Ane Eslava
Haien espazio bakarra etxea zen, eta haien eginbeharra, seme-alabak izatea; hori da frankismoak emakumeei helarazi nahi izan zien ideia nagusia. Baina zer tresna erabili zituen diskurtso hori zabaltzeko? Galdera horri erantzuten saiatu da Gemma Pierola historialaria (Barañain, 1974), Mujer e ideología en la dictadura franquista. Navarra 1939-1960 liburuan (Emakumea eta ideologia diktadura frankistan. Nafarroa 1939-1960). Ondorioztatu du Nafarroan espero zuten baino arrakasta txikiagoa izan zutela diskurtsoa zabaltzerakoan.
Zergatik ikertu duzu frankismoko emakumeen diskurtsoa?
Jakin nahi nuen nondik zetozen frankismoko emakumeen eguneroko jarrerak. Horretarako, aztertu nuen zer erakundek mobilizatzen zituzten emakumeak, eta ikusi nuen hauek zirela: [Espainiako Falangearen] Emakumeen Saila, Ekintza Katolikoko zentroak eta, Nafarroan, Margaritak, emakume karlistak. Aztertu nuen zer diskurtso zuen estatuak erakunde horien ahotan, eta zer tresnaren bitartez helarazi zizkieten ideia horiek emakume guztiei.
Artxiboetara eta prentsara jo duzu. Zailtasunik izan duzu?
Bai, oso zaila izan da erakunde horien inguruko dokumentazioa aurkitzea, batez ere Emakumeen Sailarena. Nafarroan, ez dago ezer, ezta Madrilen ere, eta han Espainiako probintzia guztietako dokumentazioa dago. Horrek arreta ematen du; izan ere, Nafarroan ez zen fronterik egon, errepresioa ikaragarria izan zen, Emakumeen Sailak ez zuen toki handirik izan… Eta, hala ere, ez dago dokumentaziorik. Ez du inolako zentzurik.
Elkarrizketak egin dituzu. Norekin hitz egin duzu?
Hiru emakume talde elkarrizketatu nituen, adinaren arabera, ikuspegi zabala izateko: altxamenduaren garaian 8-10 urte zituztenak, gerraostean jaiotakoak, eta 1960-1970eko urteetan protagonista izandakoak. Ez nituen elkarrizketatu nahi kargu garrantzitsuak zituzten emakumeak; ikusi nahi nuen nola barneratu zuen diskurtsoa emakumeen gehiengoak.
Zein diskurtso zabaltzen zuten aipatu dituzun erakundeek?
Erregimenak emakumeei helarazten zien diskurtsoa ez zen berria, baina errepublika garaian eten txiki bat izan zuen. Frankismoak, jada hor zegoena aprobetxatuz, funtzio sozial eta politiko bat ezarri zion emakumeari: espiritu nazionalean heziko ziren haurren produktorea izatea. Bada, ideia hori txertatzea zen Emakumeen Sailaren zeregin nagusia, errepublikan perbertitu ziren emakumeak berriz hezteko. Ekintza Katolikoak bat egiten zuen diskurtso horren zati batekin, baina kristautasunaren balioekin berriz hezi nahi zituen emakumeak. Margaritek ere diskurtsoarekin bat egiten zuten, baina karlismoaren ideia politikoak erantsi zizkioten.
Talde horiek nola helarazi zieten diskurtsoa beste emakumeei?
Emakumeen Sailean, mota guztietako jarduerak egiten zituzten emakumeentzat: landa eremuari lotutakoak, heziketa intelektualekoak, kulturalak… Horietan guztietan zabaltzen zuten diskurtsoa. Gainera, emakume guztiek gizarte zerbitzua egin behar zuten, eta, han, espiritu nazionalaren formakuntza ikastaro bat jasotzen zuten, baita emazte eta ama ona izatekoa ere. Han zeudenean, emakumeek hori guztia entzun behar zuten.
Erlijioak garrantzia izan zuen?
