Iruñeko hiltegia lekuz aldatzeak ika-mika piztu du Noain, Beriain eta Getzeko (Galar) bizilagunen artean. Orkoiengo errepidean, Iruñeko mugen barruan dago egun enpresa hori, eta urteak daramatza egoitza nagusia lekuz aldatzeko asmoarekin. Asmo hori begi onez ikusi zuen bere garaian Iruñeko Udalak, eta martxan jarri zuen prozedura. Hasiera batean, hiltegia Iruñetik ateratzeko epea 2014ko abenduaren 31n ezarri zuten. Iazko urrian, ordea, 2016ko abenduaren 31ra arte luzatu zuten epe hori. Ordurako beste leku batean beharko du enpresak, bere jarduerarekin jarraitu nahi badu.
Beste leku hori Getzeko herrigunetik eta Beriain zein Noaingo udalerrietatik gertu dago, eta horrek sortu du inguruko bizilagunen haserrea. Galarko Udalak Getzeko Meseta industrialdean —19.000 metro koadroko eremuan— instalazioak eraikitzen hasteko baimena eman zion hiltegia kudeatzen duen Protectora de Carnes SLU enpresari, joan den ekainaren 2an. Prozeduran izandako balizko hutsegiteen inguruko kritikak zirela-eta, bere burua defendatu zuen udalak: legea goitik behera bete izana defendatu zuen, eta AESA Espainiako Aire Segurtasun Agentziaren zein Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritzaren baimenak zituela argudiatu zuen.
Bizilagunak, ordea, kexu dira, hiltegia haien etxeetatik gertuegi eraikiko delako. Getzeko lehenengo etxeetatik 400 metro ingurura egongo dira instalazioak, Beriaindik 900 metrora, eta Noaindik 1.000 metrora baino gutxiagora. Hiltegiak eragingo duen kutsadurak kezkatzen ditu. Batetik, hondakinek hegazti sarraskijaleak, karraskariak eta intsektuak erakarriko dituztela uste dute. Bestetik, jarduerarako beharrezkoa den uraren kutsadura aurreikusten dute. Gainera, fabrikak airean eragin dezakeen kutsaduraz eta, bereziki, usainaz kexu dira.
Hori guztia dela eta, hiltegiko proiektuaren aurkako plataforma osatu dute kaltetuak izango diren herritarrek. Plataforma horretako bozeramaileetako bat da Rafa Ruda. Hasieratik argi utzi nahi du bere taldearen aurkakotasunaren oinarria: “Hiltegiaren kokapenaren kontra baino ez gaude. Gure plataforma ez dago hiltegiaren industriaren kontra, ez eta ganaduzaleen kontra ere. Oraingo egitasmoak duen kokapenaren kontra gaude”. Dioenez, frankismo garaian bazen halako industrien kokapena arautzen zuen legedirik; horren arabera, populazio eremuetatik gutxienez bi kilometroko distantziara kokatu behar ziren hiltegien instalazioak. Gaur egun, ordea, ez dago halakorik. Hortaz, “mota horretako industriak herrietatik hain gertu eraikitzeak herritarrentzako ezinegona” dakarrela uste du plataformako kideak.
Ez da hor bukatzen herritarren beldurra. Gaur egun, Iruñeko hiltegiak Arabako erraustegi batera bidaltzen ditu haragi hondakinak, bertan erre daitezen. Baina hori alda daitekeela uste dute herritarrek: Europako Batasuna arautegi aldaketa bat aztertzen ari da, hondakinak sortzen diren leku berean erre daitezen. Horrek, hiltegiarekin batera, erraustegi baten eraikuntza ekarriko luke, eta, ondorioz, baita “pertsonen osasunean kaltea” ere, Rudak dioenez. Badute zalantzarako arrazoi bat, gainera: batetik, instalazio berrietara egungo produkzioaren %20 baino ez eramatea aurreikusten du proiektuak, Rudak dioenez. Baina, bestetik, egitasmo berriak langile gehiago eta ordutegi zabalagoa izango du. Eta kontraesana ikusten du Rudak bi gauzen artean: “Ekoizpenaren %20 baino ez badu jasoko baina, aldi berean, ordu gehiagoz eta langile gehiagorekin arituko bada, zertan ibiliko dira?”.
Oraingoz, herritarren susmo hori ukatu dute agintariek, ziurtatuz erraustegirik ez dela eginen. Baina ahoz baino gehiago “idatziz eta prentsaurreko batean” nahi du baieztapena Rudak.
Erabakiaren zain
Oraingoz, proiektuaren aurkako mobilizazioak abiatu ditu hiltegiaren aurkako plataformak. Uztailaren 4an, elkarretaratzea egin zuten Nafarroako Jauregiaren aurrean, eta, joan den astean, egitasmoaren aurkako 4.000 sinadura inguru aurkeztu zituzten Nafarroako Gobernuaren Tokiko Administrazio departamentuan. Herritarren babesaz gain, Beriaingo eta Noaingo udalen eta Getzeko kontzejuaren laguntza ere jaso dute, baina aurka dute Galarko Udala. Abuztuaren 25ean, gainera, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu ziren. Bileratik “oso gustura” atera zen Ruda, “interes handia” erakutsi zuelako Aznarezek.
Orain, Nafarroako Gobernuak proiektuari buruz hartuko duen erabakiaren zain daude herritarrak. Rudak dioenez, gobernu berriak erabakia irail erdialderako hartzeko konpromisoa erakutsi zien. Laster jakingo dute, beraz, zein den gobernuaren jarrera. Eta horren arabera erabakiko dute mobilizazioei eutsi edo, “arazoa betiko bukatzen bada, plataforma desegitea”.