Kattalin Barber
Hondakinik onena sortzen ez dena da. Iraultza dakar asteon aurkeztu duten Nafarroako hondakinei buruzko legeak. Bukatu da kontsumitu eta botatzeko garaia, eta, besteak beste, hondakin plastikoen murrizketa du ardatz legeak. Neurriak hartu dituzte dagoeneko: zeramikazko baxera berrerabilgarria estreinatu du Nafarroako Gobernuak, herri zein hirietako festetan eta gisako ekinaldietan herritarren eskura jartzeko, eta, horrela, erabilera bakarreko plastikozko platera eta mahai tresnak saihesteko. Ekaina amaieran estreinatu, eta irailera bitarte eginen diren 28 ospakizunetan 13.000 lagunek erabiliko dute baxera berria.
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administraziorako Departamentuko Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoak eta Hondakinen Partzuergoak sustatu dute ekimena, GAN-NIK erakundearen laguntzarekin. Oscar Rubio da hondakinen prebentziorako bulegoaren arduraduna: “Herri ekinaldietan iraunkortasunaren alde egin behar dugu, eta hondakin plastikoak murriztu”. Izan ere, onartu berri den hondakinen legearen arabera, 2020. urtetik aurrera debekatua egonen dira erabilera bakarreko baxerak, bai eta plastikozko poltsak ere.
Preseski, neurriak hartu dira eta erosketak egiteko orduan erabilitako plastikozko poltsa guztiak ordaindu behar dira hilaren 1etik. Hondakinen kudeaketan eta plastikoaren murrizketan “aurrerapauso handiak” eman nahi ditu Nafarroak datorren hamarkadan, eta plastikozko poltsen erabilera eta erabilera bakarreko ontzien salmenta erregulatu ditu. “Oraintsu onartu den hondakinen legearen oinarriak gauzatu nahi ditugu baxerarekin”, esan du Rubiok.
Hain zuzen ere, hondakinen prebentziorako eta plastikoa ez sortzeko, “neurri zehatz eta eraginkorrak” zehaztu dituzte, eta horien artean dago ontziteria berrerabilgarria. “Jakina da jai giroko ekitaldietan asko kontsumitzen dela, eta behar baino hondakin plastiko gehiago sortzen dela”, azaldu du Rubiok.
Orain dela urte batzuetatik plastikozko edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen dira festetan, baina Rubiorentzat, baxera berria “jauzi handia” da. “Sustraietara joan nahi dugu, eta jendearen ohituretan eragin; 2020. urtetik aurrera ezinen da erabilera bakarreko baxerarik baliatu; gu aurreratu gara, eta alternatiba eskaini diegu herritarrei”.
Doan eskatzeko aukera
Dagoeneko bidea egin du baxera berrerabilgarriak, eta joan den ekainaren 23an estreinatu zen Leitza, Obanos, Gares, Berbinzana eta Lesakan egindako hainbat ekitalditan. Uztailean eta abuztuan beste hainbat herritan erabiliko dute; irailetik aurrerako ekitaldietan baxera izateko, nahi duenak egin dezake eskaera https://oprec-navarra.com webgunearen bidez. Edozein erakundek, kolektibok edo elkartek doan eska dezake baxera. “Proba asko egin ondoren, oraingoan zeramikazko eta altzairu herdoilgaitzeko baxera sortu dugu, udal, erakunde, elkarte eta kolektiboen eskura egonen dena”.
Funtzionamenduari dagokionez, ekinaldien antolatzaileak garraioa eta garbiketa ordaintzeaz arduratuko dira. Nafarroako Varazdin Fundazioak, berriz, kudeatu eta garbituko ditu plater eta mahai tresna guztiak. Fundazioa da, hortaz, baxera hornitzailea, eta gaur egun arauz kanpoko funtzionala duten 70 lagunek lan egiten dute. Joan den asteburuan Betelun, Murchanten eta Orbaitzetan erabili zuten baxera. “Nafarroako mankomunitateen erantzuna oso ona izan da, eta harrera ona izan du egitasmoak; jendaurrean erakutsi baino lehenago dagoeneko bete ditugu uztaila eta abuztua”, esan du Rubiok.
Helburu nagusia hondakinak murriztea da, gutxiago sortzea. “Hondakin asko sortzen ditu plastikoak; ez dugu petrolioaren menpe egon nahi, eta jarrera iraunkorragoen alde egin nahi dugu”. Gakoa pertsonak direla uste du Rubiok, eta, baxeraz gain, sentsibilizazio kanpainak aurrera eramanen dituztela adierazi du. Nafar bakoitzak egunean 1,2 kilo hondakin sortzen dituela jakinarazi du. “Imajinatu zenbat kilo sortzen dira lurralde osoa kontuan hartuz; hau ez da batere iraunkorra”.
Eguneroko ekintza txikietan portaera aldatzearen alde ari dira, ekonomia zirkularra bultzatzen eta murriztu, berrerabili eta birziklatu kontzeptuei erreparatuz. Ahal den neurrian zabor gutxiago sortu, eta botatzen den hori berrerabiltzea delako asmoa.