Ane Eslava
Josenea lorezaintza enpresak proiektu berri bat sortu du, landa eremuan sortzen den zaborra kudeatzeko: Zangozaldeko hainbat tokitan sortzen dituzten hondakin organikoak gaika bilduko dituzte; ondoren, inausalditik jasotzen duten materialarekin konpostatuko dituzte, eta, amaitzeko, beren zelaietan berrerabiliko dituzte. Probako proiektu bat da, eta etorkizunean Nafarroako beste eskualde batzuetara zabaltzeko asmoa dute. Nafarroako Unibertsitatearekin eta Fertile Aurorekin elkarlanean egingo dute prozesua: unibertsitateak ikerketa lana egingo du, eta Joseneak, berriz, konpostatze lana. Horretarako kontratatuko dituzten langileak gizartean bazterturik dauden pertsonak izango dira. Horretaz gainera, hainbat ikastaro antolatuko dituzte, prozesua nola egiten den erakusteko.
Josenearen lursaila Irunberriko kanpoaldean kokatuta dago, Bordablanca izeneko zelaian. Jesus Cia enpresako zuzendariak azaldu duenez, haiek, laborantza lanekin, hondakin ugari sortzen dituzte. Horiek beren zelaietan berrerabiltzen dituzte, baina kontrol zientifiko egokirik gabe. Hori dela eta, jakin zutenean Zangozako Mankomunitateak birziklatzeari lotutako urrats gehiago egin nahi zituela, aukera egokia iruditu zitzaien halako proiektu bat aurrera ateratzeko. Orduan, Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuarekin harremanetan jarri ziren, eta probako proiektu bat martxan jartzea erabaki zuten, Nafarroako Unibertsitatearekin elkarlanean. Horretarako, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren diru laguntza jasoko dute.
Datozen bi urteetan Zangozaldeko hainbat ekoizlek sortzen dituzten hondakin organikoak jasoko dituzte. Horiek Bordablancan konpostatuko dituzte, eta hango zelaietan erabiliko dituzte; orotara, hamalau hektarea lur dituzte Bordablancan. Urte bakoitzean 300 tona zabor biltzea aurreikusten dute, eta prozesua produktore handiekin egingo dute, bilketa errazagoa izan dadin: besteak beste, Irunberriko Iru Bide eta Ledeako Latorre hotelekin, eta Zangozako eta Irunberriko zahar etxeekin. Unibertsitateak alde teknikoa hartuko du bere gain: hondakinak biltzeko eredurik egokiena zein den aztertzea, konpostatzeko modu berriak bilatzea… Joseneako langileek, berriz, konpostatzea egingo dute.
“Jasotzen ditugun hondakin horiek guztiak jada ez dira zabortegira joango, Josenearen zelaira baizik”, azpimarratu du Jesus Ciak. Jasotako zaborra inausketaren hondakinekin nahastuko dute, ongarria sortzeko. Nahasketa hori aztertuko dute, Nafarroako Unibertsitatearen laguntzarekin, ekologikoa izan dadin eta nutrienteak izan ditzan, bai eta prozesua ahalik eta efizienteena izan dadin ere. Azaldu duenez, erabili nahi duten eredua egokia da landa eremurako: “Zelaietan botatzen duzun ongarri oro, izan ere, gutxi da. Horretarako zuk dituzun baliabideak erabiltzen badituzu, naturatik gehiago atera gabe, oso positiboa da”. Eta uste du lanpostuak sortzea modu bat izan daitekeela landa eremuaren despopulazioari aurre egiteko.
Bilketa eta konpostatze lan guztia Joseneako langileekin egingo dute, eta, horretarako, aldez aurretik erakutsiko diete nola egiten den konpostatzea. Joseneak kontratatzen dituen langileak gizarteratzea da helburua. Horrekin batera, Nafarroako Unibertsitateak hainbat ikastaro emango ditu Bordablancako instalazioetan, eta unibertsitate praktikak han egiteko aukera ere eskainiko du. Abuztuaren 14an lehen ikastaroa egin zuten, Irunberrin: hondakinak tokian-tokian kudeatzeak ekar ditzakeen onura sozioekonomikoak erakutsi zituzten.
Lan guztiak egin ahal izateko instalazio egokiak prestatuko dituzte Bordablancan. Horietan, erabilera anitzeko gela, garajeak eta konpostatze eremua jarriko dituzte. “Herritarrek hori guztia ikusteko aukera izango dute, eta bisitak antolatuko ditugu”, aipatu du Ciak. Proiektua hilaren amaieran jarriko dute martxan. Zuzendariak esan duenez, udaren hasieran lanean hasteko asmoa zuten, baina atzeratu egin da, “izapide asko” egin behar izan dituztelako.
Behin proiektua amaituta, txosten bat osatuko dute, eta Nafarroako Gobernuari emango diote, beste eskualde batzuetan antzeko proiektuak egin ahal izateko. Gainera, Ciak azaldu duenez, proba ongi ateratzen bada, aurrera begira Josenean konpostatze instalazio bat sortzeko asmoa dute. “Inguruan sortzen diren hondakin guztiak jasotzea gustatuko litzaiguke, guk geuk konpostatzeko eta, bide batez, lanpostuak sortzeko”. Horretarako, ordea, instalazioak moldatu beharko dituzte.
Ekonomia zirkularra xede
“Gure helburua da ekonomia zirkularreko eredu bat sortzea: hemendik ateratzen dena hona itzultzea; kutsatu gabe, berrerabiliz”, adierazi du Ciak. Hain zuzen ere, Europako Batasunak ekonomia eredu hori bultzatu nahi du, eta horretarako araudi berria ezarri du: 2020. urtean derrigorrezkoa izango da gutxienez hondakin guztien %30 birziklatzea, eta 2030ean, berriz, %80. “Oso araudi zorrotza da, eta gaur egungo gizartea ez dago horretarako prest. Bada, gure helburua da proiektu honekin araudi horretara gerturatzea”.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku