Edurne Elizondo
Iaz bete zen mende bat Errusiako iraultzaile sozialistek gobernuaren egoitza zen Neguko Jauregia hartu zutenetik, eta gizateriaren historiak ordura arte inoiz ikusi gabeko antolaketa politiko, sozial eta ekonomiko bati hasiera eman ziotenetik: estatu sozialista, langileen estatua. XX. mendea baldintzatu zuen gertakari historikoa izan zen.
Ordukoak Nafarroara ekarri ditu Josemi Gaston historialariak No estamos para bailes rusos. La ‘buena prensa’ navarra ante la revolución bolchevique (1917-1923) izenburuko liburuan (Txalaparta, 2018). Nafarroan Errusiako gertakarien berri nola eman eta zabaldu zen jorratu du, zehazki. Mezu nagusia argia da: “Boltxebikeak mehatxu bilakatu zituzten herrialdeko eliteek, eta mehatxu hori erabili zuten, beldurraren bidez, ordenari eutsi ahal izateko”.
Emilio Majuelok zuzendutako Historia bildumaren barruan eman du Txalapartak Gastonen azken liburua, eta Majuelok berak egin dio hitzaurrea lankideari. Majuelo lagun izan du egileak aurkezpenean ere. “Gai mamitsua landu du, Errusiako Iraultza izan baita XX. mendeko historiaren elementu nagusia”, erran du Majuelok. Nabarmendu eta eskertu du Gastonek begirada atzera bota izana, Errusiako Iraultzaren ingurukoen berri emateko eta orduko gertakariak erabiltzeko moduak ere izan zuelako eragina ordutik aurrera jazo zirenetan. “Eskuin kontserbadoreak beti egin du gauza bera: beldurrarekin jokatu eta erantzun du jendeak karrikak hartu dituenean aldarrikatzeko”.
Txalapartako editore Jon Jimenezek ere txalotu du Gastonek denboran atzera egiteko eta Errusiako Iraultzaren ondokoak dagokien testuinguruan jartzeko egin duen ahalegina. “Memoria historikoaren ikuspegia txertatu dio liburuari, 1936ko gertaerak ardatz hartuta, batez ere. Gastonek helburutzat hartu du 1936koa ekarri zuen testuingurua azaltzea, denboran atzera eginez”.
Egileak 1917tik 1923ra bitarteko epea landu du, bereziki, No estamos para bailes rusos liburuan, eta, Errusiako Iraultzak Nafarroan izan zuen oihartzuna jorratzeko, oinarri izan du orduko prentsa onak argitaratu zuena. Zehazki, Diario de Navarra eta El Pensamiento Navarro egunkariak landu ditu Gastonek.
“Prentsa katolikoa eta orduko ordenari lotutakoa” da prentsa on deitutako hori. “Kontzeptu hori ez da ordukoa, lehenago sortu zuten, baina Errusiako Iraultzaren garai hartan bere egin zuten esamolde hori kontserbadoreek, boltxebikeen kontra piztu zuten erredentzio gurutzada aurrera eramateko”, azaldu du egileak.
“Hainbat kontutan iritzi eta jarrera ezberdinak eta kontrajarriak izan arren, helburu horretan bat egin zuten, argi eta garbi”, erantsi du Gastonek, aztertu dituen bi hedabide horiei buruz, eta argi utzi du ezberdintasunak ez zirela azalekoak: “Proiektu politiko, sozial eta ekonomiko kontrajarriak defendatzen zituzten, baina bat egin zuten mamu gorriaren aurkako kanpaina manikeoak bultzatzeko”, berretsi du historialariak.
Finean, iraultzaren kontrako diskurtso bat osatzeko bat egin zuten hedabideok eta haien atzean zeuden eliteek.
Gatazka, bai, baina mugatua
“Eliteek Errusiako Iraultzaren aitzakia baliatu zuten kontrairaultza bultzatzeko”. Diskurtso hori ez zela berria azaldu du Gastonek, eta 1789. urteko Frantziako prozesu iraultzailearen aurkako kritikak oinarri hartu zituela nabarmendu du. “XIX. mende osoan eguneratzen joan ziren diskurtso hori, Europan piztutako prozesu iraultzaileei erantzuteko”. 1917an, Errusiako Iraultzak eztanda egin zuenean, XIX. mendeko diskurtsoak berreskuratu zituzten: “Beldurra eta kontakizun apokaliptikoak mahai gainean jarri zituzten, berriz ere; asmoa argia zen: gizartea menperatzeko prozesuan urrats bat aurrera egitea”.
Nafarroako orduko gizartea ongi ezagutzen du Gastonek, hainbat lanetan jorratu baititu ordukoak, bai eta lehenagokoak ere. Bat egin du Emilio Majuelok nabarmendu duen ideiarekin: “Mamu gorria astindu zuten, herrialdea komunistaz beteta zegoela errateko; baina ez zen egia, komunistarik ez zen”.
XX. mende hasierako errealitatea zein zen azaldu du historialariak: “Gatazka soziala egon bazegoen, batez ere komuneroek lurrari lotuta eragindakoa; baina mugatua zen gatazka horren oihartzuna. Langileek sortutako elkarteak ere egon bazeuden, baina mugatua zen mugimendu horren oihartzuna ere. Mugimendu xumea zen, eta, batez ere, izaera erreformistakoa”.
Orduko eliteek eta haientzat lanean ari ziren hedabideek errealitate horren berri bazutela argi du Gastonek; hau da, ezagutzen zutela zegoen gatazka sozialaren neurria mugatua zela, baina, hala eta guztiz ere, “beldurraren bandera astindu” zuten, beren iraultzaren aurkako diskurtsoa osatzeko, eta beren esku zuten sistemaren gaineko kontrola areagotzeko. Diskurtso hori bera baliatu zuten gerora ere, bertzeak bertze, 1936an.
“Burgesiaren beldurra psikosi kolektibo bilakatu zuten, eta, haren bidez, eskubideak mugatzea eta indarkeria erabiltzeko aukera ere justifikatu nahi izan zituzten”, berretsi du Gastonek, bere liburuan jasotako tesiari buruz. 300 orrialdeko lana osatu du historialariak, atzera begiratuz, egungoak ere hobeki ulertu ahal izateko.