Eguesibarko demografiaren bilakaeraren grafikoan bada bat-batean arreta erakartzen duen datu bat: hamarkadetako goranzko joera pausatuan, une batez, ziztu bizian egiten du gorantz populazioaren barrak. 2001etik 2014rako tartean da hori: XXI. mende hasieran 3.413 biztanle zeuzkan udalerriak; iaz, 19.014.
Neurri gabeko hazkundeak, batik bat, Sarrigurengo urbanizazioaren sorrera eta garapenarekin du lotura, baina baita Gorraitz gunearen hazkundearekin ere. Hirigintza proiektu horiek, sarri, ustelkeriaren itzalek lagunduta etorri dira. Hainbesteraino, non denbora luzean Eguesibarrekin lotu den ustelkeria Nafarroan. Praktika horiek Josetxo Andia UPNko alkatearen dimisioa ekarri zuten 2013an, auzipetua izan —gerora absolbitua izan zen —eta alderdiak diziplina prozedura abiatu zionean. Garai horretan, Geroa Baiko Alfonso Etxeberriak hartu zuen kargua, bere koalizioaren eta PSN, Ezkerra eta Bilduren botoekin. Eta, joan den larunbatetik, alkate da berriro Etxeberria, udalbatzak hala erabaki ostean.
Hala, berretsi egin da orain dela bi urteko aldaketa, orain arte behin-behinekoa zena. Eta badu garrantzia: batetik, Eguesibar Nafarroako laugarren udalerria delako populazioari dagokionez, eta, bestetik, UPNren gotorleku izan delako azken hamarkadetan. Alderdi horren azken urteetako gainbehera, hain justu, populazioaren hazkundearen kontrako norabidean gertatu da, ia urte bertsuetan. 2007ko hauteskundeetan, kasurako, bederatzi zinegotzi eta botoen %51,33 eskuratu zituen UPNk. Joan den maiatzaren 24ko hauteskundeetan, %27 baino ez. Bozak irabazi zituzten erregionalistek, baina zortzi botoren aldea baino ez zioten atera bigarren indarrari, Geroa Bairi.
EAJk eta Zabaltzen-en bildutako independenteek osatutako koalizioak, hain zuzen ere, 2.550 boto eta bost zinegotzi eskuratu zituen joan den hauteskundeetan. Geroa Baik, hala, 2011n Nafarroa Baik eskuratutako emaitzak —1.716 boto eta bost zinegotzi— hobetu ditu, eta emaitza horiek parez pare ireki dizkiote alkatetzarako ateak Etxeberriari. Larunbateko bozketan, haren alde egin zuten Geroa Bai, EH Bildu, Eguesibar Gara (Ahal Duguren inguruko hautagaitza) eta Ezkerrako zinegotziek; hala, gehiengo osorako hamar boto batu —17 eserleku ditu udalak—, eta eskuetan eutsi dio aginte makilari.
2011n bezala, EH Bildu izan zen hirugarren indarra joan den hauteskundeetan ere: 150 boto gehiago eskuratu zituen, eta, hala, orain arteko bi zinegotziak mantendu. Haren atzetik, Eguesibar Gara hautagaitza sartu da udalean, 1.106 boto eta bi zinegotzirekin. Zerrenda horren emaitzek batez ere PSNri egin diote kalte, boto kopuruari eutsi badiote ere zinegotzi bat galdu dutelako sozialistek. PPk ere bidean galdu du orain arte zuen zinegotzi bakarra, eta, beraz, ez du ordezkaritzarik izango udal berrian. Ezkerrak, azkenik, eserleku bat galdu eta hautetsi bakarra izango du Eguesibarko Udalean.
Ustelkeriaren itzala
Hamar kontzejuk eta sei populazio gunek osatzen dute Eguesibarko udalerria. Horietako batzuk, Sarriguren eta Gorraitz, adibidez, ezagunak dira azken urteetan izandako hazkundearengatik eta jasotako populazioagatik. Horien inguruan sortutako hirigintza proiektuek 90eko hamarkadako eta XXI. mende hasierako eraikuntza burbuilaren adierazgarri nagusi bilakatu zuten Eguesibar. Eta horrekin batera ustelkeria kasuak ere agertu ziren.
2003koa izan zen sonatuena: Ignacio Galipienzo UPNko alkateak hezkuntza erabilerarako gordetako lursail bat eraikuntza enpresa bati saldu izana eta trukean komisioak kobratu izana ebatzi zuen justiziak. Galipienzok dimisioa eman zuen, eta Josetxo Andiak hartu zuen haren lekua. Hamar urte geroago, bide beretik alde egin zuen Andiak, epaileak auzipetu ostean, ustez diru publikoko 100.000 euro banku baten lehentasunezko parte hartzeetan inbertitu zituelako. Absolbitu egin zuten Andia, eta Geroa Baik jarritako helegitea ebazteko prozeduran dago orain justizia.
Ziurrenik, lotura zuzena izan dute ustelkeria kasuek UPNren gainbeheran. Jaitsiera horrek Geroa Bairi egin dio mesede, baina lehen indarra izan da, beste behin ere, alderdi erregionalista. Aldea dezente txikitu da, ordea, eta aldaketaren aldeko indarren akordioak direla medio, bukatu da UPNren hegemonia. Burbuilak, azkenean, eztanda egin du.