Edurne Elizondo
Historialaria, ekintzaile feminista, emakumeen liburutegiko arduraduna; familiako kide, laguna, lankidea. Bat, eta anitz, aldi berean. Ekainean zendu zen GITE Gizarte Ikerketarako Talde Eragileko kide Silvia Fernandez Viguera, eta asteon senideen eta lagunen azken agurra jaso du. Omenaldia egin zioten, astelehenean, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan; omenaldi bero eta sentitua historialari eta ekintzaileari; omenaldia familiako kide eta lagunari.
Lepo bete zuten gela agurtu nahi izan zuten herritarrek. Historialari, feminista eta GITEko emakumeen dokumentazio zentro eta liburutegiko sortzaile eta arduradun gisa egindako lana gogoratu eta nabarmendu zuten parte hartzaileek, batetik; familiako kide, lagun eta lankide gisa utzitako arrasto sakona, bertzetik. Arlo guztietan erakutsitako grina utzi zuten agerian, batez ere, eta, horregatik, bere bizitza ospatuz oroitu nahi izan zuten.
Ekainaren 27an hil zen Fernandez Viguera, gaixotasun batek eragindako ustekabeko arazoen ondorioz. 60 urte zituen. 1958. urtean sortu zen, Iruñean. “Hagitz Alde Zaharrekoa naiz. Bertan jaioa naiz. Badakizu non? Euskal Jain. Aitona pilotaria zen”, kontatu zuen Fernandez Viguerak, 2011. urtean, BERRIA-n. “Frontoia bezala, erreferente bilakatu zen Silvia”, erran zuen Ana Diez de Urek, asteleheneko omenaldiaren hasieran.
Aurkezle lanak egin zituen Diez de Urek. Ellas. Las mujeres en la Historia de Pamplona liburuko koordinatzaile izan zen, Fernandez Viguera, Paco Roda eta Sonia Pinillosekin batera. Lan horren hogeigarren urteurrena ospatu ahal izan zuen GITEko kideak, hil aurretik.
“Liburu hori da Silviak irakasle eta ikertzaile gisa egindako lanik garrantzitsuena”. Horixe nabarmendu zuen Blanca Fernandez Viguera haren ahizpak, asteleheneko ekinaldian. Irati Berazak dantzatutako aurreskuarekin hasi zen omenaldia; Blanca Fernandez Viguera izan zen hitza hartzen lehendabizikoa. “Ahizpak utzi digun ondarea nabarmendu nahi dut; uste dut hori dela egiten ahal diogun omenaldirik onena”, erran zuen. Solasaldiaren amaieran kosta egin zitzaion malkoei eustea. Ahizpari eskerrak eman zizkion, bizitzako bidean lagun izateagatik.
Silvia Fernandez Viguerak biologia ikasi nahi zuen, baina Historiaren aldeko apustua egin zuen, azkenean, “ikasketa politikoagoak” iruditu zitzaizkiolako. Mundua azaltzeko aukera emanen ziotela uste zuen. GITEren bitartez, hain zuzen ere, horixe egin zuen historialariak. Isilarazitako eta ezkutatutako emakumeen historia azalduz, mundua aldatzeko lan egin zuen. “Errebeldea eta apurtzailea” izan zela nabarmendu zuen Blanca Fernandez Viguerak.
GITE 1976. urtean sortu zen Iruñean. Silvia Fernandez Viguerak 1982. urtean egin zuen bat elkartearekin, Langaiak izeneko aldizkaria koordinatzeko. Teoria feministaren arloan urratsak egiteko sortu zuten argitalpen hori. Historialariak bere tokia aurkitu zuen GITEn, eta ez zuen taldea utzi. 35 urtez aritu zen han lanean. “Administrazio lanetan saiatu zen, tarte batez, gobernuan eta NUPen, baina GITEtik kanpoko saio horiek etxea elkartean zuela erakutsi zioten, argi eta garbi”, gogoratu zuen Fernandez Vigueraren ahizpak.
Dokumentazio zentroa
Silvia Fernandez Viguerak GITEn egindako lanak fruitu anitz eman zituen, baina garrantzitsuenetako bat da, zalantzarik gabe, herritar guztien esku dagoen emakumeen dokumentazio zentro eta liburutegia. “Bitxi bat da”, erran zuen Blanca Fernandez Viguerak, hunkituta. Silvia Fernandez Viguerak halaxe azaldu zuen zentroaren asmoa, 2011n: “Dokumentazio zentroa da gurea, emakumeon inguruan. Munduko hamaika txokotan badira emakumeak gurearen gisako zentroak osatzen eta kudeatzen. Feminismoaren historia jasotzea da kontua, pentsaera feminista herritarren eskura jartzea”.
Silvia Fernandez Viguera erabat murgildu zen emakumeen dokumentazio zentroen arloan, eta gogo eta lan horrek Erdialdeko Amerikara eraman zuen. “Silviak ikerketa bat egin zuen, eta bere lana Erdialdeko Amerikako Emakumeen Dokumentazio Zentroen Sareko oinarri bilakatu zen”, gogoratu zuen haren ahizpak.
Euskal Herriko eta inguruko emakumeen dokumentazio zentroekin ere harreman estua izan zuen Silvia Fernandez Viguerak. Sarea osatzen lagundu zuen. Bide horretan lagun izandako anitzek bideo baten bidez parte hartu nahi izan zuten asteleheneko omenaldian. Emakumeen hitzen zaindari izan zela nabarmendu zuten, eta, aldi berean, hitz horiek zabaltzen lagundu zuela.
