Kattalin Barber
Duela 25 urte iritsi zen Maite Casero (Burgos, Espainia, 1955) Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialera. Aleman eskolak ematen ditu, eta duela zortzi urtetik, zuzendaria da. Eskolak 40 urte betetzen dituela ospatzeko, ekinaldi ugari antolatu dituzte.
1978. urtean abiatu zen Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, eta ordutik, 40 urte pasa dira. Zer nabarmenduko zenuke?
1978. urtean sortu zen, baina ez zen ofiziala izan 1984. urtera arte. Hasieran bakarrik eskolak ematen genituen, ziurtagiriak ateratzeko Zaragozara joan behar zuten ikasleek. 1984tik aurrera, gaur egungo egoitzan gaude, Alde Zaharrean. Aipatzeko da ere 1996. urtean eskaintza ofizialetik kanpoko eskolak ematen hasi ginela: arabiera, portugesa, errusiera eta japoniera. Egun, japoniera, txinera eta gaztelania atzerriko hizkuntza gisa ditugu. C1 maila eskaintzeko kanpaina hasi genuen 2009an, eta heldu den ikasturterako ingelesezko C2 maila ezarri nahi dugu, eskaera handia baitago. Horren ondotik etorriko dira besteak. Azpimarratzekoa da aurten eskolaren eremua zabaldu dela, eta Lizarran estreinatu dugula egoitza. Oraingoz, euskara eta gaztelania eskaintzen ditugu, baina hizkuntza gehiago nahiko genituzke.
Herritarren beharretara egokitu zarete?
Egun, 4.000 ikasle ofizial eta 2.000 ikasle libre ditugu, gutxi gorabehera. Hasieran, hiru hizkuntza eskaintzen genituen: frantsesa, euskara eta ingelesa. Alemana 1990. urtean ezarri genuen, eta hurrengo urtean italieraren txanda izan zen. Jende asko pasa da hemendik, urte hauetan guztietan, eta herritarren beharretara egokitu gara. Adibidez, hasieran bakarrik eskolak arratsaldean genituen, eta orain egun osoan. Ingelesezko eskolak, gainera, egun osoan, 08:00etatik 22:00etara ditugu segidan. Askotarikoak dira gure erabiltzaileak: ikasleak, langileak, erretiratuak…. 14 urtetik aurrera etor daitezke, eta ez dago adin mugarik. Ni duela 25 urte iritsi nintzen, eta nire lehenengo ikasleen seme-alabak etortzen dira orain.
Ikasleek seigarren hizkuntza bat ezartzea eskatzen dute?
Bai, baina egoera ekonomikoa dela-eta inoiz ez da egin. Krisia hasi baino lehenago seigarren hizkuntza bat irakasteko ahaleginak egin ziren. Ikasle taldeen eskaerak izan ditugu, eta portugesa, txinera eta greziera eskatu izan digute, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamenduaren esku dago, eta eskolaren eskaintza zabaltzea erabakitzen badu, aztertu beharko du zein den egokiena. Oso ongi legoke hizkuntza koofizialak irakastea: katalana eta galiziera.
Orain hizkuntza bat ikasi beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Frantsesa berriro hartzea gustatuko litzaidake. Bere garaian ikasi nuen, baina egun ez naiz batere ongi aritzen. Italiera asko gustatzen zait.
Ingelesa da eskaera gehien duen hizkuntza?
55 irakasle ari gara hizkuntza eskolan lanean, eta horietatik 24 dira ingelesezko irakasleak. Ia eskolaren erdia hartzen du ingelesak, hain zuzen ere. Bigarren hizkuntza euskara da, eta hamabi irakasle ditugu. Hirugarrena, berriz, frantsesa. Azkenik, alemana eta italiera daude.
Gero eta ohikoagoa da hizkuntza bat baino gehiago ikastea?
Gure ikasleetako askok bi hizkuntza ikasten dute, eta badago hiru hizkuntza aldi berean ikasten duenik ere. Normalean, gazteak izaten dira, 20 eta 40 urte artekoak gehienak. Behin ikasketak amaituta edo langabe daudela hizkuntzak ikasteari ekiten diote. Gizartea gero eta eleanitzagoa da, eta hori nabaritzen dugu eskolan. Hizkuntzek gehitzen dute, bai lanerako eta baita bidaiatzeko ere.
Euskara da bigarren hizkuntza. Zer-nolako garapena izan du hizkuntzak eskolan?
Hasi ginenean, 1978. urtean, ez zegoen aukera askorik euskara ikasteko Iruñean, eta ikasle eta talde asko genituen lehenengo mailetan. Piramide baten itxura zuen. Orain, egoera desberdina da. Aukera asko dago hemendik kanpo euskara ikasteko, eta B1 mailatik aurrera dugu ikasle gehien. Lehendabiziko mailetan kopurua txikia da. Horrez gain, euskara ikasten duten ikasle libre asko ditugu, eta ziurtagiriak lortzeko etortzen dira gurera. Andres Iñigo euskaltzaina izan zen eskolako lehen zuzendaria. Berak bultzatu zuen eskola, eta hari zor diogu guztia. 17 urtez izan zen zuzendaria, eta berak lortu zuen bost hizkuntzak ezartzea. Hurrengo zuzendariok adreiluak jarri baino ez dugu egin, aurretik zegoen oinarri sendoaren gainean.
Eskaera eskaintza baino handiago izan ohi da eskolan. Aurten nolakoa izan da?
Aurten ez da horrela izan. Ikasturte honetan matrikula gutxiago izan ditugu. Espero dugu garaian garaiko zerbait izatea. Nik uste dut hezkuntzako oposizioak eragin duela egoera hori. Orain dela hamar urte, egoera bestelakoa zen: aurretiko izen ematean 12.000 lagun izaten genituen, 4.000 matrikuletarako.
Etorkizunari begira, zeintzuk dira eskolaren erronka nagusiak?
Hemen lan egiten dugunok komunitate handia osatzen dugu, eta konpromiso handia dugu eskolarekin. Gustura gaude, eta oinarri sendoa dugu aurrera jarraitzeko. 1991tik bost hizkuntza eskaintzen ditugu eskolan, nik uste dut iritsi dela momentua seigarren hizkuntza bat ezartzeko. Badakigu egoera ekonomikoa ez dela onena, baina horren aldeko apustua egin nahi dugu.
Horrez gain, C2 mailaren alde ari gara. Gure xedea ikasleen beharretara moldatzea da, eta modu berriak arakatzen ari gara: online bidezko ikastaroak, tailer trinkoak…. Azkenik, irakasle gazteak gurera etorri dira, eta hori behar dugu, belaunaldi berriek gurekin bat egitea. Irakasleen harrobi ona dago, eta beste batzuk erretiratzen hasiak dira.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku