Edurne Elizondo
Iraganera itzuli da Mauricio Anton. Hori du bere lana, artista paleontologikoa baita. Hezurretatik abiatuta, aspaldiko animaliak eta haien habitata irudi bilakatzen ditu. Venezuelan hazi, eta Madrilen bizi da ilustratzaile bizkaitarra (Bilbo, 1961). Oraingoan, Nafarroari egin dio so, eta, Bardeako Informazio Zentroarekin eta Xabier Murelaga EHUko paleontologoarekin elkarlanean, duela 15-20 milioi urteko Bardeako paisaia eta fauna irudikatu ditu, zentroak argitaratutako gida geologikoa ilustratzeko.
“Duela 15-20 milioi urteko Bardeak egungo hezegune baten antza zuen; ura mendietatik ailegatzen zen, eta handik ateratzeko aukerarik gabe, laku handiak sortzen ziren; paisaia laua zen, eta klima tropikala”, azaldu du Antonek.
Paisaia horretan bizi ziren animaliak irudikatu ditu artista paleontologikoak gidarako egindako marrazkietan, Murelagak bere esku jarritako informazioa abiapuntu hartuta. “Bardeako aztarnategian aurkitutako fosilekin egin dut lan, orduko animaliak marraztu ahal izateko”.
Duela hogei milioi urteko Bardean, hain zuzen ere, tamaina askotako animalien fosilak aurkitu dituzte. “Badira muxarrak, kastoreak, errinozeroak, bai eta artiodaktiloak ere. Azken horiek jada existitzen ez den antrakoteridoen familiakoak ziren, eta, modu erraz batean azaltzeko, itxuraz egungo basurde baten eta hipopotamo baten arteko nahasketaren emaitza lirateke”, erran du Antonek. “Dortokak eta krokodiloak ere baziren, eta horrek baieztatzen du Bardeako orduko klima tropikala zela”, erantsi du ilustratzaileak.
Higaduraren fasea
Bardeako paisaia duela hamar milioi urte hasi zen aldatzen. “Ordura arte aterabiderik ez zuen urak aurkitu zuen, azkenean, itsasorako bidea, ekialdetik, egungo Kataluniako kostaldetik alegia”. Urak bere bidea egiteko aukerak ekarri zuen fase berri bat hastea: higadurarena. “Berez, fase hori indarrean da, oraindik ere”, erran du artista paleontologikoak. Higadura horren ondorioz sortu dira Bardeako paisaiak egun dituen formak, hain zuzen ere.
Bardeako egungo paisaia hainbat prozesu geologikoren emaitza da. Baina ez bakarrik. “Azken bost milurtekoetan gizakiaren eragina nabarmena izan da Bardeako paisaian. Basoak soildu dira, eta artzaintzaren presioa hagitz handia izan da; elementu horiek indartu egin dute higaduraren eragina”, azaldu du Mauricio Antonek.
Bardeako natur parkeko informazio zentroak argitaratu du artista paleontologikoak egindako ilustrazioak jaso dituen gida geologikoa. Hango paisaia ezagutzea merezi duela argi du Antonek. Egungoa aurrean izanen dute bisitariek; iraganekoa, berriz, marrazkitan.
Irudia: Mauricio Anton / Bardeako Informazio Zentroa