Saioa Alkaiza
Jostailu sexualak erabiltzera bultzatuko dituzte 6 urteko haurrak. Denak transak izanen dira, haiek nahi ala ez. Pornoa ikusiko dute geletako telebistan. Sexuaz baino ez dira ariko, ikasgai guztietan. Orgiak izanen dira eskolan.
Halako zerbait imajinatzen dute eskuindarrek. Muturrera eramanda, bai, baina maila horretakoak izan dira haurrak parekidetasunean, hezkidetzan eta errespetuan hezi nahi dituen Skolae programaren kontrako kritikak. Arriskutsua omen da.
Sexu doktrinamendua egiten du, sexu-genero sistema ezbaian jarriko duten haurrak hezi nahi ditu, eta ez du familien borondatea errespetatzen. “Inposizioa” aitatu du UPNk —Euskararekin bezalaxe—, eta “berdintasuna bai, baina errespetuz” egin behar dela defendatu. PPNren iritziz, “Nafarroako familien askatasuna” da urratzen ari dena.
Skolae programa martxan zegoen jada, baina zeresana sortu du, noiz eta orain, hauteskundeak gertu diren honetan. Trikimailu politikoak trikimailu, eta jakinda darabilten argudio zerrenda hutsaren hurrena dela —sexu hezkuntza ez dela eskolen ardura, baizik eta familiena, eta balioak ematea ez dela zentroen zeregina, besteak beste— zaila egiten zait sinestea pertsona heldu bat irits daitekeenik pentsatzera sexu hezkuntza inork horrela emanen lukeenik, halako arduragabekeriaz, ikaszentroen eta agintean dauden alderdien oniritziz gainera. Zaila egiten zait ulertzea inork pentsa lezakeenik posible dela inori egokia iruditzea adina, hizkuntza eta mezua kontuan hartu gabe edozein hezkuntza plan diseinatzea eta eskoletan sartzea, izan sexualitatearen eta generoaren inguruko lanketa, izan Pirinioetako faunaren inguruko ataza. Funtsean, ezin dut sinetsi haiek ere beren argudioak sinesten dituztenik.
Halakoetan, eskoletan egunez egun gertatzen dena ikustea genuke onena. Aurrekoan, X-ek kontatu zidan ikastetxera beti leporaino estaltzen duten kamisetekin joaten dela klase ematera, 10 urteko gelara —10 urte, bai— bi mutil bere titiei buruz solasean harrapatu zituelako, eta horrez geroztik urduri jartzen dela. Beste lagun batek, Y-k, ez du inoiz kiroletarako galtzarik eramaten, bestela klase guztia zakila markatzen ote zaion begira-begira dagoelako. Z, pelikula bat jartzen duenean, beti klasearen atzeko partera joaten da, berokiak hartu eta estalita, 6. mailako mutilek masturbatzeko ohitura hartu dutelako, gelan. O-renean, egunean zakila zenbat aldiz astintzen duen kontatu du 11 urte baino ez dituen Ak, ikaskide mutilen barre artean, neskak isilik geratzen diren bitartean. Hala gaude.
Gauza gogorra entzun beharko du eskuinak, agian: haurrak masturbatzen dira, haurrek sexuaz hitz egiten dute, haurrek sexualitatea dute eta bizitzen dute, haurrek genero estereotipoak irentsi eta birproduzitzen dituzte heteropatriarkatuaren zimenduak berreraikiz, haurrek uste dute mutilentzako eta neskentzako gauzak daudela, haurrek PornTube irekiko dute momenturen batean.
Eta gauzak horrela, arriskutsua eta arduragabekeria hutsa den bakarra da sexu heziketaren kontra jotzea; eta ez, sekula, lantzea.