Edurne Elizondo
San Roke karrikatik Santa Luzia-Soltxatera eraman zuten Iruñeko kartzela 2012. urtean. Hiri barnetik kanpoko aldera, alegia; Donibane auzotik herritarren begien bistatik at dagoen tokira. Begien bistatik kanpo, bai eta garraio publikoaren ibilbidetik at ere. Orain arte: administrazioak erantzuna eman dio azkenean Salhaketa elkarteak, presoek eta haien senideek behin eta berriz egindako eskaerari, eta taxi zerbitzua jarri du, hirigunea kartzelarekin lotzeko.
Maiatzaren 28tik dago martxan. Zehazki, Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Teletaxi elkarteak sinatu dute zerbitzua abian jartzeko hitzarmena. Oraingoz, azarora arte egonen da indarrean. Autobus geltokitik ateratzen da zerbitzua, eta zuzenean ailegatzen da espetxera. Itzultzeko bidean, berriz, bidaiariek bi tokitan dute jaisteko aukera: Nafarroa etorbideko 3. zenbakiaren parean, eta Olivako monasterioa kaleko 19. zenbakiaren parean. Bidaiak 0,70 euro balio du; hau da, billabesako bidaiaren prezio bera, txartela erabiliz gero. Taxia telefonoz eskatu behar da, hartu baino hamabost minutu lehenago, gutxienez, eta hiru ordu lehenago, gehienez.
“Hartu dut taxia, eta ez dago gaizki. Eskertzekoa da espetxeko atean hartu ahal izatea autoa, kartzela hiritik urrun baitago”. Fran M. presoarenak dira hitzak. Hirugarren graduan dago Iruñeko espetxean, eta, kartzelan lo egiten duenean, 07:00etan ateratzen da biharamunean. Orain arte, hogei minutuko bidea egin behar izaten zuen oinez, Berriozarko billabesa hartu ahal izateko. “Hogei minutu, azkar joanda; okerrena buelta zen, halere, aldapan gora”.
Eskertu du, beraz, taxia erabiltzeko aukera. Billabesa hartzen jarraitu behar du, halere, autoak uzten duen tokitik Barañainera joan behar baitu. Han bizi da. Orain arte, bi autobus hartu behar zituen espetxetik etxera ailegatzeko. “Ikastaro bat egiten ari naiz, eta beti egon behar dut erlojuari begira, alde batetik bertzera korrika”.
Kartzelan, txanponekin funtzionatzen duen telefono kabina bat dute. Hori erabili behar dute preso direnek taxia eskatzeko. “Bertzela, gure sakelako telefonoa. Atera behar dugunean itzultzen digute. Espetxetik atera, eta orduan deitzen dugu. Izan ere, barruan direnek beti ez dute dirua poltsikoan, eta telefonoz deitzeko aukerarik gabe gelditzen dira anitzetan”.
Fran M.-ren ustez, taxi zerbitzuak batez ere preso direnen senideei eginen die mesede. “Hori da garrantzitsuena. Zerbitzua jarri dute, eta espero dut ez dutela atzera eginen, ez dutela kenduko. Ez da atsegina udan emakumeak seme-alabekin ikustea, eguzkipean, espetxerako aldapa igotzen. Haientzat behar zen zerbitzua, batez ere”.
Kontuan hartu gabe
“Hagitz garrantzitsua da taxi zerbitzua martxan jarri izana”. Horixe nabarmendu du Salhaketako Libertad Francesek ere, argi eta garbi. Elkarte horrek gogor egin du lan hirigunea eta espetxea lotzeko zerbitzuaren alde. San Rokeko zentroa itxi aurretik ere, egungo azpiegitura proiektu bat bertzerik ez zenean, Salhaketak agerian utzi zituen komunikazioaren arloan zituen gabeziak. Kartzela egin zutenean, ordea, gabezia horiek konpontzeko neurririk ez zuten hartu. “Argi dago ez dutela garraioa kontuan hartu espetxea egiterakoan; autobus batek buelta eman ahal izateko espaziorik ez dute utzi, adibidez”, salatu du Francesek.
2012. urtean espetxe berria inauguratu zutenean, Salhaketako kideek modu ofizial batean helarazi zizkioten administrazioari ordura arte agertutako kezkak. Ez elkarte horrek bakarrik. “Bertze hainbat erakunderen babesa jaso genuen, bai eta 1.100 norbanakoren sinadurak ere. Zehazki, hamar elkartek sinatu genuen hirigunea eta kartzela lotzeko garraio zerbitzu baten alde”.
Orain arte, Berriozarko edo Orkoiengo billabesak hartzea zen autorik gabe espetxera joateko edo handik ateratzeko aukera bakarra; hau da, gutxienez hogei minutu oinez. Ordu erdi, Orkoiengo billabesaren kasuan. Salhaketako kideek billabesa zerbitzua nahi zuten kartzelaraino, eta hori eskatu dute 2012tik Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Iruñeko Udalarekin egin dituzten bileretan. “Garestiegia omen da aukera hori, eta horregatik egin dute taxiaren alde”, azaldu du Libertad Francesek. Erantsi du halere Salahaketak billabesa eskatzen jarraituko duela.
Bitartean, elkarteak lehentasuntzat jo du egun martxan dagoen taxi zerbitzuaren berri zabaltzea, herritarrek erabil dezaten. “Ez dugu lortutako hori galdu nahi”, erran du abokatuak. Egungo zerbitzuak bi ezaugarri “garrantzitsu” dituela nabarmendu du Francesek, gainera. Batetik, administrazio publikoak bere gain hartu duela zerbitzua eskaintzeko ardura, eta garraio publikoaren txartelaren salneurri berean eman duela; bertzetik, ez duela zerbitzu berezi gisa antolatu. “Hau da, herritar orok erabil dezake; ez da bakarrik presoentzako edo beren senideentzako zerbitzu bat. Hori ontzat jo dugu, bertzela egin izanak bazterketa ekarriko zukeelako”, erran du Salhaketako kideak.
Zerbitzua eskertu du elkarteak, baina azaldu du badela zer hobetu ere. Libertad Francesek azaldu du, hain zuzen ere, ordutegiak ez dituela behar guztiak kontuan hartzen. “Autobus geltokitik 21:30ean ateratzen da azken taxia, adibidez; Gizarteratzeko Zentroan 22:00etan sartu behar dutenentzat egokia da ordutegi hori; ez, ordea, 23:00etan sartu behar dutenentzat. Horiek zerbitzurik gabe geldituko dira. Senideen bisita ordu guztiak ere ez ditu hartzen zerbitzuak”, azaldu du Francesek. Salhaketako kideek gaizki daudenak konpon ditzaten eskatzen jarraituko dute; billabesa zerbitzua eskatzen ere bai. Lortu bitartean, taxi zerbitzua erabiltzeko eskatu diete herritarrei. Orain hurbilago dago, behintzat, espetxea.