Olatz Azpirotz Larzabal
Juan Carlos Garcia-Funesek frankismoko gatibu “ikusezinak” aztertu ditu, garai hartako lan behartuei buruzko informazioa emateko, datuak ikertzeko eta gatibuen bizipenak ezagutzera emateko. Garcia-Funesen tesiak frankismo garaiko 1937 eta 1945 urteen arteko epea biltzen du bere barnean, eta garai hartako Espainiako Estatua hartu du kontuan, koloniak barne.
Zertan datza zure ikerlana?
Frankismoan lan egitera behartutako gatibuen fenomenoa ikertu dut. Bi motatakoak ziren: alde batetik, espetxe sistema barruan zeuden presoak; Erorien Arana eta beste hainbat azpiegitura eraiki zituztenak. Bigarren multzoa osatzen zuten gatibu ikusezinek. Horiek kontzentrazio esparruetan zeuden. Nik azken horiek aztertu ditut. Militarrak arduratzen ziren haien kudeaketaz, lan behartuez… Armadak bahitu eta torturatu egiten zituen lan behartuetara derrigortu baino lehen. Hala ere, bahitutako guztiak ez ziren lan behartuetara joaten; batzuk gerrara eraman eta errepublikanoen kontra borroka egitera behartzen zituzten. Beste batzuk epaitu egiten zituzten, eta espetxe sisteman sartzen ziren. Ordea, beste batzuei ez zieten armarik ematen, militarrak matxinada baten beldur zirelako. Hortaz presoak kontzentrazio esparruetara eramaten zituzten, eta lan behartuak egitera derrigortzen. Beraz, tesian aztertutakoak ez du kartzela sistemarekin zerikusirik.
Zer ikertu duzu zehazki?
Nire lanak bi eginkizun izan ditu: Espainia osoan zenbat batailoi egon ziren jakitea, Maroko barne, eta batailoi horiek non zeuden eta zenbat pertsonak osatzen zituzten jakitea. Tesian 1937-1945 epean hilabetero egondako kopurua aurkezten da, eta kopuruka eta probintziaka antolatuta agertzen dira. Horrez gain, presoek zer lan mota egiten zuten jakin nahi izan dut, bai eta lan horien interesdunak nortzuk izan ziren eta nork eskatzen zituen ere.
Asko izan al ziren gatibu ikusezin horiek?
Bai. Estatu osoan nabarmena zen 1939ko apirilean kontzentrazio esparruetako kopurua: 178.000, eta horietatik 95.000 gatibu zeuden, lan behartuetan. Gerra amaitu ahala, beherakada bat egon zen; hala ere, kopuruak handia izaten jarraitzen zuen: 1940ko urtarrilean, 92.000 gatibu kontzentrazio esparruetan, eta 60.963 lan behartuetan; 1942. urteko uztailean, 48.972 gerrako preso zeuden kontzentrazio esparruetan, eta horietatik 45.359 zeuden lan behartuetan. Normalean 600-700 gatibu inguruk osatzen zituzten penintsulako batailoiak, baina batzuetan 900 gatibu ere izan zitezkeen. Batailoiek 1942. urtera arte funtzionatu zuten gutxi gorabehera. Gatibuek ez zekiten noiz izango ziren aske; beraz, askok euren buruaz beste egin zuten. Beste batzuek ihes egitea lortu zuten. Adibidez, Gaztela eta Leongo datuak (Espainia) atal oso batean agertzen dira. Horrez gain, beste atal batek Espainiako probintzietako hilabeteko kopuruak biltzen ditu.
Zergatik izan da ikerketaren gaia frankismo garaiko lan behartua?
Interesa piztu zitzaidan orain dela hamar urte. Kartzelak beti atentzioa eman dit. Gaia aukeratu nuen ez daudelako azterketa asko. Eskerrak Francisco Espinosa historialariak eta Eva Maroja abokatuak posible egin zuten lan behartuei buruzko dokumentuak eta barne kontuak ikusi eta aztertzea. Bestalde, beti sentitu dut biktimenganako hurbiltasuna. Haiek justizia, egia eta ordaina behar dituzte.
Uste duzu beharrezkoa dela frankismo garaiari buruzko lanak egitea?
Bai. Gehiago balira, hobe. Historialarien lanak bakarkako lanak dira, baina ikerketak dakarren inplikazio sozialak bakardadea konpentsatzen du. Estatuak ardura hartu behar du, ikerketak bultzatuz eta dokumentuak erraztuz. Dokumentazio gehiena ezin daiteke kontsultatu oraindik; horregatik jarraitu behar da ikertzen. Eskubide bat da, eta behar sozial handia dago zer gertatu zen jakiteko. Ikerketetan, profesionalek eta herritarrek elkarrekin egin behar dugu lan. Hala ere, inoiz ez da nahikoa izango, asko baitago egiteko.
Gerrako gatibuen esperientziak agertzen dira ikerketan.
Bai. Atal oso bat dago gatibuen esperientziak kontatzen dituena. Gerrako preso ohi askok memoriak idatzi zituzten.
Zer lan behartu aipatzen dituzu tesian?
Lan mota gehienak industria eta garraio eremukoak ziren, baina baita lan militarrak ere. Ordea, ez dago hain argi zehazki nortzuk eskatzen zituzten lan behartu horiek; zer herrik, enpresak, norbanakok… Badakigu horietako asko Elizak eta Falangeak eskatu zituztela.
Nola bizi ziren preso horiek?
Kontzentrazio esparru horietan gerrako presoak sartzeaz gain, hainbat gazte ere eraman zituzten. Soldaduskaren garaia zen. Gazteak antzemateko, herrietako erregistroetan begiratzen zuten, eta, erregimen berriaren aurkakoak baziren, diziplina batailoira bidaltzen zituzten, hau da, kontzentrazio esparruetara eta lan behartuetara. Hori soldaduskaren barruan zegoen. Kontzentrazio esparruetan, ohikoak ziren mehatxuak, elikagai urritasuna, tortura…
Uste duzu Zaraitzuko haraneko indusketak eta gainontzeko indusketak onuragarriak izan daitezkeela informazio gehiago lortzeko?
Nafarroako Gobernuak oso ongi egin du indusketa hori bultzatzen. Indusketak oso onuragarriak dira, batez ere giza eskubideen ikuspuntutik eginak badira. Zer eta nortzuk eraiki zuten jakiteko balio du, eta baita nork agindu eta garatu zuen jakiteko ere. Gehiago bultzatu behar dira horrelako lanak. Alboko herriek ere informazioa eman dezakete eta haien garapena aztertzea oso garrantzitsua da. Halaber, herriekin harremana mantentzea oso garrantzitsua da: aurkitutakoak erakutsi, azaldu…