Bai, morala eta erlijioa erabili zituzten diskurtsoa sendotzeko. Eta, herritarren bizitza kontrolatzeko orduan, Eliza ezinbestekoa izan zen estatuarentzat.
Zer garrantzi izan zuen publizitateak diskurtsoa zabaltzeko?
Publizitateak izugarrizko garrantzia du populazioa kontrolatzeko orduan. Garai hartako aldizkarietan antzeko irudiak agertzen dira behin eta berriz: emakumea etxeko lanak egiten. Produktua oso hizki txikian iragartzen da, helburu nagusia beste bat baita. Adibide asko daude; kasurako, garbigailuen iragarki batek honakoa dio: “Ez du jai hartzen igandean, eta ez da mutil lagunarekin ateratzen ostegunean. Zure zerbitzari perfektua izango da”. Emakumea objektu bat baino ez da, eta halako asko daude. Horrenbeste denbora izan zutenez publizitate mota hori zabaltzeko, gizartea pixkanaka diskurtsoa barneratuz joan zen. Izan ere, halako diskurtsoek arrakasta izaten dute urte luzez irauten dutenean.
Hezkuntza ere erabili zuten.
Bai, hezkuntza kontrolatzea ezinbestekoa da edozein botererentzat: arma bat da. Frankismoak egin zituen lehenbiziko gauzetako bat izan zen irakasleria garbitzea. Nafarroan, mende hasieran, mugimendu handia zegoen: Iruñeko maistren eskolan borborka zeuden ideia berriak. Baina diktadurak hori guztia desagerrarazi zuen, herritarrak kontrolatzeko.
Sexualitatearen kontrola baliatu zuten emakumeak kontrolatzeko?
Espainia berrian, emakumearen espazio bakarra arlo pribatua zen; haren eginbeharra zen haurrak izatea, eta hor, sexu gozamenak ez zuen tokirik. Elizarentzat bekatuzkoa zen, eta estatua ez zen zuzenean horretara sartzen diskurtsoarekin, baina bai araudiarekin. Hala ere, emakumeek bideak aurkitzen zituzten beren ugalketa kontrolatzeko. Adibidez, ezkutuan bazen ere, antisorgailuak erabiltzen zituzten. Eta askok abortatu zuten: Iruñean, harrigarria da zenbat aborturen berri heltzen zen epaitegietara.
Prostituzioaren gaia ere jorratu duzu. Zer aurkitu duzu?
Iruñean prostituzio asko zegoen, eta, emakume batzuentzat, bizirik irauteko modu bat izan zen. Ez dakit zenbat izan ziren, ez baitute hitz egin nahi gai horri buruz. Baina batzuek iradokitzen dute errepresaliatuen edo eraildakoen emazteak zirela, eta, ezer ez zutenez, prostituziora jotzen zutela.
Emakumeek frankismoaren diskurtsoa barneratu zuten?
Askok bai, barneratu zuten etxean egon behar zutela, haurrak zaintzen, senarra lanetik heltzen zenerako etxea zaintzen…Baina, aldi berean, beren desirak eta kezkak zituzten: aisialdia izan nahi zuten, dantzatu… Eta, eguneroko bizitza debekuz beteta zegoen arren, jakin izan zuten horiei buelta ematen; denek esaten dute hori. Adibidez, modu jakin batean dantzatu behar zen, baina, bat-batean, dantza areto pribatu asko sortu zituzten. Edo mendi taldeen txangoak: ibilaldiak baino askoz gehiago ziren. Eta moda kristauari aurre egiteko tranpak zituzten…
Esango zenuke aztertu dituzun erakundeek beren helburua lortu zutela Nafarroan?
Estatuak eta Elizak emakumeei transmititu zieten diskurtsoa hemen berdina izan zen; beraz, horretan Nafarroa ez zen salbuespena izan. Baina, esan diguten arren Falangeak toki handia izan zuela Nafarroan, nik frogatu dut ezetz. Beraz, Emakumeen Sailak hemen ez zuen lortu espero zuen emaitza. Hemen zerbaitek pisua izan bazuen, karlismoak izan zuen.