Edurne Elizondo
Kezka. Otsailean erran zuen Nafarroako Gobernuak zazpi hilabetez itxiko zituela Belateko tunelak, azpiegitura hori Europako segurtasun eskakizunetara egokitzeko lanak egiteko, eta, geroztik, kezkak hartu ditu N-121-A errepideko erabiltzaileak, bai eta bide horren inguruan bizi diren herritarrak ere. Zalantzaz eta bihurgunez beteta dator datozen hilabeteotako bidea.
Nafarroa iparraldeko herriak hiriburuarekin lotzeko errepide nagusia da N-121-A. 1997an inauguratu zituzten Almandozko eta Belateko tunelak. Azpiegitura hobetzeak ekarri du Belateko mendateko bide zahar eta bihurgunetsua bazter uzteko aukera; ekarri du, halaber, ibilgailuen kopuruak nabarmen gora egitea. Egunean, 3.900 ibilgailu astunek zeharkatzen dituzte Belateko tunelak, hain zuzen ere. Zazpi hilabetez itxiko dituzte orain, eta ibilgailuek mendateko bidea erabili beharko dute, berriz ere.
Obren bidez, substantzia toxikoak eta sukoiak aterarazteko drainatze sistema bat eta suarekin hausten ez den kable sistema bat jarriko dituzte bi tuneletan, batetik; bertzetik, Belatekoan larrialdi egoeretan ibilgailuak gelditzeko bi gune berri eginen dituzte. 4,9 milioi eurokoa da lanok egiteko aurrekontua.
Obrak egiteko asmoa agertu zuenean, eskualdeko hautetsiek gobernuari eskatu zioten pasaeran ziren kamioiak A-15 autobiara desbideratzeko, Belateko lanak egin bitartean. Gobernuak ez du proposamen hori onartu, ordea.
Gobernuak hainbat neurri jarriko ditu martxan, astelehenetik aurrera, baina neurri horiek ez dute lagundu batzuen eta bertzeen zalantzak eta kezkak argitzen eta bazter uzten. Eskualdeko hautetsien ustez, gobernuak zehaztutako neurriak ez dira nahikoak, eta, gainera, “kudeatzen zailak” izanen dira. Horixe nabarmendu du Baztango alkate Joseba Otondok. “Neurriek ez dituzte asebetetzen eskualdeko herritarren eskaerak”.
Zehazki, pasaeran diren lau ardatz edo gehiagoko merkantzia ibilgailuen zirkulazioa mugatuko du gobernuak. Ez erabat, ordea. Matrikularen arabera eginen du: datorren astean, hilaren 4tik 10era, matrikula bakoitia duten gisa horretako kamioiek egunez erabili ahal izanen dute mendateko bidea. Hurrengo astean, berriz, matrikula bikoitia dutenek erabili ahal izanen dute. Txandaka ariko dira hurrengo asteetan. Neurriok uztailaren 15era bitarte egonen dira indarrean. Gero, gobernuak erabaki beharko du ezartzen jarraitu edo egokitu eginen dituen.
Halaber, Nafarroako Gobernuak akordioa egin du Audenasarekin, eta, Belateko lanek iraun bitartean kamioiek ez dute bidesaria ordaindu beharko A-15ean; BEZa soilik: 0,39 edo 0,50 euro, ardatz kopuruaren arabera
Bertzelako neurriak ere zehaztu ditu gobernuak: txirrindulariak ezin izanen dira mendatetik ibili, eta ezin izanen dira kirol probak egin, adibidez. Gainera, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gauez baino ezin izanen dira mendatetik pasatu.
Kamioien herenak, bidetik at
Hautetsientzat ez da nahikoa gobernuak adostutakoa. “2011ko datuen arabera, Belateko tuneletatik pasatzen diren ibilgailu astunen %65ek nazioarteko zama garraiatzen dute; %35ek baino ez dute eskualdea helmuga. Gobernuak hartutako neurrien bidez, ibilgailu astunen herenak baino ez dituzte kenduko bidetik”.
Garraiolariek ere ez dituzte ontzat jo neurriok. Arrazoiak bertzelakoak dira. “Ezarritako murrizketekin ez gaude ados. Kamioilariak lanean dira errepidean, zerbitzu bat eskaintzen. Gure ustez, egokiena zen kamioilariek natural erabakitzea bide batetik edo bestetik joan. Denbora asko galtzen badute, neurririk ezarri gabe hartuko dute A-15etik joateko erabakia”, erran du Hiru garraiolarien sindikatuko ordezkari Esteban Muruamendiarazek.
Bidaiariak garraiatzen ditu Elizondoko Baztanesa autobus etxeak. Gobernuak hartutako neurriek ez diete eragiten gisa horretako ibilgailuei. Mendatetik joan beharrak, halere, zerbitzuan eragina izanen duela argi dute Baztanesako arduradunek. “15-20 minutu gehiago beharko ditugu bidaia bera egiteko. Ordutegiak moldatu beharko ditugu. Kezka eragin digu egoerak. Adibidez, zalantza dugu Iruñera eramaten ditugun ikasleak garaiz iritsiko diren”, erran du Koldo Ruizek.
