Duela lau urte lortutako ordezkari kopurua areagotu dute sindikatu abertzaleek Nafarroako administrazio publikoko hauteskundeetan. Behin behineko datuen arabera, LAB litzateke lehen indarra, eta ELA bigarrena. Atzetik geratuko lirateke CCOO, Afapna eta UGT. Foruzaingoko eta Osasun Publikoko Institutuko bozak atzeratu egin dira arazo teknikoengatik. Hortaz, ez dira behin betiko emaitzak.
LABek emandako behin-behineko datuen arabera, 55 ordezkaritik 72ra igoko litzateke LAB. ELA ere igo egingo litzateke, 35etik 37ra. CCOOren babesa, berriz, jaitsi egingo litzateke 41tik 35era, eta Afapnak bederatzi ordezkari gehiago lituzke, 23 lortzeraino. UGTren babesa 22tik hamazazpira murriztuko litzateke. LABek, 2013an, Nafarroako Larrialdietarako Agentzian egindako hauteskundeetako emaitzak ere hartu ditu kontuan zenbaketa egiterakoan.
LABen esanetan, azken lau urteetan egindako lanaren “fruitu” dira emaitzak. “Zerbitzu publikoetako langileok aurre egin diogu zerbitzu publikoen aurkako erasoari”. Ohar batean azaldu duenez, zerbitzu publikoen “berreraikuntzari” ekiteko “unea” da orain. Azken legegintzaldian gobernuan egndako UPNrekin eta PSNrekin aurrera eramatea ezinezkoa ikusten dute, ordea. Hori dela eta uste dute, hauteskunde sindikalek igandekoetan izan behar duela jarraipena. Zentzu horretan, LABek bere proposamena igorriko die “aldaketaren gobernua” osatu behar luketen talde politikoei (EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra). “Eredu berria” nahi dutenen arteko “akordio soziopolitikoa” proposatzen du LABek.
24.390 langile zeuden deituta botoa ematera administrazio publikoko hauteskunde sindikaletan, eta ia erdiek eman zuten botoa: %48,5ek.
Leave a Reply