Tania Arriaga Azkarate
Baketsuak eta eguzkitsuak izaten dira uztaileko egunak; gauak, sutsuak eta biziak. Ikasturtean gertatukoari egunez berrikusketa egiten diogun moduan, gauez azken hilabeteotan jasandakoa gure sistematik ateratzeko aprobetxatzen dugu. Horrela, goizaldetako dantzen txiribuelta bakoitzaren indar zentrifugoa baliatuz, txarra kanporatzen eta berriari lekua uzten diogu. Ikasturte honetan jasandakoa uxatzeko gau eta egunez dantzaldi amaiezinean aritu beharko genuke, eta, horretarako, kanten playlist terapeutikoa prestatu dut. If I can’t dance, it’s not my revolution! , esan zuen Emma Goldmanek 1931ko Living my Life liburuan. Beraz, hurrengo lerroetan Katalunia, Altsasu edota migratzaileek eta emakumeok jasaten ditugun miseriak exorzizatzeko konpasak proposatuko ditut.
Txikitatik pop musika maite izan dut, baina kanta guztien artean alaienak, ederrenak eta, garrantzitsuena, hoberen egiten didatenak ABBA talde suediarrarenak dira. I been cheated by you since I don’t know when, so I made up my mind it must come to an end. Look at me now, will I ever learn? Hori esaten zuen Mamma Mia kantak (1974). Kataluniako gertaerak ulertzeko eta, hiru minutu eta hogeita hamalau segundotan bada ere, frustrazioa engainatzeko piano eroari jarraitu beharko diogu. Dena dela, Mamma mia! Ikasiko ote dugu inoiz enperadorearen soinekoa ikusten?
Donald Trumpen irudi ezatsegina eta haren ekintza maltzurrak ez psikosomatizatzeko, yogiek gomendatzen duten ariketa eginen dugu: iraulkatu. Twist-aren erregea, Chuby Checker, 1959an ederki ohartu zen aldakak mugituz eskubide zibilei, askatasun sexualari eta feminismoari hegalak emanen zizkiola. Polita litzateke musika horrekin oraingo gure patua hankaz-gora jarriko bagenu.
Zanpatuak eta eskubiderik gabe jarraitzen duten herritarrak asko dira. Ihesi, itota, bortxatuak hiltzen zaizkigu begien aitzinean. Sebastian Iradier Salaberriak La Paloma uxo zuriari (1859) leihoa ireki zion. Pateratan datozen lagunei ongi etorria emateko atea irekitzen dugun bitartean arabarraren habanera dantzatzen ahal dugu, etxean bezala senti daitezen. La Paloma: The History and Mystery of the World’s Most Popular Song dokumentalean azaltzen dute Iradierren habanera sakonki maite dutela Afrikako hainbat herritan.
Guri enarak esaten ziguten Zuberoara espartinak egitera joaten ginenean. Enarak gara Londres, Paris, Txina edo Mexikon. Dantzatuko gara nor garen gogoratzeko baina ikasi berri ditugun urratsekin koreografia ausartak asmatuko ditugu, geure burua berrasmatzean boterearen historialariak nahastuz. Donostiako Nogen musika taldeak esaten duten bezala: non galduko gera enarak bezala hego haizeari itxoiten?
Nora eramanen gaitu betiko gure dantza berriak? Egitura kirasduna iraultzera? Kartzelara? Kartzeletan direnak bisitatzera? Zazpi Jauzi dantzatzen izan dadila, bihotz tematsua bagina, milioi bat lagun biltzen dituen korroan. Bizitza maite dugulako, elkar zainduko dugu: Manadaren eta sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dugu lurra, dantzari.