Uxue Rey Gorraiz
Gerrak aztarnak utzi zituen. Aztarnak askoren oroimen eta bihotzetan, eta baita lurretan ere. Gatazkek bereziki markatuta utzi dituzte Euskal Herriko txoko batzuk, eta xehetasun ugari argitara ateratzeke daude oraindik. Horietako hainbat lurpetik ateratzeke.
Zaraitzuko haranean murgilduta, Gorza eta Igari herriak igarota, han dago gerrak utzitako beste arrastoetako bat. Garai batean, preso errepublikanoen kanpamentua zegoen, eta orain jendea lanean ari da bertan, oroimenaren alde. Kanpamentuaren azpian, Zaraitzuko eta Erronkariko haranak batzen dituen bidean dago zergatia. Errepidea eraiki zuten eskuek ez zuten-eta beren borondatez egin.
Auzolandegi batzuk antolatu dituzte garai batean bunkerra izan zena garbitu, aztertu eta zer gelditzen den ikusteko. Nafarroako Kultura, Kirol eta Gazteriaren departamentuak eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak elkarlanean antolatu dute jarduera, Gerra zibilaren aztarnak Pirinioetan izenez. Abuztuaren 15etik 29ra, 25 pertsona inguruko talde bat aritu da bertan lanean, memoria historikoa helburu. Ez da lehena, ezta bakarra ere. Igariko auzolandegiaren antzera, Ezkaba mendiko Botilen hilerria eta Lizarrako judutegia dira Nafarroan.
Zenbait herrialdetako jendeak eman du izena ekintzan parte hartzeko. Hainbat kultura dituen eta lehen begiratuan zerikusi gutxi duen jendea elkarrekin ari da Igarin, monitoreek gidatuta. Langile eta gogoz ari dira. “Memoria historikoari horrelako ekarpen polit bat egin ahal izatea gauza handia da”, dio auzolandegian parte hartu duen gazte italiar batek. Denek xede berbera dute buruan, eta ideia berak erakarrita etorri dira: sinetsita daude denboran aurrera egiteko iraganean gertatutakoa jakin behar dutela, funtsezkoa dela hori.
1938an, gerra amaitzear, Francok Pirinioak gotortzeko agindua eman zuen. Aliatuen eraso edo inbasioetatik babesteko, batez ere. 36ko gerrarako ere baliagarri eginen zitzaien, gainera. Finean, Pirinio inguruetako kanpamentuak funtsezko bihurtu ziren frankisten operazio militarretan. Milaka bunker eraiki zituzten. Mendiak ireki eta gero errepideak eraikitzera behartu zituzten ehunka preso 1939. urtetik aurrera. Horrela, haran bat eta bestea komunikatzea lortuko zuten. 1941era arte, kanpamentu hura preso askoren bizitokia izan zen. Urteek utzitako arrastoa biltzea da gazteen helburua.
Ez da frankismoan preso izan zituztenei egin zaien lehen keinua. Igaritik Bidankozera eta Bidankozetik Igarira; presoek bi noranzkoetan jardun zuten lanean errepidea egiteko. Hain zuzen ere, bi herriak eta bi bailarak batzen diren tokian monolito bat dago 2004tik, presoen omenez. Igari gainean, alegia. “Beste elkartasun keinu bat da hau ere”, dio Nico Zuazuak, auzolandegiko monitore eta arkeologoak. Zuazua eta Carlos Zuza arduratu dira jardunaldietan gazteak gidatzeaz.
Egiten ari direnak historia osatzeko balio du, antolatzaileek azaldu dutenez. “Oso material baliotsua izan daiteke. Frankismo garaiko preso hauek bizi izan zutenaz dakiguna bizirik iraun zuten gutxiei eta inguruko herrikoei egindako elkarrizketen bidez dakigu. Hemen aurkitzen ahal duguna osagarria izan daiteke istorioak osatzeko bidean”, azaldu du Zuazuak.
Bilaketan aurkitutako detaile txikienak esanahi handia izan dezake. Kontserba lata zati huts batek ere bere balioa du, testuingurua hori bada.”Meridako lata bat (Espainia) aurkitu genuen behin. Horrek pistak eman zizkigun, eta hemen egon zirenei buruzko informazio gehiago. Senide bati eman genion, eta ez dakizue nola eskertu zuen”. Keinu txiki bat laguntza handia da horrelakoetan.
Ilusioz ari dira lanean. Irene Jimenez zuzendaria pozik da lortzen ari direnarekin. “Gogoratu zerbait aurkitzen duzuenean Nicori erakutsi behar diozuela. Berak sailkatuko ditu”, azaldu die gazteei, pintzelaz objektu bati lurra kendu bitartean. Ingurukoek arretaz aditu diote, eta baietz erantzun, gogotsu. Batzuek gaztelaniaz, beste batzuek ingelesez. Hizkuntza bera hitz egiten ez badute ere, badute elkar ulertzerik, eta giro ederra sortu dute.
Proiektuko hamalau egunetan, hainbat dira auzolandegian egin behar dituztenak: sastrakak eta bestelakoak kenduta ingurua garbitu, dauden harrizko eraikinen arrastoak erori ez daitezen moldatu, eta egurrezko etxetxo bat eraiki, azkenik. Bien bitartean, noski, lurpean aztarnak aurkitzea dute helburu. Helburua erdietsia da, gainera, hein handi batean. Poz izugarria sentitu dute hori gertatutakoan.
Iraganetik etorkizunera
Metal detektagailuak pi egiten duen bakoitzean, ilusioa eta urduritasun puntu bat suma daitezke jendearen aurpegietan. “Hemen, hemen!”, dio batek. “Handia behar du izan, espazio handia hartzen du!” esan du albokoak. Murtziatik (Espainia) etorri da lehena, Madrilgoa da bigarrena. Hainbat objektu aurkitu dituzte, dagoeneko: iltzeak, bala eta bala-zorroak, lapikoak… kanpamentu horretan egon zen bizitza gogorraren seinale eta aztarna.
Ordura arteko pi luzeena aditu da, bat-batean. Aitzurraz jo dute lurra, kontu handiz ordea, deus hondatu ez dadin. Detektagailua batetik bestera mugitu eta berri onak daudela dirudi, egiten duen hotsa etengabea da ia. “Ez dakit harri hori kentzea komeni ote den, Andoni. Lur gehiegi altxatu eta zaildu eginen du objektuak ateratzea”, dio monitoreak. Adituak hasiberriari azalpenak eman, eta biak dira pozik.
Aitzur hotsa, zerrak zurezko oholean egiten duen soinua eta irri algarak dira nagusi auzolandegian. Eguzkiak gogor jotzen du, eta parte hartzen ari diren gazteek neke keinuak ere egiten dituzte. Dena den, ez du ematen hori oztopo edo aitzakia bihur daitekeenik lanean jarraitzeko. Batik bat, poztasun berezia eragiten du egurrezko etxolari dagoeneko teilatua jartzen hasteak. Etorkizunean, hainbat ekintzatarako balioko du. Iraganera begiratzeko, eta bertan preso izan zirenak omentzeko.