“Sanferminetako jaigunea tresna bat da guretzat, ez helburua”

“Sanferminetako jaigunea tresna bat da guretzat, ez helburua”

Hilabete falta da sanferminetarako, eta Gora Iruñea-koak hasiak dira jai alternatiboen egitaraua prestatzen. Gorka Izko da (Iruñea, 1983)plataformako bozeramailea.

Gora Iruñea-k jaigunea paratuko du aurtengo sanferminetan? Zein da egungo egoera?

Udalak, urtero bezala, lehiaketa antolatu du Runa parkeko eremuan eginen den kultur eskaintza esleitzeko, eta, azken urteetan bezala, deialdira ez aurkeztea erabaki dugu. Berez, lehiaketara inor aurkezten ez den hirugarren urtea da honako hau, eta, irabazlerik ezean, udalak lekua guri uztea espero dugu. 2013ko eta 2014ko egoera errepikatzea, alegia.

Zergatik ez duzue lehiaketara aurkeztu nahi izan?

Udalaren esanetan, halako deialdi publiko bat beharrezkoa da eskaintza onena bermatzeko. Printzipio horrekin bat gatoz, baina argi utzi nahi dugu herri plataforma bat ezin dela lehiatu enpresa pribatuekin. Ez ditugu baliabide ekonomiko berberak, eta ez gaude egoera berean. Ez du zentzurik, beraz, baldintza nahiz betebehar berberak ezartzea batzuei nahiz besteoi. Horregatik erabaki genuen, duela bi urte, halako arauekin ez jokatzea, eta jarrera horri eutsi diogu aurten ere: lehiaketara aurkezteko epea amaitzen zen egunean bertan, gure proiektua aurkeztu genion Kultura Departamentuari, eta, beraz, haiek erabakiko dute. Oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Seguruenik, udal talde berri batek erabakiko du hori, dena den. Aldaketa politikoak eragina izan du Gora Iruñea-ren egitaraua prestatzerakoan?

Proposamena lantzen ari ginen bitartean, bi jokaleku planteatu genizkion geure buruari: UPNrekin segitzea ala gobernu alternatibo batek boterea lortzea. Dena den, hainbat zinegotzirekin hitz eginda, jakin dugu ekainaren 13ra arte ez dela udal gobernu berria ofizialki osatuko. Ordurako, sanferminetako gune guztiek adjudikatuta egon beharko lukete; beraz, zentzuzkoena iruditu zitzaigun orain arte bezala lanean segitzea. Aldaketa konfirmatzen bada, ongi etorria izanen da, eta saiatuko gara gure proiektuaren gainean aldaketatxo batzuk egiten; baina, edozer gertatzen dela ere, argi dugu hau trantsizio urtea izanen dela.

Zergatik?

Sakoneko aldaketak behar direlako jaien ereduan, eta, horretarako, 15 eguneko epea ez da nahikoa inondik inora. Urte osoko lanketa beharrezkoa da, zer-nolako festak nahi ditugun erabakitzeko, sanferminetako mahai eraginkor bat osatzeko eta protagonismoa herritarrei itzultzeko.

Hala ere, litekeena da Joseba Asiron izatea Iruñeko alkate berria, eta herri erakundeek sintonia hobea izan dezakete harekin, Enrique Maiarekin baino. Nabarituko al da?

Gobernu alternatiboa gauzatzen bada, agintari berriekin bilduko gara, UPNk orain arte ezarritako baldintzak ahal den neurrian hobetzeko. Adibidez, Gazteluko plazako edo Foruen plazako kontzertuak antolatzen dituzten enpresek dirutza jasotzen dute lehiaketa publikoa irabazteagatik, baina, horrez gainera, zerbitzu guztiak bermatzen dizkie udalak: larrialdi zerbitzua, komunak, agertokiak, ura, argindarra… Guri, ez. Guk den-dena lotu behar dugu geure kabuz, eta, gainera, dirua jaso beharrean, ia 30.000 euro ordaindu behar dizkiogu udalari urtero-urtero, berme gisa. Diskriminazio hori bukatzeko aukera izan dezake udal gobernu berri batek; badago denbora.

Eta, luzera begira, zeintzuk dira udal berri batek eman beharreko pausoak sanfermin herrikoiagoak antolatze aldera?

Datozen urteetan jai eredua aldatu nahi bada, herritarren parte hartzea sustatzeak izan beharko luke lehentasuna. Lehenengo urratsa izan liteke Sanferminetako Mahaia antolatzea, eragile guztiekin. Eta galdetu. Galdetu zeintzuk diren talde bakoitzaren beharrizanak —ez soilik ekonomikoak— eta helburuak, zeren alde egiten duten lan eta zein den haien ekarpena.

Etorkizunean, jai eredu berri hori ezartzen bada, zentzua izanen luke Gora Iruñea-ren txosnagunea antolatzen segitzeak?

Guk beti esan dugu jaigunea tresna bat dela, ez helburu bat. Gure xede nagusia da herritarrek protagonismoa berreskuratzea, eta, bide horretan, jaigunea oso garrantzitsua da oraindik. Baina guk proposatzen dugun eredua hiri osora hedatzea izan beharko luke erronka, eta ez gune hori betierekotzea. Hori bermatuko balitz, Gora Iruñea-ren festaguneak ez luke zentzurik izanen; are gehiago: nahiago genuke 2015eko jaigunea azkena izanen balitz.

Aurtengo egitaraua aurreratzerik bai?

Egitarauaren aurkezpenarekin arazo txiki bat dugu: kontzertuek erakartzen dute arreta osoa. Horregatik, aurten nahiago izan dugu izen gutxi batzuk aurreratu [Gatillazo, Zea Mays, Ze Esatek…], eta bestelako ekitaldiak azpimarratu. Izan ere, guretzat, kontzertu handiak antolatzea baino garrantzitsuagoa izan daiteke, adibidez, haurrentzako eskaintza integral, hezitzaile eta zabala egitea, tokian tokiko produktu ekologikoekin osatutako otamenak eskaintzea, eta abar. Azpiegiturei dagokienez, iazko gunearen formatuari eutsiko diogu: agertokia, taberna, haurrentzako puzgarriak, rokodromoa… Eta eguraldiak uzten badigu, haurrentzako igerilekua ere paratuko dugu.

Parekidetasunaren aldeko konpromiso irmoa hartu duzue ere…

Bai, hori da gure proiektuaren ardatz nagusietako bat. 2013an sortu genuen parekidetasuna lantzeko lantaldea, eta, ordutik, hazi egin da nabarmen. Gaur egun, sei pertsona ari dira gogotsu lanean, eta urte osoan biltzen dira, ez bakarrik sanferminei begira. Iaz, autodefentsa feminista tailerrak antolatu genituen, eta, sekulako arrakasta izan zutenez, eskaintza Iruñeko auzo guztietara hedatu dugu. Horrez gain, parekidetasuna zentzu orokorragoan landu nahi izan dugu; besteak beste, kultur eskaintzan. Jai egitarauan, adibidez, ahalegina egin dugu agertoki gainean emakumez osaturiko taldeak egon daitezen.