Edurne Elizondo
Borroka eguna dela nabarmendu du Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotzi Laura Berrok (Iruñea, 1986), kolektibo horren nazioarteko egunari buruz. LGTBI mugimenduak egindako bultzada “funtsezkotzat” jo du Aranzadiko kideak, udal politikak martxan jartzeko.
LGTBI Kolektiboaren Nazioarteko Eguna da ostegunekoa. Hobera egin du egoerak?
2015. urtean udalera ailegatu ginenean, ez zegoen LGTBI politika publikorik. Ez zegoen deus. Hainbat adierazpen instituzional onartu ziren, LGTBI kolektiboa osatzen duten pertsonen eskubideak aldarrikatuz, batez ere, herri mugimenduari eta oposizioko taldeei esker. Baina bertzerik ez. Udalak, erakunde publiko gisa, ez zuen deus egin. Beraz, urteotan egon den aldaketa erabatekoa izan da.
Lan horrek ekarri du, bertzeak bertze, Harrotu izeneko bulegoa martxan jartzea, LGTBI kolektiboa artatzeko.
Hilaren amaieran, urtebete eginen du zerbitzuak. Bertze hamaika ekinaldi jarri ditugu martxan, batetik, sentsibilizatzeko, eta, bertzetik, oraindik ere gertatzen diren eraso LGTBIfobikoak salatzeko, indarkeria mota hori hutsean uzteko asmoz. Udal barruan ere ari gara lanean.
Zer-nolako lana ari zarete egiten?
Kanpora begira jorratu nahi dugun sentsibilizazio lan hori egin nahi dugu etxe barruan ere. Bertzeak bertze, hori egin nahi dugu udaleko teknikariak trebatuz. Argi dugu pertsonak jarri behar ditugula politiken erdigunean. Berdintasunari buruz ari garenean, beti erraten dugu lan horrek transbertsala izan behar duela. Uste dugu LGBTI kolektiboaren arloarekin gauza bera egin behar dugula, politika publiko guztiek txerta dezaten ikuspegi hori. Bertzela, arriskua dugu politika publiko neutroak sortzeko, eta, haien bidez, ezberdintasunei eusteko; emaitza are okerragoa izan daiteke, eta politika horiek ekartzea egoerak okerrera egitea. Horregatik, garrantzitsua da denok trebatzea. Politikariok ere bai.
Diagnostikoa egiteko asmoa ere agertu duzue. Zer helbururekin?
Hiriko egoera zehatza ezagutu nahi dugu. Horregatik egin nahi dugu diagnostikoa. Martxan da prozesua, eta udazkenerako prest izatea espero dugu. LGTBI kolektiboaren berri jaso nahi dugu, eta, horrekin batera, populazioak, oro har, LGTBI kolektiboari buruz duen pertzepzioa aztertu. Horrek aukera emanen digu gure politikak gehiago zehazteko, eta eraginkorrago izateko. Asmoa da, diagnostikoa oinarri hartuta, LGTBI politikei buruzko plan estrategiko bat osatzea. Gainera, eraso LGTBIfobikoen behatokia egin nahi dugu. Udalak argi utzi nahi du LGTBI kolektiboa hiriko aniztasunaren parte dela, eta aberastu egiten duela.
Azken hilabeteotan hainbat eraso homofobo salatu dituzte, bertzeak bertze, Sanduzelaiko bestetan. Zer egin dezake udalak horren aurrean?
Kontuan izan behar dugu zer-nolako testuinguruan bizi garen. Gizarte matxista eta heteropatriarkal batean bizi gara. Arazoa erroan dago, beraz. Horri erantsi behar diogu errealitate hori aldatzeko erakundeen konpromisorik ez dagoela, oro har, ez dela aniztasuna balio erantsi gisa hartzeko borondaterik. Urratsak egin dira LGTBI kolektiboa osatzen duten pertsonen eskubideak onartzeko eta aitortzeko; hori egia da. Ni anitz kezkatzen nau, halere, politikoki zuzena den baina edukiz hutsik dagoen diskurtsoak. Politikarien eta herritarren artean anitzek salatzen dituzte, hitzez, eraso LGBTIfobikoak, baina egoerak gertutik ukitzen dituenean, atzera egiten dute, neurri batean. Hori landu egin behar dugu. Arrakala bat ireki dugula uste dut, baina egin behar dela, oraindik ere, lan anitz.
