Edurne Elizondo
Tuterakoa naiz, euskalduna. Batxilergora arteko ikasketak euskaraz egin ditut; Iruñera etorri, eta gaztelaniaz ikasi behar dut Erizaintza; halabeharrez, ordea. Etsigarria da”. Amaia Muelarenak dira hitzak. Nafarroako Parlamentuan erran zituen, joan den astean, Erizaintzako ikasketak euskaraz jar ditzatela eskatzeko egindako agerraldian. Fakultateko ikasleen erdiak dira euskaldunak, eta martxan jarri dira, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Nafarroako Gobernuari exijitzeko Erizaintza euskaraz irakasteko urratsak egin ditzatela.
Ez dira bakarrik. Euskalgintzak bat egin du eskaera horrekin; osasunaren arloko profesionalek ere bai. Jardunaldia egin du Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak NUPeko Osasun Zientzien fakultatean, hain zuzen ere, eta argi utzi du, batetik, ikasleek eskubidea badutela euskaraz ikasteko, eta, bertzetik, herritarrek ere bai euskaraz arta ditzaten. Erabiltzailearekin nahi duen hizkuntzan mintzatzeak eta komunikatzeak duen garrantzia nabarmendu dute erizainek eta medikuek.
Egindako praktiketan ikasi du Muelak hori. “Euskaldunekin euskaraz egiten duzunean, harreman hurbilagoa sortzen da, konfiantzazko giro bat; etxean direla sentitzen dute”. Maite Velasco erizainak badaki Muela zertaz ari den. 1980. urtean bukatu zituen Erizaintza ikasketak, eta lehen arretan aritu zen, hasieran, lanean. Duela hamar urte, ospitaletik kanpoko larrialdien arlora aldatzea erabaki zuen, eta Iruñeko San Martin Doktore zentroan ari da geroztik. Euskaraz badakiela azaltzen duen txapa jartzen du beti soinean.
Euskaldun berria da Velasco, eta aitortu du hasieran kosta egin zitzaiola zerbitzuko erabiltzaile euskaldunekin hizkuntza horretan mintzatzeko urratsa egitea. “Euskaraz egiteko gai nintzen, baina halako beldurra sentitzen nuen. Azkenean, txapa jantzi, eta euskaraz egiten hasi nintzen gaixoekin”.
Ez da damutu. Are gehiago, hainbat kasutan euskaraz egitea arretarik egokiena emateko berme izan dela nabarmendu du erizainak. “Zahar etxe batetik deitu gintuzten behin. Emakume bat artatu behar izan genuen. Oso urduri zegoen. Lasaitzeko zerbait ematea nahi zuten hango langileek. Ez zuen behar izan, ordea. Galduta zegoen, eta gelara itzuli baino ez zuen nahi. Gauez zen, eta momentuko urduritasunaren eraginez ezin zuen gaztelaniaz azaldu zer gertatzen zitzaion. Euskaraz mintzatu nintzen harekin, eta berehala lasaitu zen”.
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kide da Velasco, eta erakunde bereko kide Arantza Zabala erizainarekin batera, Erizaintzako ikasleekin partekatu ditu bere esperientziak. Ikasleok ere badute zer erran hizkuntzak beren lan jardueran duen garrantziari buruz. Batek kontatu du ospitalean praktikak egiten ari zenean beti isilik zegoen gaixo bat ezagutu zuela, eta hitz egiten hasi zela ikaslea euskalduna zela jakin zuenean. Bertze batek, berriz, alzheimerrak jota zegoen emakume euskaldun bat artatu zuela bere praktiketan, eta urduri zenean, euskaraz egiten ziotenean lasaitzen zela.
Diagnostiko okerra
Ikasleon kontakizunak entzun ditu Lesakako osasun etxeko familia mediku Irune Tubiak. Bere lanean ere izan ditu antzeko egoerak. Herritarrek euskaraz ikasteko eta osasun zerbitzuetan euskaraz arta ditzaten duten eskubideaz harago, diagnostiko bat egiteko orduan hizkuntzak errateko duena nabarmendu du sendagileak.
Larrialdietan izandako kasu bat ekarri du gogora Tubiak. “Iktusa izandako gizon bat etorri zen. Aurretik euskalduna ez zen mediku batek artatu zuen, eta gaixoaren historia klinikoan jaso zuen iktusak eraginda ez zela gai esaldiak osatzeko. Harekin euskaraz hitz egin nuen, eta ez zuen inolako arazorik. Kontua zen gaztelaniaz ez zela esaldiak osatzeko gai, hizkuntza ez zuelako menperatzen. Diagnostikoa okerra zen; gertatzen dira halakoak”.
