Lohizune Amatria
Bizitza kontraesanez beteta dago”. Zenbatetan entzun ote dugu gisako baieztapenik? Geure burua zuritzeko erabiltzen dugu gehienetan esaldi hori; onartuta, gainera, hala izan behar duela. Oraingoan, halere, inguratzen gaituzten kontraesanak begiratu nahi ditut. Kontraesanez betea da mundua, kontraesanez beteta kontatzen ari zaizkigu historia.
Nafarroako kaleetan gero eta ikur frankista gutxiago daudela irakurri dugu berriki astekari honetan bertan. Memoria historikoan eragiteko asmoz pozez hartu den erabakia izan da. Hitz hauek idazten ari naizen bitartean, gainera, Ezkabako lau iheslariren gorpuzkiak aurkitu dituzte Larrasoañako hilerri kanpoaldeko hobi batean. 80 urte dira kartzela frankistatik 800 presok ihes egin zutela, eta horietatik asko daude desagerturik.
Larrasoañako Paula Lizoainen testigantzari esker aurkitu dituzte azkeneko laurak, eta frankismoak eragin duen isiltasunaz pentsatzea eragin dit albisteak. 89 urte ditu egun Lizoainek; haurra zenean ikusi zuen gertatutakoa. Gogorra izango zen, segur aski. Horregatik, agian, gaur arte ez du hura kontatzerik izan. Esteribarren beste gorpuzki batzuk atera zituztenean eman zuen pausoa, askok eskertuko dioten urratsa. Gizartearen beldurra agerian uzten du istorio txiki horrek. Memoria nahastearen beldur gara, eta ez luke hala izan behar. Tamalez, ez dira horiek gaiaren inguruan azken asteotan izan ditugun albiste bakarrak. Eta jarraian aipatutakoak erakusten du benetako kontraesana.
2016ko azaroan, Jose Sanjurjo militar kolpistaren gorpuzkiak Erorien Monumentutik atera zituen Iruñeko Udalak. Hori saihesten saiatu zen familia, baina, memoria historikoaren legeak argudiotzat hartuta, epaitegiek ez zuten eskaria onartu. Egoera irauli egin da, ordea; eta gorpuzkiak monumentuaren kriptara itzultzea aitortu dio familiari Iruñeko auzitegiak. Epaitegiak legean irakurri duenez, Sanjurjo ez da frankismoaren sinbolo. Aski ezagunak zaizkigun beste kasu batzuk gogoraraziz, berriz ere, herriaren norabidearen kontra ari dira Iruñeko epaileak.
Lau egun barru, 82 urte beteko dira Espainiako gerraren atariko izan zen estatu kolpea gertatu zenetik. Sanjurjo izan zen errepublikaren kontra altxatu zenetako bat. Estorilen (Portugal) bizi zen, eta handik hartu zuen parte konspirazioan. Adostu zuten organigraman, Sanjurjo ageri zen matxinadako buruzagi nagusi gisa. Ez da hori Sanjurjoren biografian frankismoarekin lotzen duen gauza bakarra. Primo de Riverak estatu kolpea jo zuenean, bat egin zuen harekin; baita Sevillan 1932an ere. Sanjurjada deitu zioten saiakera horri. Baina, antza, detaile horiek ez dira sinbolo adieraren pareko.
Frankismoko ikurrak kentzen, iheslariak eta fusilatuak aurkitzen eta memoria berreraikitzen ari garen bitartean, ohoreekin Sanjurjo Iruñeko monumentuan hobiratzea erabateko kontraesana da. Gaizki egiten dugunari garrantzia kentzeko esaten dugu —onartzen dugu— kontraesanez beteta dagoela bizitza. Herri gisa ezin dugu hori onartu. Memorian, egian, justizian, ez dago balio duen kontraesanik.