Aniztasuna bermatzeko zain

Aniztasuna bermatzeko zain

Edurne Elizondo

Aniztasuna bermatu beharrean, ezberdintasuna nabarmentzen dute, ezberdintasuna markatu egiten dute”. Ginekologoaren kontsultan izandako esperientziez ari da Patricia. Gizartean nagusi den hetero-arauak osasun sistemaren esparruan ere badu isla, eta, horren ondorioz, ginekologoarengana joatea esperientzia ezeroso, bai eta bortitz ere bilakatzen da lesbiana anitzentzat. Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Nazioarteko Elkarteak ikerketa plazaratu zuen 2007. urtean, eta agerian utzi zuen lesbianak gutxiago joaten direla ginekologoaren kontsultara, gisa horretako bizipenak saihesteko, hain zuzen ere.

Nafarroan, egun, LGTBI kolektiboaren eskubideak babestu eta bermatu nahi dituen legea bada, eta bada, halaber, sexu heziketaren garrantzia nabarmentzea helburu hartu duen foru dekretua. Hala eta guztiz ere, paperean jasotako aniztasuna berdintasunean artatzeko protokolorik ez dago, eta profesional anitzen formakuntzarik eza agerian gelditzen da, kontsultetan.

“Ginekologoak ziurtzat jotzen ohi du artatzen ari den pertsona heterosexuala dela; egiten dizkizun galderek horixe islatzen dute”, berretsi du Patriciak. Horixe nabarmendu nahi du ginekologoarenean ezberdintasuna markatzen dutela erraten duenean. Dauden aukera guztiak kontuan hartu beharrean, artatzen ari den pertsona heterosexualen multzoan sartzen duela profesionalak, hasieratik, eta, ondorioz, pazientea dela azalpenak eman behar dituena, behar den bezala arta dezaten. Kontsultan, baina, beti ez da sortzen komunikazio hori lasai eta eroso egiteko giroa, eta aniztasuna ez da berdintasunez artatzen, ondorioz.

Olaia ez zuten behar den bezala artatu ginekologoarengana joan zen azken aldian, eta Osasunbidean kexa aurkeztea erabaki zuen. “Tratuan sumatzen da osasun alorrean heteroaraua oinarri duen ikuspegi bat dutela. Horixe idatzi nuen nire kexan. Ez dut profesional zehatz baten kontra egin nahi, ez baita hori arazoa. Egiturazko aldaketak behar ditugu, paperean ez ezik eguneroko jardueran ere aniztasuna kontuan har dezaten”, erran du, argi eta garbi.

Ginekologoaren kontsultan ez zuen horrelakorik sumatu Olaiak. Artatu zuen profesionalak ez zuen aintzat hartu aniztasuna. “Giro ezerosoa sortu zen. Ginekologoak egin zizkidan galderetan agerikoa zen ziurtzat jotzen zuela heterosexuala naizela. Antisorgailuak erabiltzen ohi nituen galdetu zidan, eta, ezetz erantzun nioenean, haurdun gelditzeko beldurrik ez ote nuen galdetu zidan, modu zakar batean”.

Lesbiana dela azaldu zion Olaiak medikuari, eta paziente guztiak heterosexualtzat hartuko ez dituen galdetegia egin beharko luketela erran zion. “Esan nion hobe zela galdetzea, deus ziurtzat jo baino lehen. Medikuak erantzun zidan galdetzea bortitza izan zitekeela. Lesbiana zarenean heterosexualtzat hartzea ere bortitza izan daitekeela esan nion nik”.

Aldarrikatzeko beharra

Profesionalak heteroarauaren esparrutik aritzen badira, artatzen dituzten pazienteek egin behar dute arau horretatik kanpo direla azaltzeko ahalegina. “Beti egon behar dugu geure burua aldarrikatzen”, azaldu du Amaia Barrenak. Lesbiana da, Kattalingorri elkarteko kide. Olaiaren eta Patriciaren gisako esperientziak izan ditu ginekologoaren kontsultan berak ere. Gogoratu du kontsultara joan zen lehendabiziko aldian ez ziola medikuari erran lesbiana dela. “Kontsultara joan, eta sumatzen duzu inork ez zaituela ikusgarri bilakatzen. Hau da, zure errealitatea ez dago islatuta galdetegietan, tratatzeko moduan. Lehen aldi hartan, ez nintzen armairutik ateratzeko gai izan”.

“Nik, orain, ez dut inolako arazorik lesbiana naizela esateko. Baina, agian, ginekologoarengana lehen aldiz joaten den 16 urteko pertsona batentzat zaila da armairutik ateratzeko urratsa egitea”, berretsi du Olaiak. Eta heteroarauaren ikuspegitik aritzen den ginekologo batek urrats hori egitera behartzen ditu pazienteak, behin eta berriz.

Artatu zuten zentroan aurkeztu zuen Olaiak bere kexa. Nafarroako Osasun Departamentuaren erantzuna jaso du. Irakurri eta gero, Olaiaren sentsazioa da, batetik, sistemak ez duela ulertu aldarrikatutakoa, eta, bertzetik, kontsultan izandako esperientzia ezeroso eta zakarraren ardura berari egotzi diotela. “Profesionalak giro atsegin eta enpatikoa sortzen saiatzen direla esan didate; eta artatu ninduen profesionalak uste duela gure artean ez zela komunikazio eraginkorrik sortu”.

Osasunbideak emandako erantzunarekin ez da kontent gelditu Olaia. Kattalingune zentroan ere salatu du gertatutakoa, eta kexak esparru horretan eginen duen bidearen zain da. “Eskatu dudan gauza bakarra da paperean hainbeste nabarmentzen duten aniztasuna kontuan hartzea, benetan, eta hori lortzeko baliabideak jartzea profesionalen esku”.

