, nik, behintzat, ez dut hori nahi.