Irudien bidez emakumeek kontatu dituzten istorioei ere bozgorailua eskaini zien Silvia Fernandez Viguerak, GITEk antolatutako Emakumea eta Zinema zikloaren bidez. “Hementxe, zinema areto honetan, hamaika emakumerekin egoteko eta ikasteko aukera izan dugu”, erran zuen Blanca Fernandez Viguerak, omenaldian.
Gogoratu nahi izan zituen, gainera, ahizparekin batera egindako lanak eta bidaiak. 1995. urtean, adibidez, Pekinen izan ziren biak, bertze hainbat ekintzaile feministarekin batera, Emakumeen IV. Munduko Biltzarrean.
Nafarroako emakumeen egoerari buruz egindako ikerketak ere aipatu zituen Blanca Fernandez Viguerak. 1975etik 2003ra bitarteko epea jorratu zuten, zehazki. “Hiru liburu argitaratu genituen. Silviak emakumeen parte hartze sozial eta politikoa landu zuen, batez ere”.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere izan zuten bi ahizpek elkarrekin aritzeko aukera: NUPek martxan jarritako genero programako bultzatzaile izan ziren. Programa hori Gizarte Laneko masterreko modulu bilakatu zuten gero. “Silvia funtsezko pieza izan da unibertsitateak genero ikasketei eutsi ahal izateko. Elkarrekin egin genuen bide hori, eta biontzat izan zen opari bat genero ikasketa horiek unibertsitateko maila gorenera eraman izana”, erran zuen.
GITEko feminismoen eskola, hamaika hitzaldi eta ikastaro, manifestazioak eta jardunaldiak… Silvia Fernandez Viguerak denetarik egin zuen. GITEn, Elena San Julian izan zuen lagun eta lankide, urte luzez. Emozioak hartuta, lankidearen “grina” nabarmendu zuen San Julianek, omenaldian. “Maistra izan zen. Anitz disfrutatu ditut elkarrekin egindako lanak eta denbora, eta anitz irakatsi dit. Silviarekin ikasi nuen dokumentazioak garrantzi handia duela emakumeen eskubideen alde lan egiteko”.
Maistra izan zen Fernadez Viguera, bai eta konturatu gabe ere. Horixe nabarmendu zuen Alicia Pano Rodriguez ekintzaile feministak. “Duela hamabost urte inguru ezagutu nuen Silvia. Taberna batean ikusi nuen, lehendabiziko aldiz. Nik hogei eta gutxi nituen. Silvia tabernaren erdian ikusi nuen dantzan. Eta ni harritu egin nintzen, bitxia iruditu zitzaidan irudia. Silviak, jakin gabe, feminismoari buruzko sekulako lezioa eman zidan egun hartan”.
Julia Munarriz Gomarak ere lagunaren irudirik alaiena ekarri nahi izan zuen gogora. “Halakoa zen; bizitzari zukua ateratzen zion. Besta eta bizitza gustuko zituen; dena egiten zuen pasioz”.
Julia Munarriz Gomarak eta Silvia Fernandez Viguerak elkarrekin egin zituzten bidaia anitz. Bidaia horietako batean egindako irudia aukeratu zuten, astelehenean, zinema aretoko pantailan erakusteko. Itsasoa zuen historialariak atzean argazki horretan, eta itsasoaz aritu zen Fernandez Vigueraren iloba Haizea Garcia Fernandez ere, izebari kantatu zion bertsoan: “Itsasoari begiratzean, olatu bakoitzarekin, hemen gaudenon bihotz zati bat eraman duzu zurekin”.
Malkoak eta irribarreak
Silvia Fernandez Viguera Nafarroako mugimendu feministako kide ezaguna izan da, eta asteleheneko omenaldian agerian gelditu zen haren heriotzak utzitako arrastoa. Emozioak hartu zituen hizlariak eta herritarrak, behin baino gehiagotan. Irri egiteko tarterik ere izan zen, halere. Irribarre egitekoa, behintzat, parte hartzaileek Silvia Fernandez Viguerarekin partekatutako esperientziak kontatu zituztenean. Fernandez Vigueraren bizitza gogoratu nahi izan baitzuten denek, haren heriotzaren orduan.
Nora Otxoa de Olza Garateak, Elena Santosek eta Sheila Tiradok dantza eginez gogoratu nahi izan zuten galdutako laguna, eta gelan bat egindakoen txaloak eragin zituzten, beren erritmoak baliatuz.
Ana Diez de Urerenak izan ziren ekinaldiko azken hitzak. Paco Rodak eta Patricia Oloriz Espinalek aurretik hartu zuten parte. Inork ez zuen lankide, lagun edo erreferente izandako historialaria gogoratzeko aukera galdu nahi izan. Diez de Ureri, halere, zaila egin zitzaion azken agurraren ordua: “Omenaldi osoan eutsi diot, eta orain…”.
Omenaldiaren azken unean hitzak bazter gelditu ziren, eta topa eginez agurtu zuten parte hartzaile guztiek Silvia Fernandez Viguera. 2011n BERRIAn egindako elkarrizketan, “dena aldatu” nahi zutela erranez gogoratu zituen unibertsitateko garaiak. Asmo hori inoiz ez zuen bazter utzi historialariak, eta bere lanaren eta bizitzaren lelo bilakatu zuen. Batez ere, isilarazitako emakumeen egoera aldatzeko egin zuen lan, eta, egun, agerikoak dira lan horren emaitzak. Omenaldiaren bidez, dena aldatzeko lanean jarraituko dutela erran zioten lagunek.