Lur Albizu Etxetxipia
Ez dakit zenbat aldiz idatziko nuen hemen dagoeneko Altsasuren inguruan. Ez da gutxiagorako ere. Oroitzen naiz nola izan zen dena hain surrealista 2016ko urriaren 15 hartaz geroztik. Gogoratzen naiz lehen aste haietako urduritasunaz, zer gertatuko zen ez jakiteak eragiten zigunaz. Baina uste dut oso jende gutxik imajinatzen zuela zer gerta zitekeen, eta inork ez zuela pentsatuko gertatu den guztia gertatuko zenik. Batzuetan errealitateak fikzioa gainditzen duen bezala, oraingoan ere espainiar estatuak beste jauzi bat eman du.
Hainbat astez zer gertatuko zen jakin gabe geundela atxilotu zintuzteten eta amesgaiztoa handitu besterik ez zen egin handik aurrera: Audientzia Nazionalean epaitzeko erabakia; defentsa proben ukazioa; Jokin, Oihan eta Adur kartzelan mantentzea; zer gertatuko ote den egunez egun ez jakitea; dispertsioa eta urruntzea; Lamela epailea; Espejel epailea, guardia zibilak saritua eta guardia zibil baten emaztea; hilabeteetan zehar egon den epaiketa mediatikoa; muntaia polizial eta politiko guztia; beldurra erraietaraino. Gogoratzen ez ditudan beste hamaika kontu.
Baina ez dakizue nola mugitu den herri hau. Aste eta hilabete luze hauetan Altsasuk lezio bat eman dio Euskal Herriko herri bakoitzari. Jarraitu dute Altsasun ekimenak egiten; bertako eragileek haien lana eskaini eta eman dute; eman diote itzulia Nafarroari, eta nola eman ere; egin dituzte elkarrizketak, komunikatu dituzte mila kontu; erakusketa egin eta toki batetik bestera garraiatu dute; hitz egin dute lagun eta ez hain lagunekin; saldu dituzte kamiseta, poltsa, bandera tonak; egin diote aurre beldurrari, lanaren bidez; sortu dituzte abestiak; barre egin dute, negar, desesperatu dira, jarraitu dute aurrera, erori dira eta behin eta berriz altxatu egin dira berriz ere. Egia esan, infinituraino luza zitekeen zerrenda amaigabea. Zuengatik eta Altsasurengatik. Tinko eta zorrotz, duin.
Epaiketa Auzitegi Nazionalean izanen zela jakin genuenean edo konfirmatu zenean, bagenekien aurreko manifestazioa, egotekotan, izanen zela. Ez zegoen beste aukerarik. Baina pasa den larunbateko manifestazioak lezio asko eman ditu. Aurten, Iruñera udaberria apirilaren 14an heldu zen, eta ez bakarrik eguzkia atera zelako. Aurreko egunetik bertatik ikusten zen egun handi baten bezperan geundela. Ez da gutxiagorako, 50.000 pertsona batzea orain arte ez du beste inork lortu. Garrasia Navalcarnero, Aranjuez eta Estremeran entzuteko modukoa izan zen. Ez dira bederatzi pertsona epaitzen ari; herri oso bat eta gazteria epaitzen ari dira.
Jende uholdeak ez zuen besterik adierazten: bihotz eta buru asko (imajina dezakeguna baino gehiago, beharbada) mugitu dituela Altsasuk. Astindu dituela kontzientziak eta ozen oihukatu duela hemen herri duin bat dagoela, eta ez dagoela prest txikitua izateko, gazteak defendatuko dituela. Zutik jarraituko duela, duintasuna ezin dela lapurtu eta askatasuna lortu arte ez duela etsiko.