Erasoen inguruko daturik baduzue?
2017koak oraindik ez ditugu. 2016an, berriz, hamar salaketa aurkeztu ziren sexu eta genero aniztasunaren aurkako erasoengatik. Salaketen kopuruak gora egin du. Uste dut hori gertatzen dela, batetik, sentsibilitate handiagoa dagoelako; eta, bertzetik, kolektiboaren ahalduntzeak gora egin duenez, ikusgarriago bilakatu delako, eta horrek ekarri duelako subjektu atzerakoienen erreakzioa. Garrantzitsua da, halere, ikusgarritasun hori, espazioak irabazteko. Ez dugu ahaztu behar, gainera, lehen baino lege esparru zabalagoa dugula orain, eta lehen delitutzat jotzen ez ziren hainbat jarrera orain badirela. Paradigma da, beraz, aldatu dena. Ahalduntze eta ikusgarritasun gehiago dago; espazioak irabazi dira; eta horrek ekartzen du heteropatriarkatuaren erantzuna.
Herri mugimenduaren bultzada aipatu duzu. Zein neurritan da mugimendu horrena udalaren egungo politiken meritua?
Neurri handi batean. Bultzada hori funtsezkoa izan da. Errealitatea aldatzen da herritarrek, antolatuta, ezberdintasunen aurka borroka egiten dutelako. Erakundeak aurrerakoiago edo atzerakoiago izan daitezke, baina, batez ere, herritarren lana lagundu egiten dute. Erroa herritarren artean dago. Gu udalera ailegatu ginenean, LGTBI kolektiboak hagitz argi izan zuen presio eta bultza egin behar zuela, eta hori funtsezkoa izan da, bertzeak bertze, Harrotu martxan jartzeko. Garrantzitsua iruditzen zait izaera kritiko hori ez galtzea.
Urteotan lortutakoa galtzeko arriskua badela uste duzu, hiriko gobernua aldatzen bada?
Hiru urteotan egindako lanak balio izan du LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko diskurtsoa sendotzeko. Urrats anitz dugu egiteko, baina bertze anitz egin ditugu, jada, eta egoera ez da lehengoa. Mugimendua anitz ahaldundu da. Gazteen artean sumatzen dut boteretze hori, batez ere. Indar hori suntsitzea ez da erraza. Gainera, legez ere babestu ditugu aldaketak, eta horrek lagunduko du atzera ez egiten.
Uztailaren 6an hasiko dira sanferminak. Kanpaina martxan duzue, eraso sexistei aurre egiteko. Zer espero duzu?
Orain arte egin dugun lana kontuan hartuta, konfiantza handiagoarekin egiten diet aurre aurtengo bestei. Ezin gara lasai egon, baina uste dut lortu dugula erasoen aurkako gure diskurtsoak eta estrategiak hiriko mugak gainditzea, bai eta estatukoak ere. Argi utzi behar dugu eraso sexistak eta, oro har, emakumeon aurkako indarkeria ez direla bakarrik sanferminetako kontu. Ez dira gertatzen bestak direlako, edo Iruñean bakarrik. Eguneroko kontua dira, zoritxarrez, heteropatriarkatuaren indarra handia delako, eta kapitalismoaren babesa baduelako. Egunerokoa da sistema horren kontrako lana.
Hedabideen ardura nabarmendu duzue, eta dekalogoa osatu. Bada hedabideekin lan handia egiteko, oraindik ere?
Hedabideek ardura handia dute, eta oraindik bada zer hobetu. Kazetaritza eskoletan ez da txertatu genero ikuspegia, oraindik ere.