Diagnostikoan sor daitezkeen hutsak bazter utzita, larrialdietara ailegatzen diren erabiltzaile anitz urduri eta kezkatuta egoten direla erantsi du medikuak, eta euskaldunek eskertzen dutela profesional euskaldun batekin hitz egin ahal izatea. “Lankideek niregana bidaltzen zituzten euskaldunak, konturatzen zirelako askoz ere lasaiago egoten zirela”. Nork bere hizkuntzan hitz egin ahal izateak osasun zerbitzuaren kalitatea bermatzen laguntzen duela argi du Tubiak.
Orain Lesakan ari da lanean, baina berriki Arantzako osasun etxean eman zituen bi aste. “Adin bateko jendea etortzen zen, eta erizainari galdetzen zioten medikua euskalduna ote zen; erizainak azaldu zidan kontua zela medikuak euskaraz ez bazekien seme-alabekin itzuli nahiago izaten zutela”. Bazekitelako zailagoa izanen zela mediku erdaldunarekin komunikatzea.
Profesionalek eta ikasleek argi dute euskara eskubide eta berme badela osasunaren arloan. Administrazioak, ordea, ez du hain garbi auzia. Ez, behintzat, datuen arabera. “Eremu euskaldunean, 70 lanpostutan baino ez da euskara eskakizuna; eremu mistoan, berriz, bakarrean”. Zehazki, Nafarroako Ospitale Guneko 6.142 lanposturen artean, erizain postu bakar batean da euskara eskakizuna. Hori da egungo egoera; eta eremu euskalduneko postu horien artean daude sendagileak, erizainak, gizarte langileak eta administrariak.
Nafarroako Gobernuak administrazioan euskara arautzeko dekretua onartu zuen iaz, eta urtebeteko epea zehaztu zien departamentuei, nork bere euskara plana egin zezan. Asmoa da departamentuek beren beharrak jasotzea plan horietan. Oraindik ez dituzte aurkeztu.
Erizaintza ikasketen arloan, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak badute zer erran euskaraz eskaintzeko aukerari buruz. Ikasleek euskalgintzako ordezkariak izan zituzten lagun parlamentuan egindako agerraldian. Maite Inda da ordezkarietako bat, eta argi eta garbi egin du ikasleon mezuaren alde: “Erizaintza ikasketek dute euskaraz egin ahal izateko aukera gehien, ikasle euskaldunen kopurua kontuan hartuta; gainera, ikasketa horien bidez zerbitzu publikoa eskainiko duten profesionalak trebatzen dira; ondorioz, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen lagunduko dute”.
Behatokiko ordezkari Arantxa Aranburuk bat egin du Indarekin. Azaldu du Arartekoarekin jorratu dutela auzia, eta erakunde horrek ere egin duela Erizaintza euskaraz eskaintzeko aukeraren alde. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak babestu du proposamena; NUPek, ordea, “zailtasun teknikoak” jarri ditu mahai gainean aukera hori bazter uzteko.
Ikasleek eta euskalgintzako ordezkariek parlamentuko taldeei eskatu diete laguntza Erizaintza euskaraz ikasi ahal izateko urratsak egiteko, parlamentuak asmo horrekin bat egin baitzuen otsailean onartutako mozio baten bidez.
Bitartean, euskaraz ikasteko eskubidearen alde lan egiten jarraituko dute Erizaintzako ikasleek, berretsi dutenez. Euskaraz ikasi ahal izateko, hain zuzen, Nafarroatik kanpo joan behar izan dute hainbat Erizaintza ikaslek. Haietako bat da Irati Lasa. Idatziz hartu du hitza parlamentuan, “bazterketa” salatzeko.
NUPen gelditu direnek ikasgai eta erdi dituzte, egun, euskaraz, lau urteko ikasketetan. Euskaraz ikasteko dituztenak ez dira aurkitutako oztopo bakarrak. Kanpaina hasi dute ikaskideen artean sinadurak biltzeko, ikasketak euskaraz eskatzeko, eta ez dute beti jaso euskaraz ez dakiten kideen elkartasuna. Azaldu dute hainbat ikaslek uko egin diotela sinatzeari, “lanik gabe gelditzeko beldur” direlako. “Mito anitz dago; tartean, euskaraz egiteagatik puntu pila lortzen dugula”, erran du Tubiak. Bertako hizkuntzak jakitea “gutxienekoa” dela argi du. Hizkuntzek balio erantsi bat ematen dutela.