Lohizune Amatria
Aurkikuntza. Baikortasun eta esperantzaz beteriko hitza dugu aurkikuntza, ezagutzen ez dena kausitzea; aurkitzea. Gaurko datak, ordea, onetik duen guztia kendu dio terminoari. Orri honen goiburuan dioenez, gaur, urriak 12 egun ditu. Egun seinalatua gure agendetan, gorriz agertzen diren horietakoa; ilusioz, iristeko zain egoten garen horietakoa. Edo ez.
Gaurko egunez, 1492. urtean aurkitu omen zuen Kristobal Kolonek Amerika. (Aurretik galduta egon zen kontinentea, nonbait). Espainiako Errege-erregina Katolikoen mundua konkistatzeko grinak eraman zuen Kolon Guanahani uharteraino (Bahamak) —ondoren San Salvador deitu zuten uhartea—. Ez zebilen, baina, kontinente horren bila. Indiako bidean aurkitu zuen Amerika. Aurkitu daiteke bilatzen ez den zerbait? Antza, bai.
Aurkikuntza hura ospatzen da gaur, eta horregatik da jai eguna gaurkoa. 1492. urteko egun hura, baina, sarraski baten hasiera baino ez zen izan. Milioika herritar hil eta herri indigenak suntsitu zituzten uhartea zapaldu ondoren, herrialde horiekiko zor kultural eta historikoa sortuz.
Aitzakia aurkikuntza izanda, beraz, batek pentsa lezake Amerikako herritarrekin dugun harremana ospatu beharko litzatekeela gaurko egunez. Zentzu horretan, baina, gizarteak ospatzeko baino ikasteko asko du oraindik. Nahiz eta, Amerikako herritarren kontrako sarraskia gogora ekarriz, Nafarroako Parlamentuak, iaz, gaurkoa Herri Indigenen eta Kultur Aniztasunaren Eguna izatea erabaki zuen, Amerikako beste herrialde askoren antzera.
Baina, zergatik dugu gorriz markatuta urriaren 12a? Gaurkoa, noski, ez da betidanik jai eguna izan. 1918. urtean sortu zuten jai eguna, Espainiar arrazaren eguna izenarekin. Hispanitatearen egunez ezagutzen dugu gehienek. Izendapen hori 1958. urtean hartu zuen, Francisco Franco Espainiako diktadoreak legez hala araututa. Aitzakia, Kolonen ekintza heroikoa.
Baina, zer da benetan gaurko egunez ospatzen dena? Ez baita aurkikuntza ospatzen bakarrik. Pilareko Ama Birjinaren eguna ere bada gaurkoa, eta Pilareko Ama Birjina Guardia Zibilaren eta hispanitatearen zaindaria da. Eta, noski, espainiar abertzaletasunaren eta nazionalismoaren aldarria egiteko ere erabiltzen dute eguna. Baita gurean ere. Urtero bezala, gaur, elizkizuna eginen da San Nikolas parrokian, eta abertzaletasun konstituzionalaren babesean desfilean aterako dira guardia zibilak, Galizia etorbidetik. Eta izango da, segur aski, zigorgabetasunaren babesean debekaturik dagoen ikurren bat aireratuko duenik ere. Demokraziaren izenean.
Faxismoaren gorazarrearen eguna da. Gaur ahaztu egiten zaigu milaka eta milaka gorpu non dauden ere ez dakigula, milaka tortura kasu argitu gabe daudela. Finean, estatua buru duen espainiar abertzaletasunarekin bat egiten ez duen ororen kontrako sistema errepresibo oso bat dagoela dominen azpian.
Gaurkoa jai egun arrotza dela esateko arrazoiak, beraz, sobera ditugu. Baina, iritsi da eguna. Non nago ni? Eta non zaude zu? Lanean?