Edurne Elizondo
Jesus Garcia Leoz konpositorearen lana sehaska kanta baten bidez ezagutu zuen Laura Zelaiak (Cabanillas, 1975). Tesia musikariaren inguruan egin zuen, 2015ean. Orain, lan hori abiapuntutzat hartuta, Garcia Leozen biografia osatu du, Jesús García Leoz, un legado interrumpido (1904-1953) izenburupean.
Nola piztu zen Jesus Garcia Leozen lanarekiko zure interesa?
Abiapuntua izan zen unibertsitateko irakasle batek helarazi zidan sehaska kanta bat. Jesus Garcia Leozek idatzitako abestia zen, pianoarekin kantatzeko. Hitzak Rafael Albertirenak ziren. Garcia Leoz eta Alberti lagunak ziren, eta, antza, Albertik Argentinatik bidali zion testua konpositoreari, kanta egin zezan.
Zerk erakarri zintuen?
Niri abestia zoragarria iruditu zitzaidan. Partitura galduta zegoen, baina 1996an, familiak musikariaren agiri funtsa gobernuaren esku utzi zuenean, agertu egin zen. Kanta horrekin ezagutu nuen Garcia Leozen lana, eta erabaki nuen irakasleak nire esku jarri zuen hari horri tira egitea.
Konpositorearen funtsa izan da zure ikerketa lanaren oinarri?
Bai. Funtsa Nafarroako Artxibo Nagusian egoteak anitz erraztu du nire lana. Zailena, niretzat, ikerketa, familia eta lana uztartzea izan da. 2001. urte inguruan hasi nintzen Garcia Leozen munduan murgiltzen, baina 2015era arte ez nuen tesia irakurri, tarte horretan denbora batez bazter utzi behar izan nuelako ikerketa lana, oposizioak prestatzeko.
Sehaska kanta hori ezagutu zenuenetik, izan duzu aukera Garcia Leozen ibilbidean sakontzeko. Zer deskubritu duzu?
Deskubritu dut, batez ere, hagitz ezezaguna dela Garcia Leoz, bai eta melomanoen artean ere. Lan handia egin zuen, halere, batez ere zinemarako musikaren esparruan. Musika banda anitz egin zituen, tartean Bienvenido Mr. Marshall filmarena. Hala eta guztiz ere, kontua da Nafarroan ere, neurri handi batean, ezezaguna dela.
Ezkerreko sektoreekin lotutako gizona izan zen, ezta?
Hala izan zen, bai. Intelektual Antifaxisten Aliantzarekin harreman estua izan zuen, 1936ko gerra piztu aurretik. Gerrak eztanda egin eta gero, hala ere, ez zuen Espainiatik ihes egin, bertze anitzek egin zuten bezala. Bada hipotesi bat, eta, horren arabera, Joaquin Turinaren laguntza jaso izanen zuen; maisu eta lagun izan zuen Turina, Madrilen.
Horren inguruko informaziorik bada artxiboko agirien artean?
Ikerketa lanean murgildu nintzenean, gerra piztu eta geroko prozesuari buruzko agiriak aurkitu nituen haren funtsean. Hor agertzen da Garcia Leozek eskuz idatzitako gutun bat, eta jasotzen da, halaber, Turinak eta bertze hainbatek haren alde deklaratu zutela. Preso hartu zuten Garcia Leoz. Duela urtebete, hain zuzen ere, konpositoreak idatzitako gutun bat agertu zen. Espetxetik idatzitako testu bat zen. Turinari idatzi zion eskatzeko bere alde egin zezan Otaño aitaren aurrean. Gerra ondoko testuinguruan, figura politiko nagusietako bat izan zen musikaren esparruan.
Gazte hil zen Garcia Leoz. Zein da, zure ustez, haren ibilbideko ezaugarri nagusia?
Nik haren izaera intelektuala nabarmenduko nuke. Gazte garaian Argentinara joan zen, piano ikasketak han amaitzera. Ordurako hasia zuen harremana gero haren emazte bilakatu zen emakumearekin. Nik uste dut harengandik urrundu izanak markatu egin zuela, eta uste dut horrek izan zuela eragina gerra ondoko prozesuetan izan zuen jarreran. Isilik gelditzea erabaki zuen berak. Ez zuen alde egin, bertze bide horren alde egin zuelako. Isiltzea erabaki zuelako. Eta nik uste dut erabaki hori hartu zuela bazekielako familiarengandik urrun egotea zer zen. Gerra garaian ere, haren semerik zaharrena Erriberrira etorri zen; ez ziren elkarrekin gelditu, beraz. Horrek ere eragin zion. Bazekien erbestera joateak zer ekarriko zion, nire ustez, eta horregatik egin zuen egin zuena. Bere ideiei uko egin zien, ihes egin behar ez izateko.
Lanean jarraitu zuen?
Bai. Talentu handiko gizona zen, eta, horri esker, zinemarako egindako lanei esker, egin zuen aurrera. Bere bizitzako azken urteetan, adibidez, urtean hamabi musika banda idazten zituen. Bazuen ospea esparru horretan, bazen norbait. Manuel Parada eta Juan Quinterorekin batera, Garcia Leoz izan zen zinemarako musika banden konpositore nagusia.
Zergatik hautatu zuen arlo hori?
Garai hartan, zinemarako musikak ematen zuen dirua. Hiru musikariok ez zuten formakuntza berezirik izan zineman aritzeko, beren kabuz ikasi zuten. Garcia Leozek izan zuen zine mutuarekin harremana, gerra hasi baino lehen, lagundu zituelako pianoarekin hainbat film. Antzerkigintzaren esparruan ere aritu zen. Dirua lortzeko eta aurrera egiteko bide bat zen hori. Hagitz trebea zen, gainera. Azkarra eta garbia.
Zinemaz gain, jorratu zuen bertze arlorik, halere. Horietan ere nabarmendu zen?
Ikerketa sehaska kantarekin hasi nuen. Ah ots eta pianorako haren kanten zerrenda osatu nuen, lehendabizi; antzerkigintzarako egindako lanak ere jorratu ditut, bai eta haren ganbera musika, eta pianorako eta orkestrarako egindako lanak ere. Lan handia egin zuen.
Eta, hala ere, ezezaguna dela erran duzu. Zergatik?
Errepublika garaiko belaunaldiko konpositorea izan zen, eta haien inguruko isiltasuna izan da nagusi, orain arte. Azken urteotan hasi dira belaunaldi horri buruzko ikerketa lanak egiten. Gerrak, finean, etena ekarri zuen artearen esparruan.
Lagundu nahi duzu Garcia Leoz ahanzturatik ateratzen?
Hori nahiko nuke. Lan hau egitea opari bat izan da, eta nahiko nuke jendeak ezagutzea Garcia Leoz. Errespetu handia diot. Gobernuaren babesa du liburuak, eta pozgarria da. Erakunde publikoek ere bazuten zor bat harekin.