Edurne Elizondo
Nagore Laffageren absentziak ekarri du Iruñeko Gazteluko plazan, asteon, Andreak eta Astelehen Lilek egin dioten omenaldia. Bi ordu eta erdiko ekinaldian, halere, Irungo 20 urteko erizainaren presentzia izan da nagusi. “Denak gara Nagore”, errepikatu dute, behin eta berriz, parte hartzaileek; batez ere, Jose Diego Yllanesek hil zuenean Laffagek zuen adin bertsua duten emakume gazteek. Haren ama Asun Casasolari so erran dituzte hitz horiek. Eta amak besarkadaz bete ditu. “Urduri nago, beti jartzen naizelako urduri; baina omenaldiok, niretzat, terapia baten modukoak dira; izugarri eskertzen ditut, eskertzen dut jendearekin egotea”, erran du Casasolak.
Hunkituta eman eta jaso ditu babesa agertu nahi izan diotenen besarkadak. “Hamar urtez etorri naiz omenaldira, eta inoiz ez naiz musu ematera ausartu. Gaur eman nahiko nizuke”, erran dio gizon batek Casasolari; Laffageren amak eskertu du keinua, eta eman dizkio bi musu eta besarkada estua. Malkoak isuri ditu Casasolak, baina irribarreak ere hartu dio aurpegia, behin baino gehiagotan. Hitzak, musika eta dantza nahastuz, omenaldi hunkigarri bezain alaia egin baitiote Nagore Laffageri.
Hamar urte joan dira Jose Diego Yllanesek erizain gaztea hil zuenetik. 2008ko sanferminetan, Laffagek ezetz erran zion Opus Deiren Unibertsitate Klinikako psikiatrari, eta gizonak hil egin zuen. Hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, 2009. urtean. Baldintzapean aske da, halere, joan den martxotik. “Izugarria da”, erran du Laffageren amak, tristuraz.
Emakume guztien omenez
Laffagek urtero jaso du iruindarren omenaldia, eta, hamargarren urteurrena gogoratzeko, ehunka herritarrek bat egin dute Gazteluko plazan. Laffage gogoratuz, indarkeria matxistak jotako emakume guztiak omendu nahi izan dituzte. Herritarrekin batera, ekinaldian izan dira Nafarroako Gobernuko, Nafarroako Parlamentuko eta Iruñeko eta Irungo udaletako ordezkariak.
Datu gordin eta latzak mahai gainean jarrita hasi dute Andrea eta Astelehen Lilak elkarteetako kideek omenaldia: “2018. urtea hasi zenetik, 45 feminizidio gertatu dira estatuan; 2017. urtean, 99 izan ziren. 16 urte edo gehiago dituzten emakumeen %12,5ek sufritu dute sexu indarkeria edo indarkeria fisikoa; sei orduan behin emakume bat bortxatzen dute, eta kontuan hartu behar dugu bortxaketen %80 ez direla salatzen”. Errealitate hori iraultzeko grina utzi dute agerian antolatzaileek; omenaldi gehiago egin behar ez izateko gogo benetakoa.
Helburu horrekin bat egin du Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok ere, hitza hartu duenean. Hala aitortu du: “Ekinaldi polita, baina, aldi berean, gogorra eta zaila da gaurkoa [astelehenekoa]”. Kontseilariak argi du Laffageren hilketa “mugarri” izan dela indarkeria matxistak herritarren aldetik jaso duen erantzunean. “Gizarteak eta erakundeok bat egin behar dugu, gure indarrak batu, indar horren bultzada areagotzeko”.
Ollo ez da bakarra izan Casasolaren ondoan. Andrea eta Astelehen Lilak elkarteetako kideekin batera izan da Helena Taberna zinemagile altsasuarra ere. Nagore izenburuko dokumentala egin zuen Laffageren hilketari buruz. Familiaren ondoan egon nahi izan du hamargarren urteurrenean. “Laffageren hilketak lehen lerroan jarri zuen, duela hamar urte, emakumeon aurkako indarkeriaren auzia. Garrantzitsua da hemen egotea eta gogoratzea. Ez gaude duela hamar urteko egoera berean; egin dugu aurrera, eta ospatu behar dugu. Herriak hartu du indarra erasoen aurka”. Laffage omendu eta gogoratu behar dela berretsi du, eta bere filmaren bidez, hain zuzen, hori egin nahi izan duela nabarmendu du: “Memoria”.
Tabernaren filma erakutsi du Asun Casasolak Nafarroako hamaika ikastetxetan, hain zuzen. “Ezin duzue imajinatu niretzat zeinen garrantzitsua den hori”, erran du, plazan, zinemagilearen aurrean. Herritarren berotasuna beti sumatu duela nabarmendu eta eskertu du. “Hor ikusten dut zuen alkatea; hasieratik izan da nire ondoan”, erran du Casasolak, Joseba Asironi so —jendearen artean dago—. “Ongi ospatu bestak; disfrutatu, errespetatuz. Ez dezatela bertze inor hil; ez dezatela emakume gehiago bortxa. Baina, zerbait gertatzen bada, sinetsi biktimari; atera karrikara; ondoan ez bazaituztegu hondoratzen baikara”, bukatu du.
Hitzen tokia hartu du musikak; Etxaniz taldeak, Sabicas etxeko Jolis Muñozek, El Camarotek, Maite Menek eta Aurora Beltranek bete dute oholtza, bertzeak bertze. Aurreskua dantzatu dute Laffageren eta haren familiaren omenez; olerkiak irakurri dizkiote erizain gazteari, eta Towanda Rebels ekinaldiko kideek eta Cristina Fallaras kazetariak “nahikoa” dela erran dute, ozen. Indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten alde egin dute. Erasorik gabekoa. Feminismoaren alde. Nagore Laffageren absentziak ekarri ditu Iruñera; haren presentzia gogoratu dute.