Festak denok gozatzeko dira: bai gizonek eta bai emakumeek; edozein drogaren kontsumoak ez du erasoa justifikatzen; edonor bere gorputza erakusteko librea da, eta hori ez da hari erasotzeko edo hura biluzteko aitzakia; festetan, ezetza beti da ezetz”. Aholku horiek eta beste asko jasotzen ditu Iruñeko Udalak argitaratu berri duen gidak, beste hainbat kolektiborekin elkarlanean. Patrikan aise gordetzeko formatuan argitaratu dute, eta arduradunek uste dute “oso erabilgarria” izan daitekeela sanferminetan sexu erasoak saihesteko.
Kanpaina zabalago baten parte da gida hori. Eraso sexistarik gabeko jaien alde izeneko egitasmoa iaz jarri zuen abian Udalak, Sanferminak Berdintasunean talde eragilearen bitartez. Eta estreinakoz, Iruñeko espektro politiko osoa ados jartzea lortu zuten proiektuaren sustatzaileek. Izan ere, Sanferminak Berdintasunean taldearen parte dira Emakumearen Udal Kontseilua, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen plataforma, Gora Iruñea, UGT, Biktimen Arretarako Nafarroako Gobernuaren Bulego Juridikoa, Iruñeko Udaleko hiru alor (Gizarte Ongizate eta Berdintasuna, Hezkuntza eta Kultura, eta Hiritarren Segurtasuna), Emakumeen Arretarako Udal Zerbitzua, bai eta udal talde politiko guztiak ere, EH Bildutik UPNra.
Batasun hori irudikatze aldera, Nafarroako hedabideei ere gonbita egin die Sanferminak Berdintasunean lantaldeak. Iaz bezalaxe, argazkia egin dute herrialdeko komunikazio talde guztietako ordezkariek (tartean, BERRIAk eta Nafarroako Hitza-k); aurtengoan, alta, kazetari eta argazkilariez gainera, festari lotutako hainbat ofizio ere islatu nahi izan dituzte kanpainaren arduradunek. Hortaz, kanpainaren mezua bere egin dute Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideek, txistulariek, atabalariek, entzierroko medikuak, La Pamplonesa bandako musikariek, peñetako kideek edota dantzariek.
“Iaz, hedabideen argazkiak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, eta bolo-bolo ibili zen sare sozialetan. Irudia oso indartsua zen, sexu indarkeriaren aurkako batasuna ezin hobe irudikatzen zuelako”, azaldu du Sanferminak Berdintasunean taldeko arduraduna den Pilar Mayok. “Aurten, antzeko zerbait egin nahi izan dugu, baina pauso bat harago emanez, festaren ohiko elementuak gehitu dizkiogulako. Argi utzi nahi izan dugu sanferminek aisialdirako abagune izan behar dutela, baina denontzat, emakumeentzat nahiz gizonentzat. Emakumeak objektu gisa aurkezten dituen jai eredu hori baztertzea da gure helburu nagusietako bat”.
Horretarako, kontzientziazio kanpainaz eta informazio gidaz gainera, aholkularitza puntu bat ere paratuko du Sanferminak Berdintasunean taldeak uztailaren 6tik aitzinera. Jaiaren bihotzean jarriko dute, gainera: Gazteluko plazan; gizarte langileak eta bestelako profesionalak izanen dira goizez eta arratsaldez, sexu erasoei buruzko informazioa eta aholkuak eskaintzen.
Informazioa jasotzeko
Taldeko kideen esanetan, ordea, sanferminetan zabalduko dutena ez da biktimak artatzeko edo salaketak aurkezteko gunea izanen, “horretarako beste bide batzuk daudelako; zuzenena, 112 telefonora deitzea”. Indarkeria matxistaren kontra existitzen diren baliabideei buruz hitz eginen dute informazio guneko profesionalek, eta aukera eskainiko dute, era anonimoan, erasoen berri emateko, “informazio hori oso baliagarria izan baitaiteke etorkizuneko egitasmoak eta estrategiak prestatzeko”.
Gazteluko plazako informazio gunea zabalik izanen da hilaren 14ra bitartean, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara.
Sinatzaileak
- Ion Orzaiz. BERRIA – Nafarroako Hitza.
- Sara Sanz de Galdeano. Diario de Noticias.
- Silvia Aierra eta Sara Nahum. Diario de Navarra.
- Aritz Intxusta. Gara.
- Idoia Zabaleta. Argazki Press.
- Mikel Donazar. EITB.
- Cristina Garcia, Fernando Roncal, Pablo Ramos eta Marta Alzugarai. RTVE – Telenavarra.
- Maria Sisniega eta Paula Fernandez. Navarra TV.
- Javier Lakidain. Radio Pamplona – SER.
- Maite Moro eta Esther Garcia. COPE.
- Marisa Lakabe eta Milagros Bidondo. Onda Cero.
- Maialen Huarte. Euskalerria Irratia.
- Maria Montoia eta Ascen Etxauri. EFE.
- Ainhoa Cebrian. Europa Press.
- Antonio Alvarez. Entzierroko medikua.
- Gloria Burgi. Iruñeko Peñen Federazioko kidea.
- ‘Rastrojo’. Entzierroko unaia.
- Fermintxo Garaikoetxea. Konpartsako txistularia.
- Pilar Mayo. Sanferminak Berdintasunean udal taldeko teknikaria.