Nafarroako Hitza-k ere galdetu dio gobernuari gertatutakoaz. Osasun Departamentukoek onartu dute lesbianak artatzeko protokolorik ez dagoela. Nabarmendu dute, hala ere, “salbuespenak salbuespen, eta, benetan, salbuespen horiek existitzen badira”, zerbitzuan “sentsibilitate handia” dagoela. Departamentuak erran du ez dela egia profesionalek ziurtzat ematea paziente guztien heterosexualitatea.

Ez dira ados Olaia, Patricia eta Barrena. “Beti ematen dute ziurtzat heteroa zarela”. Gauza bera erran du Erika Salvatierra sexologoak ere. Ez hori bakarrik: “Sexu heziketarik eza nabarmena da sisteman. Ginekologoak harremanetaz galdetzen dizunean, penetrazioaz ari da, zakil baten penetrazioaz”. Behin kontsultan egin zizkioten galderak ekarri ditu gogora Barrenak, Salvatierraren hitzak entzun dituenean: “Sexu harremanik izan ote nuen galdetu zidan; zakilaz eta penetrazioaz ari zen, argi eta garbi. Haserretu egin nintzen”. “Sexu harremanak mota askotakoak izan daitezke, baina ginekologoek zakila eta penetrazioa baino ez dute buruan, kontsultan”, berretsi du Salvatierrak.

Infantilizatzeko joera

“Lesbianen arteko sexu harremanak infantilizatu egiten dituzte, etengabe”, erantsi du Lunak. Olaiak, Patriciak, Barrenak eta bertze hainbat lesbianek izandako antzeko esperientziak izan ditu Lunak ere ginekologoaren kontsultan. “Formakuntzarik eza nabarmena da, eta, askotan, jokoz kanpo gelditzen dira galderak egiten dizkiezunean”. Lunak agerian utzi nahi izan du, batez ere, sexu bidezko eritasunen inguruko informazioa emateko profesional anitzek dituzten gabeziak.

Patriciak bat egin du Lunarekin. “Giza papilomaren birusa kutsatzeko arriskuaz galdetu nion behin ginekologoari, baina ez zen gai izan informazio zehatza emateko”. Barrenak uste du ginekologoaren kontsultan informazio anitz “bazter” gelditzen dela: “Lesbiana zarela erraten duzunean, zakil bat bagina batean kondoirik gabe sartzen denean kutsatzen ahal diren gaixotasunak kanpo uzten dituzte profesionalek. Horri ematen diote lehentasuna, eta ez dute bertzelako informaziorik ematen”, erran du.

Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Nazioarteko Elkarteak egindako ikerketak ere agerian utzi zuen gabeziak nabarmenak direla sexu bidezko eritasunen inguruko informazioa ematerakoan, pazienteak lesbianak direnean. Txostenak jaso zuen, bertzeak bertze, profesionalek ez ohi dutela galderarik egiten lesbianek erabil ditzaketen jostailuei buruz, ezta jostailu horiek erabiltzeko eta babesteko moduaz ere. Lunak kezkagarritzat jo du lesbianen arteko harremanetan egon daitezkeen arriskuak gutxiestea. Joera hori ginekologia zerbitzuetatik kanpo ere sumatzen dela gaineratu du. “Hiesaren aurkako herritarren batzordean, adibidez, hori gertatu zait. Hiesaren aurkako borrokak lortu du arrisku praktikak jartzea mahai gainean. Behin, batzordeko kideengana jo nuen, eta, lesbiana naizela esan eta gero, ematen zuen gure kolektiboak inolako arriskurik ez duela”.

Transbide

Hasieran errandako ideia nabarmendu nahi izan du Erika Salvatierra sexologoak. Sexu heziketaren esparruan urrats anitz badela, oraindik ere, egiteko. Eta, ondorioz, aniztasunak ez duela izan beharko lukeen isla osasun sisteman. Egiturazko aldaketak eskatu ditu, eta esparru guztietan, gainera. “Ginekologia zerbitzuak hartzen dituzten zentroak emakumeentzako zentrotzat jotzen dituzte. Zer pentsatuko du bulba duen gizon batek, joaten denean? Hori ere hartu behar dugu kontuan”.

Nafarroako Gobernukoek zehaztu dute Transbide zerbitzua jarri dutela martxan, transak artatzeko protokolo zehatzekin. Asmoa da arreta integrala eskaintzea, hain zuzen ere.

Nora Gomez emakume transa da, eta Andraize zentroko profesionalek artatu dute, azken hiru urteotan. “Hasieratik erran nien, argi eta garbi, emakume transexuala eta lesbiana naizela. Duela hiru urte ebakuntza egin nuen. Pentsatzen dut ni bezalako anitz ez dituztela artatuko, eta zentroko kideei erran nien aukera aprobetxatzeko, nire trans baginaren bidez ikas dezaten”.

Ahaldundutako emakumea da Gomez. Argi du “gauzak diren bezala azaltzea” dela arretarik egokiena lortzeko bidea. “Nik ez dut inolako arazorik izan. Alderantziz, hagitz ongi artatu naute beti. Mediku anitzentzat, pazienteak zenbaki hutsak gara. Hori apurtzeko gaitasuna izan behar dugu”.

Ginekologoaren kontsultan, halere, beti ez da erraza hori lortzea. Horixe uste du Salvatierrak. Egoera ezberdina izan daitekeela pertsona batentzat edo bertzearentzat. “Aurreiritzi asko daude, oraindik ere. Gure bulba ere, tabu baten modukoa da, neurri handi batean. Ez dugu ezagutzen. Eta ezagutu beharko genuke”. Lanean jarraitzeko arrazoiak badira.