Elizondotik Iruñera egunean lautan joaten dira Baztanesako autobusak; eta egunean bertze lau aldiz egiten dute alderantzizko bidea. Zenbait ibilbidek Oronozen bat egiten dute; mendatetik joan behar izanen dutenez astelehenetik aurrera, zerbitzuak batzeko aukera kolokan dela azaldu dute enpresako kideek. Ondorioz, Iruñetik 13:15ean ateratzen den zerbitzua, adibidez, ordu laurden bat aurreratzea erabaki dute jada, Oronozen bat egin behar baitu Elizondotik Donostiarako bidea egiten duen autobusarekin.
Neguko eta udako ordutegiak ditu Baztanesak, baina aurten ez aldatzea erabaki dute, Belateko lanen ondorioz. Neguko ordutegiak jarraituko du indarrean. “Espero dugu obrak garaiz amaitzea”. Neguan mendatean sor daitezkeen arazoak buruan dituzte Baztanesako kideek, hain zuzen ere.
Kezka da nagusi, halaber, Baztango Udalean. Joseba Otondo alkateak argi utzi du ez direla Belaten eginen dituzten lanen kontra, baina zalantzarik ez du obrek ez dituztela egungo segurtasun arazoak konponduko. Horretarako, egun N-121-A errepideak hartzen duen nazioarteko zama garraioa desbideratu beharko litzateke, alkatearen hitzetan. Nabarmendu du oraingo lanez harago arazo nagusia dela N-121-A errepidea ez dela gai egun duen ibilgailu kopurua hartzeko. “Leitzaran ibilgailu astunentzat egin zuten. Azken urteotan, behera egin du han zirkulazioak; Belateko tuneletan, aldiz, gora”.
Hiriburura begira
Egungo egoerak lurralde antolaketarako ereduarekin lotura zuzena duela erantsi du Otondok. “Hiriburuarekiko gero eta menpekotasun handiagoa dugu”. Hau da, osasun zerbitzuak, lana eta bertze Iruñean daude, batez ere, eta horrek ekartzen du Baztanen gisako eskualdeetako biztanleek egunero egin behar izatea hiriburura joan-etorriko bidaia. Kamioien kopuruak gora egin izana garapen sozioekonomikorako ereduarekin lotu du Baztango alkateak ere, eta salatu du eredu horrek ekartzen duela salgaiak toki batetik bertzera gero eta gehiago mugitu behar izatea.
Felix Gamiok egunero egiten du Iruritatik Burlatarako bidea, lanera joateko. Autoak konpontzeko tailerra du herri horretan baztandarrak. Belateko tunelak obrak egiteko itxiko zituztela jakitea “gogorra” izan zela aitortu du. “Badakigu mendatetik ibiltzea zer den; 05:30ean pasatzen ohi naiz, eta ordurako jada badira kamioiak errepidean. Azken hamar urteotan kopurua bikoiztu dela esanen nuke”.
Kamioien kopurua “arazotzat” jo du Gamiok, eta erantsi du ez duela uste errepidea prest dagoenik egun duen zirkulazioa hartzeko. Argi du txarrena, halere, neguan etor daitekeela. “Orain ere, lainoa izaten dugu anitzetan; neguan mendatetik joan behar badugu, zaila izanen da egoera”.
Kezka eta zalantza anitz ditu Gamiok. Kezka eta zalantza anitz ditu, halaber, Baztango alkateak. Uztaileko lehen hamabostaldian bilera eginen du Nafarroako Gobernuak Belateko lanen jarraipena egiteko osatutako batzordeak, eta Otondok argi utzi du eskualdeko hautetsiak beren “datu eta ikuskapenekin” joanen direla bilera horretara.
“Ez dugu uste erraza izanen denik gobernuak onartutako neurriak martxan jartzea. Ez dugu argi nola moldatuko diren foruzainak kamioilari bulgariar batekin, adibidez, errateko ezin dela errepidetik pasatu”, erran du Otondok. Erantsi du mobilizazio gehiago egiteko asmorik ez dutela, baina “errepidean” izanen direla lanak hasi eta neurriak martxan jartzen dituztenean, zein neurritan betetzen diren ikusteko.
Gobernuak erran du informazioa zabaltzeko kanpaina eginen duela, eta gora eginen duela, halaber, errepidean izanen diren polizien kopuruak.
“Bat-batekotasuna” aipatu du Otondok, gobernuak hartutako neurrien inguruan. “Hautetsiek eskatuta moldatuko ditu gobernuak mendateko errepide zaharreko hainbat zati, adibidez”. Zenbait bihurgune “hagitz itxiak” direla gogoratu du Otondok, eta kamioiek nekez hartu ahal zituztela bihurgune horiek kontrako norabideko bidean sartu gabe. “Horrelako gauzak kontuan hartu behar zituen gobernuak inork eskatu gabe”.
Bihurgunez betetakoa izanen da datozen hilabeteotako bidea, eta oraingo lanek, gainera, ez dituzte mahai gainean diren arazo guztiak konponduko.